ekonomia
Jerusalemgo tranbiaren lehia uzteko eskatu diote langileek CAFi
Iker Aranburu
LABek jakinarazi duenez —sindikatu horrek du boto gehien Beasaingo lantegi nagusian—, tranbia proiektuak polemika handia piztu du nazioartean, lurralde okupatuan egitea baita asmoa, palestinarrei desjabetutako lurretan, gainera. «Proiektua legez kontrakoa da; bai trazatuagatik, bai diskriminatzailea delako, Palestinako lurretan kolonoek modu esklusiboan erabiltzeko izango baita. Ez dugu ulertzen nazioarteko legezkotasunaren, etikaren eta elkartasunaren aurkako lanak zer alderdi positibo eskain diezaiokeen CAFi».
Langile batzordeak gogorarazi duenez, «NBEko segurtasun batzordeak, osoko bilkurak zein Nazioarteko Justizia Gorteak, ebazpen ugariren bidez, aipatutako tranbia horrek zeharkatuko dituen lurraldeak okupatzearen aurka daudela adierazi izan dute».
LAB, ELA, CCOO eta ESK sindikatuek dute ordezkaritza Beasaingo CAFen langile batzordean, eta guztiek diote edozein tranbia proiektuk Jerusalemen palestinarren legezko ordezkarien babesa izan beharko lukeela. Kasu honetan ez dute babes hori inondik inora ikusten. Azpimarratu dute palestinarrek «erabat» baztertu dutela proiektua, eta lan hori egiteak gaitzespen sozial handia eragingo lukeela Euskal Herrian eta mundu osoan.
Lehen aldia da arrazoi etikoak argudiatuta CAFeko langile batzordeak eskatzen diola enpresako zuzendaritzari nazioarteko proiektu batean ez esku hartzeko. Oraingoz ez dute enpresaren erantzunik jaso, lehen eskaera jendaurrean egitea hobetsi baitute sindikatuek. Enpresak zer esango dien ez dakitela onartu dio Iban Pajares LABeko ordezkariak BERRIAri.
BDS mugimenduak ohartarazi zien CAFek parte hartu nahi zuela Jerusalemgo tranbiaren kontratuan. Israelgo produktuen aurkako boikota eskatzen duen nazioarteko mugimendu bat da BDS (Boikota Desinbertsioak Isunak, ingelesezko laburduran), estatu horrek palestinarren aurka daraman «zapalkuntza» salatzeko, eta «Israeli presio egiteko nazioarteko legea bete dezan».
Pajaresek onartu egin du «kontraesanak» sor ditzakeela giza eskubideak modu nabarmenean bortxatzen dituen lurralde batzuk boikotatzeak eta beste batzuk, ordea, ez. CAFi dagokionez, kasurik nabarmenena Saudi Arabiarena izango litzateke. Herrialde hartako SAR konpainia publikoari sei diesel tren eman zizkion 2013. urtean. Herrialde hartan ere, Meka eta Medina arteko abiadura handiko trenak hornituko ditu Euskal Herrian fabrika bat duen beste enpresa batek, Talgok —lantegia du Ribabellosan (Erriberabeitia, Araba)—.
Askatasun demokratikoak gutxi zaintzeagatik salaketa handiak jasotzen dituzten beste herrialde batzuetarako ere lan egin du CAFek, hala nola Txina, Aljeria eta Turkiarako. «Egoerak ez dira guztiz berdinak, eta guk boikot kanpaina baten barruan hartu dugu erabakia», azaldu du Pajaresek.
Proiektu eztabaidatua
Jerusalemgo tranbia 2011. urtean inauguratu zuten, eta gaur egun ibilbide bakarra betetzen du —linea gorria—. BDSren presioaren ondoren, Veolia konpainia frantziarrak linea hori kudeatzeari utzi zion. Linea gorria zabaldu nahi du orain hiriko udalak, eta beste bi linea gehitu: berdea —haren lehiakideen artean dago CAF— eta urdina. Guztiak kolonietatik igarotzen dira.