astekaria 2019/02/01
arrowItzuli

mundua

Beharraz baliatzen

Aitor Txabarri

Beharraz baliatzen

Turkiako Gobernuak kontrolpean dauzkan lurraldeetaraino eramango gaitu autobusetan» adierazi du Bedricek, Siriako Manbij hiriko herritarrak. «Gero, handik aurrera guk geure kabuz oinez edo gure garraiobideetan bidaiatu beharko dugu». Siriako gerra orain dela zortzi urte hasi zen, gutxi gorabehera. Azken urteetan munduan bizi izan den hondamendi handienetako bat da. Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, 560.000 pertsona hil dira guda horren ondorioz. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak dio 5,6 milioi errefuxiatu daudela atzerrian, eta beste 6 milioi barnean. Errefuxiatu asko Turkian daude, eta horien egoera, askotan, jasanezina da. Askok ez daukate ez lanik, ez dirurik beren familiak aurrera ateratzeko. Horregatik, askok erabaki dute berriro bere herrialdera bueltatzea. Turkiako Gobernua itzulera horiek sustatzeko politika bat aplikatzen hasi da, baina Recep Tayyip Erdogan presidentearekin kritiko diren erakundeek salatu dute itzuleren benetako motiboa beste bat dela: Turkiak Sirian inbaditu dituen eremuen populazioa ordezkatzea, kurduak kanporatzeko.

«Egoera okertu egin zen krisi ekonomikoa hasi zenean; ez daukagu dirurik ezer egiteko, eta Turkian, egoera ez da ona ekonomikoki aurrera egiteko», kontatu du Mohammedek, jatorriz Alepo eskualdekoa denak. «Uste dut Siriara bueltatzea dela aukera onena nire familiarentzako».

Mohammed bezala, siriar errefuxiatu asko bizi dira Turkian inolako etorkizunik gabe. Hasieran, ongi etorriak izan zirela esaten dute, baina denbora pasatu ahala turkiarrek ez zituzten errefuxiatuak begi onez ikusten. «Iritsi ginenean, egoera ona zen, asko laguntzen ziguten, baina krisia iritsi, eta dena bukatu egin zen», azaldu du Mustafa Alepoko errefuxiatuak. «Errudun gisa ikusten gaituzte Turkiako pertsona askok. Ez guztiek, oraindik laguntzen gaituzten pertsonak badaude, baina geroz eta gutxiago». Jarrera aldaketa hori errefuxiatu askorentzako «motibazio bat» izan da Turkia atzean utzi eta Siriara bueltatzeko, nahiz eta Siriako egoera oso txarra den gaur egun.

Azken hilabete hauetan Turkiatik atera diren errefuxiatuen artean, giroa nahiko ona dela esan daiteke. Gehienak familia Sirian utzia duten pertsonak dira, eta senideak berriz ikusteko gogoa Sirian izango duten egoera txarra baino askoz indartsuago dela antzematen zaie aurpegietan. «Lau urte pasatu ditut Turkian; gurasoak eta anaiak Sirian daude, eta haiekin berriz egoteak indar handia ematen dit bidaia hau egiteko».

Turkiatik bueltatzen diren errefuxiatu gehienek ideia bera daukate: Sirian lan bat aurkitzea, eta Siriako lurralde «lasai» batean bizitzea familiarekin. Baina badakite hori lortzea zaila izango dela, Siria guda betean dagoen herrialde bat delako, eta egoera ez delako batere erraza. «Gure ideia Manbijera bueltatzea da», kontatu du Bedricek. «Han egoera txar bat aurkitzen badugu, handik alde egin, eta beste eremu lasaiago batera joango gara; garrantzitsuena lan on bat aurkitzea eta lasai bizitzeko leku bat aurkitzea baita, nahiz eta erraza ez izan».

Udalaren autobusak

Istanbulgo Esenyurt barrutiko udalak hainbat autobus antolatu ditu pertsona horiek guztiak Siriara bueltatu ahal izateko. Turkiar askok keinu on baten moduan ikusten dute hori, baina beste batzuek gobernuaren jokalditzat jotzen dute. Horietako bat da Mugle Chacla, oposizioko CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoko kidea.«Gobernuak hau guztia bere onerako egiten du, errefuxiatu horiek Sirian kontrolpean dauzkan eremuetara eraman nahi ditu, han bizi berri bat has dezaten, eta lurralde horietan bizi ziren pertsonak botatzeko». Turkiak erraztasun handiak jartzen dizkie errefuxiatu horiei guztiei eremu horietara joateko. Toki horietan gehienbat kurduak bizi ziren, eta, Turkia sartu zenetik, alde egin behar izan zuten.

Siriako Kurdistango Afrin barrutia da berriz populatze hori pairatzen ari den eremurik nabarmenena. Turkiako armadak duela urtebete hasi zuen inbasioa, iazko urtarrilean hain zuzen, eta martxoan lortu zuen YPG Herriaren Babes Unitateak —Siriako kurduen miliziak— guztiz kanporatzea. Guda hasi baino lehen, Afrinen 170.000 pertsona bizi ziren, horietatik %80 kurduak. Nazio Batuen Erakundeak iazko udazkenean adierazi zuen gutxienez 137.000 biztanle alde egin zutela Afrindik inbasioaz geroztik. Turkiak oraingoz Siriako beste eremuetatik ihes egin duten arabiar sunitak ezarri ditu gehienbat.

Turkian dauden iheslariei buruz, berriz, Ankarak esan du itzulera errazten duela haien onerako. «Autobus horiekin, Istanbuldik Siriara segurtasunez bueltatzeko aukera ematen diegu pertsona horiei guztiei», adierazi du Necmi Kadioglu Esenyurteko alkateak. Turkiako Gobernuaren asmoa da aurten 20.000 pertsona eramatea Siriara. Esenyurten 65.000 errefuxiatu siriar bizi dira —550.000 biztanle inguru dauzka barrutiak—. «Errefuxiatuak hemendik ateratzen dira autobusetan, gero Siriara sartzeko», azaldu du Kadiogluk. «Han lan egiten duten bi GKErekin [gobernuz kanpoko erakunderekin] koordinatzen gara arazorik ez egoteko eta pertsona horiek segurtasun osoz herrialdean sartu ahal izateko».

Herritarren babesa

Turkiako biztanle gehienek, berriz, keinu on baten moduan ikusten dituzte Siriara itzultzeko bidaia horiek. Batzuek benetan pentsatzen dute aukera on bat izan daitekeela errefuxiatuentzako, eta beste batzuek, ona edo txarra izango denik ez dakiten arren, Turkiarentzat ona izango dela pentsatzen dute. Gobernuarentzako ona dela esan daiteke: Turkiako herritar gehienek nahi zutena lortu duelako; errefuxiatuei «bizi hobe bat» ematen diela saltzen duelako, eta, azkenik, Sirian kontrolpean dauzkan lurraldeak nahieran berriz populatzen dituelako. Beren etorkizuna zein izango den ez dakiten bakarrak benetako protagonistak dira: itzularazi egin dituzten errefuxiatuak.

BERRIAn argitaratua (2019/01/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA