astekaria 2016/01/22
arrowItzuli

kirola

Biribildu eta biribildu

Aitor Manterola

Biribildu eta biribildu

Hotz egiten du Hondarribian (Gipuzkoa). Larunbata esnatu denetik ordu gutxi batzuk baino ez dira igaro. Borrokan dabiltza eguzkia eta lainoak, zeinek branka lehendabizi sartuko zeruan. Arraun elkartean, mugimendua handia da. Haur, gazte eta heldu, emakumezko eta gizonezko, entrenamendurako prestatzen dabiltza. Goiz ibiltzen dira arraunlariak. 09:30 ere ez dira oraindik.

Uretaratzen lehendabizikoa emakumezkoen trainerua izan da. Uretan izango da berriz ere Hondarribia aurten, urte askoren buruan. Ondoren murgildu dituzte aulki mugikorreko ontziak harrobiko arraunlariek: bikoak, laukoak... Arraunez gainezka dago pantalanaren alderdi bat.

Bien bitartean, hasi dira klubera azaltzen senior gizonezkoak. Mikel Orbañanos entrenatzailea ere bistaratu da. 09:30erako daukate jarria hitzordua arraunlariek. Minutu batzuk geroago lanerako prest azaldu dira denak. Neguko arropa daramate soinean. Badira bi hilabete entrenatzen hasi zirenetik, eta hauxe dute aurreneko eguna hotzarekin. Harizko txapelak, euritakoak, lepoko bereziak eta arropa beroa dute soinean denek.

Orbañanosek traineruak-eta gorde ohi dituzten biltegiaren kanpoaldean elkartu ditu arraunlariak. «Gaurko lana izango da... eta hiru traineruetan zein joango zareten esango dut». Bota ditu izenak banaka. Hiru ontzi bete. Badu non aukeratua entrenatzaileak. Traineru nagusia San Miguel ligan ariko da aurten ere —azken bi urteetako garailea da—, eta B trainerua KAE 1 ligan, iaz KAE 2 ligan nagusitu ostean. Entrenatzaileak nahasian jarri ditu arraunlariak, eta hirugarren ontzian hasi berriak elkartu ditu gehienean. Bi traineru berde eta zuri bat uretan dira, lanerako gertu.

Arraun Elkartetik kanpora jo dute bi berdeek, eta zuria geratu da atzerago, hura izan delako azkena ureratzen. Orbañanosen ontzi motordun txikia atzetik dauka, entrenatzailea bera gidari duela. Kazetariak eta argazkilariak osatzen dute eskifaia.

Handik hamar bat minutura elkartu dira hiru traineruak Hendaia (Lapurdi) aldera ematen duen lekuan. 25 minutuko lehen saioa egin behar dute, erritmo ez oso bizian: 26 pala kolpe minutuko, gehienez. Denbora tarte horretan ere erritmo aldaketak landuko dituzte, bi eta hiru minutuko aldietan, baina betiere gehienezko pala kolpea gainditu gabe.

«Gogoratu hiru gauzak, mutilak!», oihukatu die, gozo eta leun, Orbañanosek: «Biribildu arraunkera, palari begiratu eta ontzia nibelean eraman, balantzarik eragin gabe». Ondo ikasita daude arraunlariak. Urteak daramatzatenek ikasita izateak ez du atentzioa ematen, baina bai hasi berriak ere besteak bezala arraun egiten ikusteak. Hiru orkestra ematen dute, zuzendariaren agindupean, denak berdin-berdin arraunean. Hemen dago Hondarribiaren bereizgarri nagusiaren muina: arraunkera dotore eta luzea, batere behartu gabea, arraunean hasi eta unean bertatik barneratzen zaiena arraunlariei.

Itsasoari, desafioa

Hasi dira berotzen arraunlariak. Beroketa egin eta aurreneko 25 minutuko saioa hasi bitarteko geldialdian, azkar kendu dituzte euritakoak, burukoak eta antzekoak. Badoaz hiru traineruak, eta batetik bestera dabil Orbañanosen ontzia, hirurak lanean nola ari diren ikusteko. Begia zorrotz beti. Eta zuzendu beharrekoa gozotasunez esanez arraunlariei. «Biribil du, ekipo! Ondo zoazte, dotore, ondo!».

Eguzkiak irabazi dio lainoari bien arteko estropada, eta urdindu egin da zerua. Baina itsasoa haserre dago. Hala ere, traineruak itsasoari desafio egitera doaz. Neurtua izango da. «Ez gara itsasora aterako, oso txarra dago, baina baga garbia sartzen da badian, eta baliatu egingo dugu lanerako». Arrazoi du entrenatzaileak, baga ederrak bidaltzen ari da itsasoa, traineruen lanarekin bat egin nahi izango balu bezala. Brankaz doaz hiru traineruak. Hasi dira gora eta behera. «Biribildu orain inoiz baino gehiago, ekipo!», Orbañanosek agindua. Dotore doaz arraunean arraunlariak, gozo eta leun. Itsaso zakarra gero eta gertuago daukate. Ezin da aurrerago joan. Buelta eman diete ontziei hiru patroiek.

Beste lan batean murgilduta doaz orain traineruak: poparean arraun egiteko baga egokiak dira. Ioseba Amunarriz patroi duen ontzia bikain doa olatuen gainean. Orbañanos pozik da ikusten ari denarekin. Gozamen hutsa izaten ari da Ama Guadalupekoa baga gainean nola doan bertatik bertara ikustea. «Segida eman, segida eman», laguntzen diete arraunlariei entrenatzaileak eta patroiak. «Ez dadila geratu trainerua». Ez da geratu ez. «Hor olatu ederra, aprobetxatu!» agindua Orbañanosek. Esan eta egin Amunarrizek eta arraunlariek. «Ikusi zertan ari zareten huts egiten, eta zuzendu!», segituan beste agindua entrenatzaileak. Perfekzioak ez dauka mugarik. Biribila izaten ari dena biribildu nahia.

Ur lasaietan elkartu dira berriz ere hiru traineruak, eta arraunean jarraitu beharrean dira arraunlariak. Ez dute oraindik osatu 25 minutuko lana. Gutxi falta zaie. Azkeneko arraun kolpeak baino ez. Lehen zatia bukatu, eta amaitutzat eman dute lanaren erdia. Arraun Elkarteko pantalanera doaz orain. «Bihar, zortziko distantzia luzeko Euskadiko Txapelketa daukagu Bilbon, eta zortzi arraunlariek ontzi mugikorra hartuko dute, biharko saioa egiteko», azaldu du Orbañanosek. Besteen artean bete dituzte bi traineru, eta 25 minutuko bigarren zatiari ekin diote. Aurrekoaren erritmo eta molde berean egin beharreko lana.

Konturatzerako, traineruetan dira berriz ere denak —batzuk atera ere ez dira egin—, lanerako pronto. Orbañanosek ontzi mugikorraren atzetik jarri du bere motordun ontzia. 30 bat minutuko lana egin du zortzikotearekin eta Iker de la Linde patroiarekin. Bi traineruak, berriz, Aner Etxarten aginduetara ibili dira entrenamenduaren bigarren erdia osatzen.

Bigarren zati hori bukatuta egin dute bat arraunlariek pantalanean. «Egin diagu hau ere», bota dute arraunlariek. «Bihar gehiago», entzun da atzetik.

Hutsik geratu da pantalana konturatzerako. Bihar joango zaizkio berriz ere arraunlariak, arraunak eta traineruak. Bihar eta hurrengo beste bihar guztietan. Uda urrun dago oraindik, baina gero eta gertuago. Biribildu eta biribildu, leun, gozo eta batere behartu gabe, egunetik egunera helduko da Hondarribia arraun munduko sasoi garrantzitsuenera. Gaurkoa ere biribila izan da.

BERRIAn argitaratua (2016/01/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA