astekaria 2019/02/01
arrowItzuli

gizartea

JOSEBA ASIRON

«Okupazioa bidezkoa da, baina ezin da helburu izan»

Ion Orzaiz

«Okupazioa bidezkoa da, baina ezin da helburu izan»

Maravillas gaztetxearen husteak Iruñean sortutako polemika biziaren erdian, elkarrizketei berriz heltzeko eskatu du Joseba Asiron alkateak (Iruñea, 1962).

Hain zaila al da gaztetxearen auziari konponbidea ematea?

Antza denez, bai. Iruñean, eta Alde Zaharrean bereziki, badago gabezia nabarmen bat: gazteentzako espazio autogestionatuena. Bestalde, Rozalejo markesaren jauregiak hamarkadak daramatza hutsik, eta ez dago egoerarik onenean. Bi baieztapen horiek abiapuntutzat hartuta, saia gaitezke adostasun puntuak bilatzen. Tamalez, gauzak ez dira beti behar bezala egin: azkarregi ibili nahia, aldebakarreko jarrerak... Gauza batzuengatik nahiz besteengatik, korapilo ederra sortu zaigu. Funtsean, sorgin gurpil batean sartu gara, non gauzak ziklikoki errepikatzen diren, irtenbide batera iritsi gabe, eta guztion kaltetan.

Alde Zaharreko bizilagunak eta ostalariak kexu azaldu dira, auzoa hainbat egunez Poliziak hartuta egon delako...

Oso faktore garrantzitsua da hori, eta eztabaida hauetan aintzat hartzen ez dena, gainera. Gaztetxea, berez, auzoarentzako azpiegitura bat da, eta auzoak izan beharko luke guztion lehentasuna. Horregatik, beti esan izan dugu auzoko ordezkariekin negoziatu beharra dagoela.

Haiekin bildu zara?

Bai. Alde Zaharreko ostalari eta merkatarien ordezkariekin batzartu nintzen, artean auzoko karrikak Poliziak hartuak zeuden egun horietan, eta bertatik bertara entzun nituen euren kezkak eta eskakizunak. Orain ere prest nago elkarrizketari heltzeko, eta neure burua eskaini dut negoziatzeko eta auzoko ordezkariekin hitz egiteko. Horretan ibiliko naiz aste honetan eta hurrengoan.

Iaz ere negoziazio saio luze bati ekin zioten Maravillas gaztetxeak, EH Bilduk eta auzokideek. Zu jakinaren gainean izan zinen uneoro?

Bai. Horretaz esan dezakedana da EH Bilduk ahalegin sendo bat egin zuela negoziazio prozesu luze, garden eta zintzo bati ekiteko. Eta bertan behera gelditu zela azken unean, baina arazoa konpontzetik oso-oso hurbil gelditu ginela. Pena handia eman zidan elkarrizketak une horretan zirkuitulaburra eragin izanak. Nik ere nire lana egin nuen prozesu hartan, baina nire interlokuzioa auzoko beste eragileekin izan zen batez ere. Denok baldin badugu adostasun puntu batera iristeko borondatea, ez gaude konponbidetik hain urrun ere.

Egoera dezente mikaztu da azkenaldian, eta aurreko negoziazioak porrot egin izanak higadura eta nekea eragin die alde guztiei. Benetan posible ikusten duzu konponbide adostu bat?

Kontua ez da konponbide ona edo txarra den, erraza edo zaila. Kontua da, nire ustez, irtenbide bakarra dela. Ez dugu beste aukerarik. Demagun bihar, bat-batean, gaztetxearen eta Rozalejoko eraikinaren inguruko polemika desagertzen dela. Bada, erroko arazoak hortxe segituko luke bere horretan: gazteek autogestiorako guneak behar dituzte Alde Zaharrean, eta hori ez da konponduko aldebakarreko neurrien bidez. Hortaz, nik ez dut etsiko, eta elkarrizketaren bideari eutsiko diot. Eta asko harritzen nau beren burua aurrerakoitzat jotzen duten pertsona batzuek -Maria Solanak eta Koldo Martinezek, kasurako- negoziazioaren kontra eta, are, bitartekaritza eskaini duen alkatearen kontra jo izanak. Ulertezina da niretzat.

Esan izan duzu gaztetxeen auzian garrantzitsuena ez dela eraikina bera, autogestio proiektua baizik. Zein da Iruñeko Udalak autogestioaz eta okupazioaz duen eredua?

Okupazioak, berez, ezin du helburu izan. Okupazioa bide bat da beste zerbait lortzeko. Eta ezkerreko militante naizen aldetik, uste dut okupazioa legez kanpokoa izan daitekeela, baina moralki bidezkoa dela. Hori esanda, zuk aurrean duzun instituzioa prest agertzen bada hitz egiteko eta baliabideak emateko, ez dakit noraino den beharrezkoa eraikin bat okupatzea. Gure autogestio eredua argi ikus daiteke Mendillorrin, adibidez. Iruñeko auzo gazteena da, eta hiru auzokideetatik batek 19 urte baino gutxiago ditu. Bada, legealdiaren hasieran, ikusi genuen Mendillorrin ez zegoela gazteentzako gune bakar bat ere. Horregatik bultzatu genuen Antzara gunea, auzoko eragileekin batera. Eraikin berria da, etxe pasiboaren ziurtagiria duena, segurua eta auzoaren beharretara egokitua. Eta auzoko eragileek eurek kudeatua, gainera. Bidean dira beste bi egitasmo ere: Salestarren egoitza Txantrean eta Plazara gunea Alde Zaharrean. Horiek dira gure ereduak.

Arrotxapea auzoan, berriz, tirabirak izan dituzue hango gaztetxearekin...

Bai, eta, tamalez, egoera ez da asko aldatu azkenaldian. Hala ere, Iruñeko Udalak zuzenean ez, baina EH Bilduk kontaktu zuzena, malgua eta hurbilekoa dauka haiekin. Hortaz, komunikazio bideak zabalik dira.

Gaztetxean hainbat ekitaldi debekatu izana leporatu dizuete; bertso afari bat, besteak beste.

Lehenik eta behin, esan behar dut egiten dizkidaten kritikak onartzen ditudala, zilegi iruditzen zaizkit, eta lagungarriak dira, erakusten digutelako noiz ari garen erratzen. Kasu honi dagokionez, uste dut batzuetan egokitzen zaigula, instituzio gisa, erantzukizunez jokatzea. Finean, arazo handiak dituzten espazioak dira biak, bai Arrotxapeko gaztetxea, bai Rozalejoko jauregia, eta ekitaldi batzuk ezin ditugu baimendu. Rozalejo, esate baterako, XVIII. mendeko jauregi bat da, gero ikastetxe gisa erabili zen... baina ez da inoiz zaharberritua izan. Eta baditu gabezia handiak. Hortaz, han egin nahi duten ekitaldiaren arabera, arriskutsua izan daiteke, eta gure ardura eta betebeharra da hori zaintzea. Saiatzen gara debekuak ahal bezainbeste murrizten, baina batzuetan, ez dugu beste aukerarik.

Zertan da Erorien Monumentuari buruzko prozesua?

Nazioarteko ideia lehiaketa egin dugu, 49 lan jaso genituen, eta jada aukeratu ditugu zazpi proiektu finalistak. Laster aurkeztuko ditugu, jendeak horien gainean ekarpenak egin ditzan. Esan dezakedana da ideia bikainak direla, askotarikoak, eta eraikin horri esanahi berri bat ematen diotela, oroimen historikoa errespetatuz. Hirigintzaren ikuspuntutik ere, goitik behera aldatuko dute zona osoa.

BERRIAn argitaratua (2019/01/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA