politika
Zetazko oihalaz isilarazi nahia
Jon O. Urain
Gazitik gehiago zuen urtebetetzea ospatu zuen atzo Gara egunkariak, atzoko egunez duela bi hamarkada argitaratu baitzuen lehen zenbakia. Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz itxi zituzten Egin egunkaria eta Egin Irratia, 1998ko uztailean. Bost urte geroago, Garzon epaileak berak argudiatu zuen «enpresen ondorengotza ideologikoa» zegoela Egin-en eta Gara-ren artean eta, beraz, Gara-ri zegokiola Egin-en zorra pagatzea. Hamabost eguneko epea eman zion diru hori ordaintzeko, eta, harrezkero, ordainketa etenaldian dago egunkaria argitaratzen duen enpresa.
Orain, egunkaria argitaratzen duen enpresak aurreakordio bat egin du Gizarte Segurantzarekin, zor horren parte handi bat pagatzeko. Datozen bi urteetan kitatu beharko dute; hedabidearen kalkuluen arabera, hiru milioi eurotik gora.
Hedabideak «lapurretatzat» eta prentsa askatasunaren aurkako erasotzat dauka zorra bere gain hartu behar izatea. Egoeraren berri emateko, agerraldi bat egin zuten Juanpe Plaza Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkarteko (EKHE) Administrazio Kontseiluko kideak, Mertxe Aizpurua Gara-ko aurreneko zuzendariak, Iraia Oiarzabal kazetako Euskal Herria saileko arduradunak, Ruben Andres egunkaria argitaratzen duen Baigorri argitaletxeko administratzaileak eta Iñaki Soto egunkariko zuzendariak. Sotok egunkariaren izenean irakurritako adierazpenean, Gara-k esaldi bakarrean laburtu zuen egoera: «Egin-en zorra ordainaraztea erabat bidegabea da».
Bidegabea, gogorarazi baitute Gara «milaka pertsonaren ekarpenari esker lortutako kapital berriarekin» sortu zutela; funtsean, «proiektu berria» zela. Nolanahi ere, aurreakordioa egin dute Gizarte Segurantzarekin, zorrari aurre egin eta «erresistentzia aro bati amaiera emateko» asmoz. Hitzarmena «oso latza» da, ordea: datozen hilabeteetan, sei hilabetean behin, milioi erdi euro pagatu beharko dituzte; guztira, hiru bat milioi: «Gure langile guztien urtebeteko soldata baino handiagoa da». Horri erantsi diote kazetaritza «krisi iraunkorrean dagoen eta birmoldaketa gogotik saiatuta egin behar izan duen sektore bat» dela, eta uste dute «inguruko» ezein hedabidek ez lukeela «horrelako kolpe bat» jasaterik izango: «Hau lapurreta bat da». Soto «espoliazioaz» mintzatu zen, eta hitz horrek zabalkunde handia izan zuen sare sozialetan.
Itxiera baliogabea
Egin-en itxierako, 2003. urteko eta egungo egoera politikoaz ere jardun dute agerraldian. Izan ere, 2003an eman zuen Garzonek zor hori Gara-ri egozteko agindua; Auzitegi Nazionalak Euskaldunon Egunkaria itxi zuen urte berean: «Euskal prentsaren aurkako eraso bateratua izan zen». Hamabi laguni espetxe zigorrak ezarri zizkieten Egin-en aurkako auzibidean, 18/98 sumarioan; gehienek zazpi eta hamabi urte bitarteko espetxealdia bete zuten. Jabier Salutregi kazetako zuzendari ohia izan zen espetxetik irteten azkena, 2015. urtean. Aitzitik, Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetzat jo zuen Egin-en itxiera, 2009an. Ebazpen horrek ez du galarazi haren zorra Gara-ri ordainaraztea.
Hedabidearen arduradunek, ordea, uste dute egoera bestelakoa dela gaur egun: «Irmoki uste dugu 2019an Euskal Herrian soilik gutxiengo autoritario eta marjinal batek nahi duela komunikabide baten itxiera, edo zuzenean eta zeharka 200 langileri baino gehiagori lana ematen dien enpresa baten porrot behartua».
Hori gertatzea «zentzugabekeria itzela» izan litekeelakoan, babesa eskatu diete erakundeei, eta laguntza gizarteari. «Solaskidetza garai bat» hasiko dute instituzioekin, alderdiekin eta gizarte zibilarekin, eta barne gogoeta bati ekingo diote, «kolpe honi nola aurre egin hausnartzeko». Gogorarazi dute hedabidea sortu zutenetik ez dutela diru laguntzarik eskatu, eta orain «bitartekoak» jarri nahi dituzte «laguntza eraginkor bat bideratzeko eta elkartasuna egituratzeko».
Atzoko agerraldian, eskerrak eman zizkieten lagundu dieten instituzioei, herritarrei eta hartzekodunei: «Oraindik haien babesa behar dugu zoritxarreko gertakari hau ixteko». Zailtasunak zailtasun, agindu zuten Gara egiten dutenen asmoa dela «debate publikoan eragiten jarraitzea, pertsona kritikoak sortuz eta boterearen kontrola eginez».
Hedabideak aurretik ere ohartarazia zuen zorraren Damoklesen ezpata lepo gainean zuela. Iazko martxoan, Jaurlaritzako Kultur Ondarearen Zuzendaritzak Euskadiko Artxiboko Historikora eraman zituen Egin zenaren dokumentu funtsak; Hernaniko Eziago industrialdeko hamargarren zenbakiko erredakzioa zenetik (Gipuzkoa) 950 kaxa atera zituzten, baina agirien %40 baino ez dago erabilgarri, materiala urte luzez utzita egon zenez gero. Lan horiei ekin zieten egunean, Sotok administrazioari eskatu zion alor ekonomikoan ere esku har zezala: «Aurrena, egunkari bat legez kanpo itxi zuten; eta, gero, kazetaritza proiektu berri baten garapena ekonomikoki baldintzatu nahi izan zuten».