kultura
FERNANDO PEREZ GOMEZ
«Kultura herritarren globulu zuri bihur dadin lortu nahi dugu»
Ainhoa Larrabe Arnaiz
Azkuna zentroa zer den argitzea beharrezko ikusi duzue.
Denak bezala, bere burua definitu behar du gune honek. Zentro hau bizirik dago, etengabeko garapenean, eta zuzendaritza berria izanda, posizionamendua zehaztu behar genuen. Mamitik abiatu gara horretarako: zer garen definitzetik; eta, bestelako balioak gehitu dizkiogu horri, gerora. Abiaburua jarrita zehaztu ditugu datozen urteetarako lerro estrategikoak eta programa.
«Aisialdi eta kultura zentro» zena «gizarte eta kultura garaikideko zentro» bilakatzeko bidea hartu duzue. Zer dago aldaketaren oinarrian?
Ñabardura txikia da, baina esanahi handikoa. 1990eko hamarkadan, kulturaren deszentralizazioa edo demokratizazioa gertatu zenean, bizitzaren herena zen aisia. Gaur egun asko aldatu dira gauzak, aisia eta lana oso nahastuta daudelako. Hori ikusita, iruditzen zitzaigun pauso bat eman behar genuela, eta lotuta doa aurretik aipatutako autoidentifikazioaren gaiarekin: kultura garaikidea oinarrian hartu, eta, zerbitzu publikoa garen heinean, gizartea jarri dugu egitasmoaren ardatz gisa.
Heziketa funtzioa nabarmendu duzue, ezeren gainetik. Zergatik?
Gizarte guztiarengana baino gehiago, gizarteko komunitate guztiengana heldu nahi dugu. Hor ere ñabardura egin nahi izan dugu, ez dugulako era berean ulertzen. Hiritartasunaz hitz egiten dugunean, masari buruz ari gara; eta hiritartasun horrek dituen komunitateei buruz ari garenean, berriz, pertsonak, komunitateak eta gutxiengoak ere sartzen ditugu. Ulertzen baitugu gutxiengoarengana iritsita, gizarte osoa aintzat hartzeko moduan gaudela.
Heziketari dagokionez, ez dugu nahi programa zehatz bat garatu eta horretan geratzea: oinarria izatea nahi dugu. Hezkuntzaz ari garenean, garrantzitsua da jakitea proiektua norentzat den eta norekin egingo dugun lan. Argi dugu ez dela soilik haur edo nerabeentzako bide soil bat, baizik eta komunitate guztiei bideratutakoa. Saiakera ugari egingo ditugu, eta horrek lagunduko digu aurrera egiten, guretzat prozesuak emaitzak bezain garrantzitsuak direlako. Are gehiago hezkuntzan, horren esparru aldakorrean.
Zein toki hartzen du zentroak Bilbon dauden bestelako kultur erakundeen artean?
Bi nabarmenduko nituzke: gainontzeko erakundeek egiten duten lanaren osagarri izatea, batetik; eta, testuinguru horretan lehen mailako postu bat izatea, bestetik. Gure rol nagusia loturak egitea da, eta, horretarako, lehen mailako erakundeekin elkarlanean jardungo gara; Guggenheim eta Bilboko Arte Ederren Museoarekin, baina argi edukita bakoitzak bere funtzioa izan behar duela. Aintzat hartu behar da erakunde handiez gain, bestelakoak ere badaudela, eta testuingurua oso konplexua dela. Hemen denok gara beharrezkoak: proiektu txikiak, ertainak eta handiak. Bide horretan, zeregin handia dugu, lokailu nahi dugulako izan, artisten, gizartearen eta publiko askotarikoaren artean. Azken finean, kulturaren eskuragarritasuna gure DNAn dago. Egunerokoan, artea eta kultura garaikidea lantzeko eremua izan nahi dugu. Dinamikoak gara: ez gara antzoki bat, ez gara museo bat, ez gara liburutegi bat... baina, era berean, hori guztia gara.
«Lurraldea eta biztanleak eraldatzeko epizentroa» izan nahi duzue.
Epizentro esaten zaio indarraren punturik ikusgarrienari, eta horixe izan nahi dugu: zentro bat, baina periferia guztiak kontuan hartuko dituena. Ardatza izan nahi dugu: jendeak aintzat hartuko duen erreferentzia bat.
Gizartean dauden komunitate guztiengana iritsi beharra nabarmendu duzu etengabe.
Hori da hemengo erakundeok dugun zailtasunik handiena: nola bilatu oreka komunitate baten eta bestearen artean. Philippe Starckek [Alondegia zaharberritu zuen diseinatzaileak] zioen proiektu hau laborategi bat zela, eta guk ere horrela ulertzen dugu. Helburu zehatzak ditugu, baina prozesuak asko interesatzen zaizkigu. Gizartea eta lurraldetasuna aipatzen ditugunean ere, hori esaten dugu: guztiontzako lekua dago hemen, baina etengabe gainbegiratu behar da daukagun egitasmoa, aurrera egin nahi badugu behintzat.
Nazioartekotzearen garrantzia sarritan azpimarratu duzue datozen bost urteetarako zehaztutako programan. Etxera begira baino gehiago begiratzen dugu kanpora?
Guk, batez ere, euskal artistekin egiten dugu lan. Eta, beraz, nazioartekotze prozesuak ez ditugu ulertzen atzerritartasun gisara, baizik eta joan eta etorriko bidaia baten moduan. Nazioartekotzeaz hitz egitea positiboa da gure artistentzat. Bertako sortzaileek kanpoko begirada asko jaso dituzte historian zehar, eta horrek asko aberastu du euskal artisten esparru kontzeptuala. Esan nahi dudana zera da: ematen du oso etxekoak garela. Baina nazioartekotzeko prozesuak, sarritan, buruan ditugu, eta ez atzerrian.
Gaur egungo Mediateka ere eraldatu nahi duzue?
Mediateka deitu bazaio ere, liburutegi bat izan da orain arte. Hala izango da aurrerantzean ere, baina espazioak eraldatu eta zerbitzu berriak emango ditugu, batez ere hezkuntzari dagokionez. Adibide bat jarriko dut: askotan hitz egiten da egonaldi artistikoei buruz, baina esparru jakin batzuk besterik ez dugu aintzat hartzen. Zergatik ez egin egonaldi artistiko bat instagramer, irudigile ala zinemagile batentzat? Sorkuntzarako bestelako eremu bat izango da mediateka aurrerantzean.
Bide berean doa Lantegiaren sorrera?
Hirugarren eraikina izenarekin ezagutzen dena Lantegi bihurtuko dugu. Erabat baztertuta zegoen, eta nortasun propioa emango diogu orain. Zehazki, formakuntzarako, gizarte berrikuntzarako eta egonaldi artistikoetarako erabiliko da. Erakusketa areto txiki bat ere egokituko dugu bertan.
Zein funtziorekin?
200 metro koadroko zabalera du. Ez da erakusketa areto handi bat izango, probak egiteko espazioa baizik: entseguak egin eta partekatzeko eremua. Handiagoa egin nahi genuen [irriak], baina aintzat hartu behar da, gerora, artistak bete egin behar duela espazio hori guztia. Bestelako eskaintza bat egin nahi genuen. Hemendik igarotzen diren artistei ordaindu egiten diegu. Guretzat oso garrantzitsua da artisten errekonozimendu eta duintasun hori.
Zein da zentroak duen erronka nagusia?
Euskal Herriko zentrorik dinamikoena izatea nahiko nuke. Baina egunerokoan daude erronkarik handienak. Nahiko nuke gaur egun erabiltzaile direnak sortzaile izatea urte batzuk barru. Kultura jendearen globulu zuri bihur dadin edo DNAren parte izan dadin lortu nahi dugu.