astekaria 2019/02/01
arrowItzuli

iritzia

Hizkuntzalaritza eta boterea

Itziar Diez de Ultzurrun

Hizkuntzalaritza eta boterea Itziar Diez de Ultzurrun

Moreno Cabrera hizkuntzalaria entzuteko parada izan dugu berriki Iruñean, Euskaltzaindiaren XXIII. Jagon Jardunaldian. Madrilgo Unibersitate Autonomoko katedradun horrek saiakera buruargiak idatzi ditu hizkuntzei buruzko ikuspegi hierarkiazaleak eta linguistikaz kanpoko sasiargudio anitz deseraikitzeko, eta jardunaldian Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaz aritu zitzaigun, «eskualdeko hizkuntza» kontzeptuari darion ideologiaz, zehazki, ez baita, haren ustez, kontzeptu geografiko hutsa, baizik eta orobat politikoa: izendapen horren itxituran sartu dira estatu osoan ofizialak ez diren hizkuntzak, hain zuzen kolokan jar ez dezaten ofizialak diren hizkuntzen nagusitasuna.

Haren esanetan, bada, Eurogutunak kontzeptu hori darabil estatuetako hizkuntza ofizialen aldeko hizkuntza politikak bidezkotzeko, eta ontzat emateko ez direla zertan aztertu oraingo egoera linguistikoak ekarri dituzten kausa eta prozesuak, ezta auzitan jarri ere hizkuntza batzuen inposizioa.

Moreno entzuten ari nintzela (zehatz-mehatz Espainian gaztelania derrigorrez ikasi beharraren aurka zegoela entzun nionean), pentsatu nuen sinesgaitza dela halakoak botatzen dituen linguista batek katedra lortu izana Madrilen. Eta, ondoren, gogamena alderrai joan zitzaidan tarte luze samar batez eta burura etorri zitzaidan hizkuntzalaritzaren eta inperialismoaren arteko harreman doilorra, nola ondu ziren hizkuntzei buruzko hausnarketak Europan diskurtso kolonialari eusteko, inperioek hizkuntzalaritzaren ekarpena behar zutelako kolonialismo linguistikoa oinarritzeko, hizkuntzak hierarkia baten arabera antolatzeko, hizkuntza batzuk (hiztun batzuk) boteretik baztertzeko.

Pentsakizunen zirimola horretan nenbilela, oroitu nintzen aspaldi irakurri nuela ikerlari frantziar batek, orain ehun bat urte Afrikan ziharduenak, behin idatzi zuela aztergai zuen gizataldearen hizkuntza hain zela urria eta ezgauza, non hiztunek ezin baitzuten egun argirik gabe hitz egin, gauaren ilunean ez zirelako aurpegi eta gorputzen keinuak ikusten eta funtsezko lagungarri horiek gabe ezinezkoa zitzaielako hizkuntza landugabe eta eskas hartan elkar ulertzea. Idatzi eta argitaratu. Halakorik inori otutzea ere egun barregarria iruditzen zaigun arren, kontuan hartu behar da garaian garaiko argudioak baliatzen dituela botereak, garaian garaiko zientziaren ikuspegitik onargarriak diruditenak, eta horregatik dela ezinbestekoa Moreno Cabreraren lana, oraingo arrazoibide itxuraz logikoen erro aizunak azaleratzen saiatzen delako.

Hizkuntza guztiak konplexutasunean kideko direla frogatzea izan da, anitzen ustez, hizkuntzalaritza modernoaren ekarpenik esanguratsuenetako bat eta, halere, gizartean sustraiturik diraute eleei buruzko uste ustel anitzek, hein batean egungo hizkuntzalari ugarik hizkuntza hegemonikoen berezko ontasunen aldeko argudiogintzan segitzen dutelako, are hizkuntza akademien abaroan, Espainian bezala. Horregatik iruditzen zait hain bakana Moreno Cabrera Madrilen, rara avis egiazko bat. La dignidad de las lenguas argitaratu zuen 2000. urtean eta orduan izan nuen lehen aldiz beste filologo baten berri: Javier Horno Gracia. Plazara atera zen urte hartan esateko UPNren agintepeko hizkuntza politiko herrena gehiegizkoa zela, batua asmakeria gaitzesgarria eta euskara kulturatik guztiz at egondako hizkuntza larrekoa. Horren guztiaren atzeko zioei buruz fitsik ere ez.

Hogei urteren buruan, Moreno Cabrerak hizkuntza gutxiagotuen aldeko oinarri teorikoak lantzen segitzen du, jakintza intersekzionalen funtsak sendotuz boteredunen ideologiak borrokatzeko, eta Horno Gracia, aldiz, Voxeko buruzagia da Nafarroan eta egin berri dioten elkarrizketa batean irmo mintzatu da euskararen aldeko politiken desmasiez eta gure estandarraren aje konponezinez. Voxen jomugan ez daude soilik feministak, etorkinak eta independentistak. Euskaldunak ere gaituzte etsai. Hizkuntzak kolonialismoaren lanabes izan daitezkeelako, eta askapenerako giltza ere bai.

BERRIAn argitaratua (2019/01/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA