gizartea
Kale gorria saihesteko bide iluna
Arantxa Iraola
Horren atzeko motiboetako bat alokairuen igoera da. Unanua: «Errentak gora ari dira; ikusi izan dugu jendea iritsi izan dela 250 euro eskatzera partekatutako gela batengatik». Alokairu bat hitzartu ahal izateko baldintzak ere eragozpen dira, gero eta zorrotzagoak baitira: «Gelak alokatzeko ere nomina bat eskatzen da zenbait kasutan». Kanpo uzten ditu horrek baliabide urriekin dabiltzanak. «Ikusten dugu badela jendea, diru sarrera batzuk izan arren, ezin duena egin etxebizitza batera iristeko urratsa», berretsi du Unanuak. Alde horretatik, alokairuen igoeraz gain, beste arazo bat ere ikusi dute, gainera, azkenaldian: «Pentsioen itxiera». Diru sarrera apaldun jende askorentzat abaro izan dira urte askotan, baina desagertzen ari dira. Bizkaian etxegabeen eskubideen alde ari den Beste Bi plataformako kidea da Joseba Gaya, haien inguruetan ere arazo hori bera dutela adierazi du: Bilbon ere pentsiorik gabe geratzen ari dira, eta aukerak urritzen ditu horrek. «Turismoaren ufada agerikoa izan da; pentsio asko zeuden lehen, eta horiek era ematen zieten hainbat pertsonari duin bizitzeko. Baina orain pentsio gutxi geratzen dira, alokairuan hartzeko etxeak urritzen ari dira, eta daudenak garestiak dira». Diru iturri apalak dituzten pertsona askok ezin dute, ondorioz, hautu duin batera urratsik egin. «Pertsonetan zentratutako politika» egokiagoak gauzatu ezean, arazoak gurpil zoro horretan biraka jarraituko duela esan du Gayak.
Ugaritu egin dira azkenaldian migratzaileak: Europarako bidean Euskal Herrian pausatu dira asko, hein handi batean Frantziak mugan jarri dituen arazoek bidea motelduta. Eragileen aburuz, ordea, horiek ez dituzte etxegabeei buruzko datuak ugaritu. Ugaritzen ari dira bestela ere. Ezin uka, migratzaileak dira horietako asko. «Ugaritu egin dira atzerritik etorritako pertsona gazteak; gizon gazteak dira gehienak, 18-20 urtekoak», esan du Martinezek. Paperik ez dute gehienek, eta gurpil zoro batean sartzen ditu horrek ere, egoera irregularrak zailago egiten baitu bazterreko egoera uzten laguntzeko baliabideak eskuratzea. Zerbitzuak horien beharretara ere moldatu behar direla uste du: «Tradizionalki, kalean zegoen pertsonen soslaia zen egoera traumatiko batzuen ondorioz kalean geratu zirenena: hori zen erreferentzia. Orain, sarri soslai horretatik bestelakoak dira... Irregular izateak ekartzen dizkie maiz arazoak».
Zerbitzu gehiago behar dira
Usu nahi eta ezinean ari direla diote arloan ari direnek. Iruñean aurten, esaterako, egunero 52 lagun inguru artatzen ari dira. Justu antzean dabiltzala onartu du Unanuak. «Iaz negua oso makurra izan zen, eta aurten, oro har, iaz baino eskari gutxiago izaten ari gara, baina handituko balira, pentsiorik gabe-eta, estu ibiliko ginateke». Badakite, gainera, ez direla heltzen premian diren guztiengana. Hala moduzko konponbideetan dauden pertsona asko haien baliabideetatik at geratzen dira, eta kale gorrian dauden hainbatek ere nahiago izaten dute hantxe jarraitu. «Bada jendea ez duena etorri nahi guk eskaintzen ditugun zerbitzuetara; nahiago izaten dute zubipean geratu. Asteotan, esaterako, kezkatuta ibili gara haiekin: urak gainezka egitekotan ibili baitira hainbat tokitan», onartu du Unanuak: «Gure zerbitzuetan jartzen ditugun arauak eragozpen izaten dira zenbaitentzat, edo beste jendearekin harremanak eduki behar izateak ere atzeratzen ditu hainbat pertsona... Buruko gaitzen arazoa ere hor dago». Bat dator hutsune horiekin Gaya. «Dei ezazu Bilboko Udalera; esango dizute etxegabeentzako lekuak libre dituztela...». Behar guztiak ez dituzte, ordea, beteta ikusten: «Zergatik dago jendea kalean? Agian, ematen diren erantzunak ez dira hain egokiak».
Martinezek ere onartu du arazoak dituztela premiak asetzeko: «Zerbitzuak ez dira aski: argi eta garbi. Badira pertsonak gure hirian oinarrizko beharrak ere ase ezin dituztenak». Pertsona asko arazoan betikotuta ikustea, gainera, etsigarria dela dio: «Babes ekonomiko batzuk izan arren, etxebizitza izatea zail da jende askorentzat; eta gure zerbitzuetan jarraitzen dute...». Baliabideak zamatzen ditu horrek. «Larrialdietarako behar lukete gure eskaintzek, baina kosta egiten da jendea beste zerbitzu batzuetara pasatzea». Asko: «Gure baliabideetan dabiltzanak beste zerbitzu batzuetarako urratsa egitea bi urte inguru luzatzen da». Ondorioak ditu horrek pertsona horien bihotz-barruetan, eta etorkizuneko planetan: «Horrek eragina du: emozioetan, osasunean... Jende askok esaten digu: 'Zergatik jarraitzen dute hor? Ez dute atera nahi?'. Kosta egiten da adieraztea ez dagoela lotuta pertsonen borondatearekin, baizik eta beste espazio batzuetara iristeko aukerekin», azaldu du. «Frustrazio horrekin bizi gara; gizarteratze prozesuak abiatu nahi ditugu, baina zailtasunek eragotzi egiten digute».
Gero eta makurrago
Bat dator Gaya: «Inoiz ez da aski. Eta ez da zerbitzu kontua bakarrik; politikak aldatu behar dira: etxebizitza politikak aldatu behar dira». Atzerritar zein bertako, bazterrean daudenek prekaritatea uzteko era egin behar da: bizileku duin bat izatekoa, eta, batez ere, horri eusteko baliabideak eskaintzekoa. «Izan ere, hainbat pertsonak etxebizitza baterako pausoa emanda ere, arazoak izaten dituzte horri eusteko: bazterkeria zirkuitutik kanpo egoteko». Maizter izateko baldintzak gogortuta eta eta pentsio hainbat desagertuta, gainera, lehen beltza zena oraindik ere ilunago ikusten dute: «Okerren zeudenak orain okerrago daude».