kultura
Herrietako bertso eskolei gorazarre, Bertso Egunaren 50. urteurrenean
Ion Orzaiz
Amurizak bertso eskolen garrantziaz grabatutako hitzek eman zioten hasiera saioari: «1980, 81, 83, 84... Nire arorik ederrenetakoa izan zen, eta bertso eskolen inguruan eman nuen». Izan ere, aurten, lehen aldiz, Bertso Egunarekin batera ospatu dute Bertso Eskolen Eguna ere. Hori dela eta, auzo nahiz herrietako eskolei gorazarre egiteko baliatu dute aurtengo egitasmoa.
Barañain auditoriumeko oholtza gainera igo ziren bost bertsolariek ere hizpide izan zituzten bertso eskolen inguruan bizitakoak. Onak nahiz txarrak izan. Gaztelumendik, esaterako, haurtzaroko oroitzapenak bildu zituen: «Nere eskutxo finak ez zeuden /pilotarako desiran /futbolerako nikiak handi /geratu ohi zitzaizkidan /nire burua babesten nuen /dena beldurra zen nigan /nire izena esateak ere /beldurra ematen zidan». Txikitan hartutako erabaki horrek, baina, bizitza aldatu ziola kantatu zuen gero: «Bertso munduak poz asko dauzka /eta zenbait deseingainu /ailegatu naiz hitz neurtuak /utzi didan tokiraino /baina oraindik saio hasieratan /pentsatzen dut hau zer da ño/oraindik ere ez bainaiz ume /ikaratu hura baino».
Bertsozale Elkarteko kide eta Bertso Egunaren antolatzaile den Jon Agirresarobek azaldu du zergatik aukeratu dituzten bertso eskolak aurtengo gai nagusi gisa: «Gure ekosistemaren oinarri dira bertso eskolak. Bertsolaritza dagoen tokian dago eurei esker, herri bakoitzean bertso eskola bat dagoelako. Bertsozaleak biltzeko lekuak dira, saioak antolatzen dituzte, helduek txikienei eskolak ematen dizkiete... Talde eragileak dira, finean».
Kantu bat enkarguz
Arratsaldekoa ez zen izan eguneko ekitaldi bakarra. Doinua. Hitzak. Erritmoa eta errima. Elementu solte bakan batzuk hartu eta, bat-batean forma emanda, kantu bat sortzea. Hori izan zen goizeko emanaldiaren xedea. Enkarguz izenburua zuen ikuskizunak, eta bertan parte hartu zuten hiru lagunei —Andoni Egaña eta Alberto de Abajo bertsolariei nahiz Xabi Zabala musikariari— eskaera berezi bat egin zieten: Barañaingo Alaitz ikastetxe publikoarentzat kantu bat sortzea. Ordu eta erdi behar izan zuten horretarako. «Ordubete eta 28 minutu», Egañak azpimarratu zuenez: «Kantua sortzeko prozesua etxetik atera eta zuen aurrean egin nahi genuen. Zer irabazteko? Zuen parte hartzea». Eta parte hartze zabala izan zuen ekitaldiak, zinez: ehundik gora lagun, Barañaingo Udaletxeko erabilera anitzeko aretoan bilduta, abestien sorkuntzaz lezio magistrala jasotzeko prest. Han ziren, besteak beste, Alaitz ikastetxeko irakasle, guraso eta ikasleak, eta pozik atera ziren eskolaren ereserki berriarekin.
Horren ostean, bertso poteoari ekin zioten. Egañarekin batera, Aitor Servier, Alaia Martin, Arrate Illaro, Eli Pagola, Gorka Pagonabarraga, Mikel Lasarte, Miren Artetxe, Saioa Alkaiza, Sarai Robles, Unai Iturriaga eta Xabi Igoa bertsolariak aritu ziren kantari, txandaka, herriko lau tabernatan. Hiru bertsolari, taberna bakoitzean. Jendetza bildu zen, inor gutxik espero zuen eguraldi bikaina lagun. Zehazki, 245 bertsozalek parte hartu zuten poteoan eta horren osteko bazkarian. Egunari bukaera emateko, kontzertua eman zuten Oinutsik, Hezurbeltzak eta Kasu taldeek.
Herrira egokitzen
Duela bi urte erabaki zuen Bertsozale Elkarteak Bertso Eguna Donostiatik atera eta ibiltari bihurtzea. Iaz egin zuen lehen saialdia, Mungian (Bizkaia). Herria ez ezik, formatua ere urtez urte aldatzeko asmoa dute, tokian tokiko errealitatera egokitzeko. Barañaingo mugimendu bertsozalea, esaterako, Mungiakoa baino apalagoa da. Euskararen egoera ere ez da berbera herri batean zein bestean. Barañainen, ordea, «sostengu itzela» jaso dutela nabarmendu du Agirresarobek. Hala, Udalaren babesaz gainera, herriko bertso eskolaren laguntza ere izan du Bertsozale Elkarteak aurtengo Bertso Eguna antolatzeko tenorean: «Hona iritsita, bertso eskola oso eskuzabal batekin egin genuen topo. Eskuzabala eta langilea: gaztetxoen talde bat dago, helduena, haur txikiena...». Horiei guztiei esker ona adierazi diete antolatzaileek.
Oro har, «oso pozik» azaldu da Agirresarobe, Bertso Egun osoan izandako giroarekin eta parte hartzearekin: «Jende asko etorri da, eta aretoa bete dugu, baina ez diegu kopuruei erreparatu nahi». Izan ere, Bertso Egunaren formatu berria prestatzen hasi zirenetik, Bertsozale Elkartekoek ahalegin berezia egin dute herri bakoitzaren ezaugarrietara «ahalik eta hobekien» egokitzen: «Iaz, Mungian, hiru bertso bazkari paralelo antolatu genituen; aurten, berriz, denok elkarrekin egin dugu otordua. Datorren urtean zer? Bada, egiten duguna egiten dugula, herriaren forma eta izaera hartuko ditu Bertso Egunak ere».