kirola
ELENA LOYO
«Berandu hasteak mesede egin dit»
Ainara Arratibel Gascon
Kros denboraldia puri-purian dago. Elgoibarren bederatzigarren sailkatu zinen, eta lehen euskalduna izan zinen. Pozik gelditu al zinen emaitzarekin?
Lehen aldia zen Elgoibarren korritzen nuena, eta errespetu handia nion kros bat zen, nazioartean izen handia baitu. Ez nekien nola moldatuko nintzen, eta oso pozik nago bederatzigarren postuarekin.
Emaitzak kontuan hartuta, iazko urtea eta honen hasiera izan dira oraingoz zure kirol ibilbideko onenak?
Nire kirol ibilbidean dena izan da bilakaera bat. Eman dudan pauso bakoitza ospatu egin dut, lau urte baino ez baitira pasatu atletismoan profesionalki hasi nintzenetik. Baina egia da iazko urtea eta aurtengoaren hasiera garrantzitsuak izan direla, nazioarteko hainbat lasterketatan parte hartzeko aukera izan dudalako, eta krosean pauso bat aurrera eman dudalako; emaitza eta marka onak lortuta, gainera.
Gehiago sufritzen al duzu krosetan errepideko probetan baino?
Desberdinak dira. Errepideko lasterketak aspergarriagoak dira. Zure erritmoa ondo ezarri behar duzu, eta adi egon aurkarien mugimenduei. Krosa, berriz, deskubrituz joan ahala, konturatu naiz dibertigarriagoa dela, ibilbideak gorabeheratsuagoak baitira, eta erritmo aldaketa gehiago daude. Indarrak ondo neurtu behar dituzu amaierara aukerekin iristeko.
Zuretzat ere ezustea izan al da krosean hain ondo moldatzea?
Bai, halaxe da. Deserosoa zena dibertigarri bilakatu da. Izan ere, lehen ez nintzen ondo moldatzen iltzeak dituzten zapatilekin, ezta ibilbide gorabeheratsuetan korrika ere. Duela bi urtetik, ordea, beste modu batera heldu diet krosei. Nire helburu bakarra gozatzea izan da, eta hor egon da gakoa.
Martin Fiz da zure entrenatzailea. Hura ere krosean ibili zen. Haren gomendioak eta aginduak lagungarriak izan dira hori lortzeko?
Zalantzarik gabe. Helarazi dizkidan baliorik garrantzitsuenak ahaleginarena eta eguneroko borrokarena dira, eta horiek erabakigarriak dira atletismoan. Martini esker, gainera, lasterketetan erritmo egokia ezartzen eta indarrak neurtzen ikasi dut. Atseden hartzearen garrantzia ere erakutsi dit, nire helburu bakarra asteburuero lehiatzea baitzen hasieran. Baina, orain, jabetu naiz zein garrantzitsua den egunero zortzi edo bederatzi ordu lo egitea, eta oporretan, nahi izan arren, ezin ditudala zakutoak eta bizikleta hartu eta bi asteko ibilbide bat egin. Ezin diot halako tratu bat eman gorputzari. Atseden hartu behar dut.
Krosean jarraitzea gustatuko litzaizuke?
Egutegian oso aintzat hartuak izango ditut krosak. Euskal Herrian asko ditugu, eta gehienetan korritu nahiko nuke.
Dena den, orain batez ere maratoian lehiatzen zara. Atletismoan 27 urterekin hasteak mesede egin al dizu egungo adinarekin hain ongi lehiatzeko?
Ni oso baikorra naiz, eta uste dut mesedegarria izan dela. Atleta asko erreta ailegatzen dira nire adinera, bai fisikoki, bai psikologikoki. Nik, aldiz, 20 urteko atleta baten adinako grina eta ilusioa dut. Gauzak oso azkar ikasi behar izan ditut, eta, agian, lasterketetako estrategiak aurrera eramateko orduan heldutasun pixka bat falta izan zait. Baina, pixkanaka, horretan ere hobetzen ari naiz. Martin asko ari zait laguntzen.
Lasterketetako estrategiak azken muturreraino prestatzen dituzun horietakoa zara, edo nahiago duzu sentipenetan oinarritu?
Lehen, bideo asko ikusten nituen, aurkariak ondo ezagutzeko eta estrategiak prestatzeko. Oso lagungarriak dira. Baina, orain, gutxiago egiten dut. Lasterketetako hainbat kontu zehazten eta pentsatzen ditut aldez aurretik. Baina, behin lasterketa hasita, nahiago izaten dut sentipenei kasu egin.
Pena ematen al dizu atletismoan lehenago hasi ez izanak?
Pixka bat bai. Beti moldatu naiz ondo korrika, baina pauso erabakigarria ez nuen eman duela lau urtera arte.
Zergatik?
Ni Zuiakoa naiz. Nerabe nintzela, lasterketa bat korritu nuen herrian, eta, entrenatu gabe, bigarren egin nuen. Gasteizko atletismo talde bat zegoen, eta haiekin entrenatzen hastea proposatu zidaten. Baina autobusekin hara eta hona ibili behar nuen, eta zama handia zen. Gero, gainera, unibertsitatean hasi nintzen, eta nahikoa lan nuen ingeniaritza ikasketekin.
Eta, azkenean, zergatik erabaki zenuen serio hastea?
Osasunerako mesedegarria delako, eta lasaitu egiten ninduelako. Hasi eta gutxira, herri lasterketa batzuetan parte hartzen hasi nintzen, eta gero eta sentipen hobeak nituen. Hala, 29-30 urterekin, konturatu nintzen gerora ere izango nuela aukera ingeniari moduan lan egiteko, baina atletismoa zela zoriontsu egiten ninduena. Beraz, ez nuen bitan pentsatu.
Fisikoki ez ezik, psikologikoki ere aldaketa handia izan zen zuretzat atletismoan lehiatzen hastea?
Egia esan, psikologikoki oso modu naturalean eraman dut hau dena. Gorputzak gehiago eskatu ahala, buruak ere gehiago eskatzen zidan, eta alde horretatik ere ez nuen arazorik izan.
Nolakoa da zure egun bat?
Jaiki, gosaldu, eta 10:15 aldera eguneko lehen entrenamendua egiten dut. 17-20 kilometro egin ohi ditut, eta, gero, luzatzeak. Arratsaldean, berriz, 8-10 kilometro egiten ditut, eta, ondoren, gimnasiora joaten naiz. Gasteizko goi mailako atleten artean talde bat dugu, eta normalean haiekin irteten naiz entrenatzera. Horrela, lan saioa ez da hain gogorra egiten, entretenigarriagoa da. Baina batzuetan bakarka entrenatzea ere gustatzen zait, horrek ere indar bat ematen dizulako lasterketei begira.
Zure gertukoentzat ezustea izan zen zu atletismoan hastea?
Bai. Hasieran erokeria iruditu zitzaien. Baina konturatu dira gustuko dudan gauza bat dela, eta zoriontsu egiten nauela. Beraz, oso pozik daude.
Nora iristea gustatuko litzaizuke?
Neure buruari ez diot mugarik eta presiorik jarri nahi. Nik lan egiteko, hobetzeko eta lehiatzeko ilusioa dut, eta hori da garrantzitsuena. Unea bizitzea gustatzen zait, eta horretan ari naiz.
Datorren urteko Tokioko Olinpiar Jokoetan parte hartzea kimera bat al da?
Han egoteko borrokatuko naiz. Hiru leku egongo dira, eta hainbat atleta gaude horiek lortzeko lehian. Aukerak badaude, eta nire esku dagoen guztia egingo dut horretarako. Ez dut ezinezkoa ikusten. Uste dut Trihas Gebre ziur egongo dela, eta beste sei edo zazpi atletaren artean egongo dela beste bi postuak lortzeko lehia: Marta Esteban, Paula Gonzalez Berodia, Azucena Diaz, Diana Martin, Marta Galimani…
Aurten hasiko zarete horretarako lehiatzen. Une erabakigarri hauetara hain sasoi onean iristeak itxaropentsu egoteko arrazoiak emango dizkizu, ezta?
Horrek ez dizu ezer ziurtatzen, baina konfiantza ematen dizu, eta hori beti da ona. Orain gutxi arte, neurri batean, konfiantza hori falta zitzaidan, niretzat sinestezina zelako hain maila handiko atletekin lehian aritzea.
Non egon daiteke Tokion egoteko gakoa?
Sailkapena lortzeko marka egiteko aukera emango dizuten maratoiak ondo aukeratzean.
Erabakiak dituzu zeintzuk izango diren marka lortzeko maratoi horiek?
Oraindik ez. Irailean, Munduko Txapelketa dugu Dohan, eta oraindik han parte hartzeko lehiatzen ari gara. Ziurra da udaberri inguruan maratoi bat egingo dudala, baina ez dut erabakia zein. Behin Dohakoa pasatuta, orduan erabakiko dugu zein proba korrituko dugun Olinpiar Jokoetarako gutxieneko marka lortzeko. Puntuazio sistema berria indarrean noiz sartuko den ere ikusi beharko dugu. Izan ere, Doharako sartuko balitz, hor lortutako emaitzak ere izango luke eragina Olinpiar Jokoetarako sailkapenari begira. Ez lizuke Tokion egotea ziurtatuko, baina urrats bat egingo zenuke.
Azken maratoiak ez zaizkizu gaizki joan. Apirilean, Milango maratoian, duela 27 urtetik Maria Luisa Irizarrek ezarria zuen Euskadiko marka apurtu zenuen. Zer ekarri zuen horrek zuretzat?
Egia esan, oso gauza polita izan zen. Urte asko zeramatzan indarrean markak, eta hura hausteko gai nintzela konturatu nintzen. Lortzea zoragarria izan zen. Egun batzuk geroago, berarekin hitz egin nuen, eta oparitxo bat ere bidali zidan: argazki bat berea eta nirea, bakoitzaren markarekin. Oso eskertuta nago.
Urte gogorra izan ohi da Olinpiar Jokoen aurrekoa, bai fisikoki eta bai psikologikoki. Nola ari zara prestatzen horretarako?
Nahiko pertsona lasaia naiz. Uste dut egunerokoaz disfrutatzea dela garrantzitsuena: entrenamenduak, lasterketak... Hori egin ezean, zailagoa da emaitzak lortzea. Neure buruari ez diot presiorik jartzen, nahiz eta egia den nire onena emango dudala lortzeko. Ez da obsesio bat. Nire kirol ibilbidean iritsi naizen lekura iristeko gakoak naturaltasuna eta lasaitasuna izan dira, eta hala jarraitu nahi dut. Horrek laguntzen dit egunerokoaz disfrutatzen.
Gustatuko litzaizuke munduko bost maratoirik garrantzitsuenetako bat egitea?
Bai. Gertutasunagatik, Berlinekoan parte hartzea gustatuko litzaizuke. New Yorken, Chicagon edo Bostonen egotea ere ametsa litzateke.
Urte askoan ikusten duzu zeure burua goi mailan?
Ez dut horretan pentsatzen. Orain, gauzak egiteko ilusioa dut, gorputza ondo erantzuten ari da, eta horretan segitu nahi dut.
Baina atletismotik bizi al daiteke?
Atletismoan berez da zaila babesleak lortzea, eta zer esanik ez emakumea izanda eta heldua zarela hasi bazara. Gizonezkoen lasterketek eta markek beti dute ikusgarritasun handiagoa, eta hori da dugun trabetako bat babesleak lortzeko garaian. Pausoak eman dira hori aldatzeko, baina oraindik asko falta da.
Iaz, entrenatzen ari zinela, gizon bat segika aritu zitzaizun. Nola gogoratzen duzu?
Oso kontu gogorra eta desatsegina izan zen, eta asko eragin zidan. 11:30 ziren, eta bakarrik ari nintzen entrenatzen, Murgian. Inguruan ez zebilen inor, eta, halako batean, auto bat gerturatu zitzaidan. Gizon bat zihoan barruan, eta berehala konturatu nintzen niri segika ari zela, eta niri zerbait egiteko asmoa zuela. Justu-justuan lortu nuen ihes egitea. Korrika etxera bueltatu nintzen. Ertzaintzara deitu nuen gertatutakoa azaldu eta salatzeko. Baina, zoritxarrez, matrikulako zenbakietako bat ez nuen ondo hartu, eta esan zidaten hala izanda alferrik zela salatzea. Lur jota geratu nintzen, baina erabaki nuen gertatutakoa Facebooken kontatu behar nuela, jendeak jakin zezan, eta han korrika egiten zuten emakumeak adi egon zitezen. Arratsaldean polizia etxera joatera behartu ninduen ahizpak. Baina han ere gaizki aholkatu gintuzten. Izan ere, esan ziguten kalterik ez izanda eta niri erasotzen ahalegindu zen gizonaren autoaren matrikula gaizki edukita, ezin nuela salatu. Gerora jakin nuen ez zela horrela, eta aukera nuela mehatxuagatik eta larderiagatik salaketa jartzeko, eta hala egin nuen.
Nola dago orain prozesua?
Zoritxarrez, ezerezean geratzeko bidean dago, froga faltarengatik. Esan bezala, autoaren matrikula ez nuen ondo hartu. Baina, hala izanda ere, erabakirik onena hartu nuen: salatzea.
Nola izan zen entrenatzera bueltatzea?
Gasteizen egin nuen lan saioa. Oso gogorra izan zen. Eskerrak taldean egin nuen. Korrika egiteak, gainera, urduritasuna eta kezka uxatzen lagundu zidan apur bat. Baina ez dut ahaztuko bakarrik egin nuen lehen entrenamendua. Ez nintzen gai izan Pradoko parketik irteteko, eta norbaiten begirada sumatzean oso urduri jarri nintzen. Hurrengo asteetan ere asko kostatu zitzaidan. Egunetako batean, beldurrak jota itzuli nintzen etxera. Sentimendu nahasketa handia izan nuen: beldurraz gain, amorrua eta inpotentzia sentitu nituen. Baina egun batean erabaki nuen ezin nintzela horrela atera entrenatzera, eta aurrera egin behar nuela. Ezin nintzela beldurrez bizi. Emakumeak beldurrik gabe atera behar dugu korrika egitera, libre. Jaso nuen babesak aurrera egiten lagundu zidan, eta sentitzen nuen eredu izan behar nuela. Atera behar nuen, ez niregatik bakarrik, baita beste emakumeengatik ere.
Esan izan duzu horri ere atera diozula alde ona. Nola?
Halako egoerak bizi izan dituzten eta bizitzen ari diren emakumeei lagunduz, haien alboan egonda. Bestalde, psikologikoki indartsuago egin nau egoera hartatik irteteak. Une zailetan pentsatu izan dut zoria izan nuela egun hartan, justu-justu lortu bainuen ihes egitea.