astekaria 2019/02/01
arrowItzuli

kultura

Bost bidaia Elkanoren bueltan

Ainhoa Sarasola

Bost bidaia Elkanoren bueltan

Bost euskal konpositorek itsasontzi berean bidaiatuko dute, EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Mundubira musika bidelagun proiektuaren eskutik. Munduari lehen aldiz bira eman ziotenetik 500 urte betetzen direnean, espedizio hura eta, bereziki, Juan Sebastian Elkano espedizioko protagonista nagusietako bat gogora ekarriko ditu EOSek proiektuarekin. Bidaia haren etapa bati musika jarriko dio konpositoreetako bakoitzak. Piezak banaka estreinatuko dituzte gero; lehena, aurtengo udazkenean, eta azkena,2022ko udaberrian, espedizioak iraun zuen denbora tartearen isla dena. Baina, azkenerako, Elkanoren bidaia osoa irudikatuko dute denen artean.

EOSek, «herri honetako orkestra publiko gisa», euskal sortzaileen lanak sustatzeko eta ezagutzera emateko «kultur betebeharra» duela nabarmendu du Oriol Roch EOSeko zuzendari nagusiak, proiektuaren aurkezpenean. Hala, Elkanoren bidaia konpositore bati proposatzeko moduko ideia iruditu zitzaiela azaldu du. Robert Treviño zuzendari titularrak, gainera, aspalditik zuen gogoa euskal herrialde guztietako konpositoreekin proiektu bat garatzeko. Bi asmo horiek uztartuta jaio zen proiektua. Rochek garbi utzi du konpositoreei eginikoak «betiere iradokizunak» izan direla, eta piezak askatasun osoz sor ditzaten nahi dutela. «Proiektu ausarta, ezezaguna eta zirraragarria da; hain justu, Elkanok itsasoratu aurretik zituen osagai berberak dira».

Rochen antzera mintzatu da Treviño ere. Zuzendari hasi zenetik bere zeregin nagusia euskal musikagileen obrak ezagutzera ematea izan dela, eta bide beretik jarraituko duela azaldu du. «Maite dut bizirik dauden konpositoreekin lan egitea, ezezagunaren emozio hori maite dudalako, azken emaitza zein izango den ez jakitearena. Eta Elkanok egin zuena ere antzeko zerbait izan zen; zer topatuko zuten jakin gabe sartu ziren abentura hartan. Guk ere gauza bera egiteko aukera egokia dugula uste dut: bidaia hori abiatu, zein emaitza duen ikusteko, gugan ere eragina izango baitu». Bost konpositoreek nork bere aldetik lan egitea, baina denek batera obra bat sortzea oso interesgarria dela gaineratu du.

Lan horretarako, Mikel Chamizo (Tolosa, Gipuzkoa, 1980), Mikel Urkiza (Bilbo, 1988), Joel Merah (Clichy, Frantzia, 1969), Teresa Catalan (Iruñea, 1951) eta Zuriñe F. Gerenabarrena (Gasteiz, 1965) aukeratu dituzte. Chamizo izango da lehena obra estreinatzen, eta, horregatik, lanak nahikoa aurreratuak dituela azaldu du. Espedizioaren irteera irudikatuko du berak, eta, horretarako, espedizioko kideek zer sentitu ahal izan zuten irudikatzen saiatu da, abiatu aurretik nola prestatu ziren bidaiarako. Bere pieza hiru zatitan banatuko du: lehena, erlijio erritu bat izango da; bigarrena, Sanlucar de Barramedako (Espainia) duela 500 urteko portuaren soinu paisaia; eta azkena, Atlantikoan eta bere ekaitzetan murgiltzea. EOSekin batera, Bilboko Koral Elkarteak parte hartuko du haren piezan.

Mikel Urkizak jarriko dio musika bidaiaren hurrengo zatiari, eta Hego Amerika izango du inspirazio iturri. Obra irudikatzeko fasean dago oraindik, eta, alde horretatik, berak ere abentura baten hasieran dagoen sentipena duela azaldu du. Bidaiaren ideia darabil buruan, eta trukearena. «Euskaldunentzat emigratze eta immigratze lurralde bat da. Trukea, bidaia eta aurkikuntza dira pieza idazteko buruan ditudan hitzak».

Joel Merahek osatuko du bidaiaren hurrengo etapa. Ozeano Barean eta Asian jarriko du begirada, eta ahots batek presentzia izango du piezan ziurrenik. Elkanoren sentipenetan barneratu nahi du, eta, horretarako, Joxan Artzeren poesia eta figura baliatuko dituela dauka buruan, hari ere omenaldia egin nahian. Teresa Catalanek, berriz, Afrika izango du ardatz bere piezan. «Hasieran zirrara sentitu nuen, Afrikaz ezer ez nekiela jabetu nintzelako. Baina abantaila bat dela konturatu naiz, barne bidaia horretan hutsetik hastea dakarrelako». Haren ustez, «Afrika soinu handi bat da, baina baita isiltasun handi bat ere». Sortzaile gisa horri begiratzea erronka ederra dela gaineratu du.

Eta, azkenik, Zuriñe F. Gerenabarrenak jarriko dio doinua espedizioaren itzulerari. Haren hitzetan, «itzulerarena kontzeptu oso mamitsua da berez, baduelako itzuli eta arrakasta izatearen aldea, baina nola iristen zaren ere hor dago. Kontraposizio horrek guri ere bidaia dakarkigu gogora; batzuetan bagoaz, besteetan ihes egiten dugu, itzuli egiten gara, eta jada ez gara pertsona bera».

'Tesela'-ren ispilu

EOSen 30. urteurrenaren harira, 2012an, Tesela proiektua plazaratu zutela ekarri du gogora Oriol Rochek. Orduan, Euskal Herriari begiratzeko eta hainbat obra sortzeko eskatu zieten nazioarteko hainbat konpositoreri. «Orain, horren ispilua ari gara egiten, alderantziz: euskal konpositoreei munduari begiratzeko eskatzen diegu, eta Elkanoren biraren urteurrena aitzakia nabarmena zen horretarako».

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak gogora ekarri du instituzioek iaz Mundubira 500: Elkano Fundazioa sortzea erabaki zutela Elkano bera eta espedizio hura ezagutzera emateko. Sailburuak azaldu du beste urteurrenetan aurreko belaunaldiek zer egin zuten aztertu zutela, eta pentsatu zutela gaur egungoak ere «zerbait sortzeko, zabaltzeko eta ondare bat uzteko obligazioa» duela. Hala, eskerrak eman dizkie EOSi eta haren arduradunei, «proiektu oso berezi bat» sortzeagatik. «Roch, Treviño eta geure musikagileen eskutik, sorkuntza bat bultzatuko dugu, sorkuntza horren berri emango dugu eta ondare bat utziko dugu, datozen urteetan ezagun izan dadin».

BERRIAn argitaratua (2019/01/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA