gizartea
Beste zulo bat saihesbideari
Ibai Maruri Bilbao
Saihesbidearen lehen hamabost kilometroak, Santurtzitik Larraskiturakoak, 2011tik daude zabalik. Asteon hasi duten obrarekin, errepide hori eta AP-68 autobidea lotuko dituzte; horretarako, lau kilometro erantsiko dizkiote saihesbideari. Lehen fasea horrekin bukatuko dute. «Egingo den zatiak esanahi osoa emango dio azpiegiturari. Bukatzean, A-8 autobidea eta Bilboko portua AP-68 autobidearekin lotuko ditu», iragarri du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak. Obren hasieran izan zen astelehenean, Imanol Pradales Ekonomiaren Sustapenerako diputatuarekin batera.
Lehen fasearen ondoren, beste bi egitea aurreikusi zuten. Bigarren fasean Sereberetxeko tunelak eta Zornotzako Kortederra auzoak batuko dituzte: 11 kilometroko luzera luke, eta ibilbidearen erdia tunelak izango lirateke. Lanek ez dute hasierarik zehaztua. Hala ere, Rementeriak iragarri du hegoaldeko saihesbidearen lehen fasea bukatzean Getxo eta Portugalete itsasadarren azpitik lotuko dituen tunelaren lanekin hasiko direla. «Azpiegitura bi hauek bukatzean, prest izango dugu metropoli osoa inguratuko duen saihesbidea». Hirugarren fasea Muskizko San Fuentes auzotik Trapagaranera artekoa izango litzateke. Baina hasieratik zehaztu zuten beharren arabera erabakiko dutela eraiki edo ez.
Lehen fasea bukatzeko falta diren lanak hiru tartetan banatu ditu diputazioak. Batetik, Peñascal ingurua Bolintxu haranarekin lotuko dute, Arnotegi mendian egingo diren tunelekin. Horretan hasi dira orain. Ondoren, Bolintxu ibaiaren harana zeharkatuko duen 174 metroko zubibidea egingo dute; ez du zutaberik izango. Azkenik, harana AP-68 autobidearekin lotuko dute, 528 metro luze izango diren Seberetxeko tunelekin. Guztira, hiru tarteak egiteko 179 milioi euroren aurrekontua dauka Bizkaiko Foru Aldundiak.
Obretan hasi diren lehen tarte horrek 2.180 metroko luzera izango du: 280 metro, Beteluriko sarrerako tunel faltsuan; gainontzeko 1.900 metroak, mendiaren barrutik, paraleloan egingo diren bi tuneletan. Norabide bakoitzerako bat izango dira, elkarri lotuta egongo dira, oinezkoentzako sei pasabiderekin eta ibilgailu astunentzako beste birekin.
Bolintxuko obrak
Rementeriak aitortu du espero baino luzeago joko duela tunel horiek egiteak. 38 hilabete beharko dituzte, ondo bidean. Izan ere, lan guztia Peñascal aldetik egingo dute. Horrelako tunelak egitean ohikoena da bi aldeetatik zulatzen hastea, gero erdialdera bi zuloek bat egiteko. Baina, kasu honetan, ez dute Bolintxun lanik egingo, interes bereziko naturgunea delako; soilik tuneletarako sarrera irekiko dute eremu horretan. Horretarako, lotutako hainbat mikropilote pantailak erabiliko dituzte, induskatu beharreko lur kopurua gutxitzeko asmoz.
Ahoak zabaltzeko 20.000 metro kubo lur kendu beharko direla aurreikusi dute. Lur hori eta tunel barrutik aterako duten guztia -osotara, 527.800 metro kubo- Peñascaleko harrobi zaharrera eroango dituzte. Egun 300 metro sakon eta ehun zabal den zuloa dago. Hura beteko dute, eta gaineko aldea leundu. 12.500 arbola eta 8.500 zuhaixka landatuko dituztela iragarri dute, eta Bilboko Udalak kudeatuko duen parke berri bat sortuko dute horrela. «Ingurumenean eraginik edo kalterik sortzea saihestu nahi dugu», ohartarazi du Rementeriak. Zehaztu du aurrekontuaren %4 bideratuko dutela ingurumenean kalteak egitea saihesteko. Beste berritasun bat ere bada: asfaltoa egiteko, inguruko hainbat enpresatako zepak erabiliko dira. Orain arte Errioxako harrobi batetik ekarritako agregatuak erabili izan dituzte obretan. Aldaketa onerako izango dela dio aldundiak: «Kalitate bera du, baina itsaskortasun hobea. Eta gure inguruan ekonomia zirkularrean sakontzen lagunduko du».
Baina talde ekologistak eta inguruko auzo elkarte batzuk ez dira diputazioak esandakoaz fio. «Ingurumen inpaktuaren adierazpenak berak jasotzen duenez, lan hauek 31 inpaktu eragingo dituzte, eta horietatik 11, larriak», azaldu du obraren aurkako plataformako kide Juan Pallaresek.
Arnotegiko tunelak egin osteko lanek kezkatzen dituzte, Bolintxu alderik alde zeharkatuko duten zubibidea eraikitzekoek. 40 metroko garaieran, Bolintxu errekaren gainean, 174 metro luze eta 10,5 metro zabal izango diren errepide paralelo bi egingo dituzte; norabide bakoitzerako bat. Norabide bakoitzak bi errail izango ditu. Albo bietan zarata eragozteko panelak jarriko dituzte. «Zubibide hori egiteko, 1.900 metro bide ireki edo zabaldu beharko dira obrako kamioien joan-etorrietarako. Baita zazpi dekantazio putzu eta 60 metroko ezpondak ere. Horrek izugarrizko eragina izango du Bolintxuko floran, habitatean eta faunan, eta kalte egingo die arriskuan dauden hainbat espezieri», azaldu du Pallaresek. Belatz handia, iberiar baso igela eta Eskulapioren sugea aipatu ditu adibide gisa. Gainera, ohartarazi du obran mugituko den lokatzak Bolintxuko urak zikinduko dituela.
Plataformak, gainera, ohartarazi du obretan zarata sortuko dela, eta gasak eta hautsa isuriko direla. Areago, obren ondorengo kalteez ere aritu da Pallares; ibilgailuek sortuko duten kutsaduraz, eta haien argiek eta zubian jarriko dituztenek sortuko duten argi kutsaduraz.
Hasieratik ezbaian
«Saihesbidea luzatzeko asmoa zutela jakin genuenetik, Bolintxu babestearen beharraz hitz egiten eta eztabaidatzen ahalegindu gara Bizkaiko Foru Aldundiarekin. Obrak atzeratzeko eskatu genien, eztabaida hori egin ahal izateko», nabarmendu du Pallaresek. Horrez gainera, gogorarazi du obra berriaren ingurumen eraginaren adierazpena aurrekoen luzapena dela. Plataformaren ustez, horrela egin izana egungo legedia oker erabiltzearen ondorioa da. Horregatik, egungo adierazpena iraungita dagoela uste dute, eta berria egin behar duela eskatuz helegitea ipini dute.
Hegoaldeko saihesbideak -Supersur izena ere erabiltzen dute- zeresana sortu du hasieratik. Pallaresek ohartarazi du Iberiar penintsulan kilometro garestienak dituen autobidea dela: eraikita dagoen zatian 50 milioi euroren kostua izan zuten. Gainera, bidesaria hainbatetan merkatu behar izan dute, kamioi gidariek ez dutelako erabili nahi izaten, nahiz eta ibilgailu astunak A-8tik ateratzea zen azpiegituraren helburuetako bat. Guztira 800 milioi euroko inbertsioa egin ostean, espero baino erabiltzaile gutxiago izan ditu: 11.500 ibilgailuk erabili dute egunero 2017an. Horiek dira diputazioak dituen azken datuak. Proiektua aurkeztu zenean, iragarri zuten 42.000 izango zirela. Bukatzean 24.000 izango dituela aurreikusi dute orain.