astekaria 2019/02/01
arrowItzuli

gizartea

Askotan aitzindari

Jokin Sagarzazu

Askotan aitzindari

Balio dezake sokadantzaren irudiak, edo katearenak. Horiek erabiltzen dituzte Elixabete Garmendiak, Pello Zubiriak eta Xabier Letonak. Argia astekarian zuzendari aritutakoak dira hirurak; hiru kazetari belaunalditakoak. «Ikusten dut batetik Mikel Atxaga eta Edorta Kortadiren eskuei helduta nagoela, eta, bestetik, Joxemi Zumalaberi eta beste horiei», esan du Garmendiak. Antzera mintzo da Zubiria. Haren ustez, euskarazko kazetaritzaren bilakaerak «egitearen logikari» erantzuten dio, egiteko nahiari, ezina ekinez egina leloari. Letonaren ustez, badago hari komun bat: aldizkarian egon den belaunaldi bakoitzak ordezkatu du katebegi bakoitza: «Argia izan da eta da euskarazko kazetari belaunaldien eskola eta etxea, eta garai ezberdinetako borroka politiko eta sozialen bozgorailua ere bai». Eta honako hau erantsi du Garmendiak: «Argia-ren historiak islatzen du euskal kazetaritzarena eta, oro har, XX. mendeko euskalgintzarena».

Ehun urte aurten. Euskararen eta euskal abertzaletasunaren pizkunde garai batean sortu ziren egungo aldizkariaren aurrekariak: Zeruko Argia hilabetekaria, Iruñean, fraide kaputxinoen eskutik, 1919an; eta bi urte geroago, Argia, Donostian, euskaltzale talde batek bultzatuta. 1936ko gerrara arte iraun zuten biek. Besteak beste, Xabier Lizardi aritu zen bigarren horretan, eta euskarazko lehen egunkaria sortzeko proiektua ere han egin zuten, 1929an; urte batzuk geroago gauzatu zuten, gerra hasia zela, 1937ko urtarrilean: Egunero. Urte bereko ekainera arte iraun zuen. «Guk beti izan genituen gogoan gure aurrekoak, haien ametsak», azpimarratu du Zubiriak. Zubiria bera izan zen Euskaldunon Egunkaria-ren lehen zuzendaria, 1990. urtean.

Horra iristeko bidea luzea izan zen, baina. Euskarazko kazetaritzak heldutasunera heldu behar zuen, eta ez zuen erraza frankismo betean. Egungo Argia-ren oinarriak 1960ko hamarkadaren amaieran jarri zituzten. Gerraosteko etenaldiaren ondoren —ale batzuk argitaratu zituzten erbestean eta Euskal Herrian—, 1963an itzuli zen Zeruko Argia, eta, ordutik gaur egun arte, ia etenik gabe argitaratu dute.

Aurreneko garai horretan, euskal kulturako hainbat izen handi topa daitezke 60ko hamarkadako sinaduren artean; besteak beste, Rikardo Arregi, Ibon Sarasola, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Xabier Lete eta Mari Karmen Garmendia. «Ordura arte, euskarazko kazetaritza bereziki iritziak ziren; Arregi-eta hasi ziren beste genero batzuk lantzen; elkarrizketarena, bereziki», azaldu du Elixabete Garmendiak.

1967an eman zuten beste jauzi bat: kazetaritza ikasketak amaitu berri zituela, Miren Jone Azurza kontratatu zuten kaputxinoek zuzendari lanetarako, eta 1972ra arte jardun zuen. Harekin batera, Mikel Atxaga, Luis Alberto Aranbarri Amatiño, Xalbador Garmendia eta Donato Unanue. «Argia-k gerora izango zuen eboluzioan funtsezko pertsonak izan ziren horiek», Garmendiaren arabera. Kolaboratzaileen artean zeuden, besteak beste, Juan San Martin, Martin Ugalde, Edorta Kortadi eta Mikel Ugalde.

Kazetaritza «modernoa»

Bigarren jauzia 1976an egin zuen Argia-k: egunkari formatua utzi, eta magazin formatua hartu zuen, Lemoizen zentral nuklearra egiteko proiektuari buruzko ale berezi batekin, Amatiñok egina. Orduan sartu zen lantaldean Garmendia. Bereziki gogoan ditu Mikel Atxaga eta Amatiño. «Atxaga factotum-a zen; hark zeraman aldizkaria. Amatiñok, berriz, ordura arte euskal kazetaritzan ikusi gabeko lanak egiten zituen: haren eskutik etorri zen kazetaritza modernoa euskal kazetaritzara». Garmendiak nabarmendu du urte horietan «ausardia handiko» lanak egin zituztela. Anparo Arangoaren torturen argazkiak argitaratu zituztenekoa, esate baterako.

Baina diktaduraren amaierarekin batera iritsi zen erreleboa. 1977an sortu ziren Deia eta Egin egunkariak, eta Zeruko Argia «hustu» egin zen: Donato Unanue kudeatzailea eta Xalbador Garmendia zuzentzailea Egin-era joan ziren; Mikel Atxaga eta Amatiño, Deia-ra; hainbat kolaboratzaile, batera eta bestera.

Gelditzea erabaki zutenen artean, berriz, Garmendia: «Uste genuen euskara hutsezko hedabide bati eutsi egin behar zitzaiola. Proiektu elebidunekin, artean esperientziarik ez bazegoen ere, ez ginen fidatzen: gure senak esaten zigun egunkari horietan ez zela bermatuko euskararen presentzia».

Bera, Pilar Iparragirre eta Lourdes Auzmendi geratu ziren aldizkariaren buruan. «Hala dio Joseba Sarrionandiak, Akordatzen eta Habanako Gaukaria-n; nik beti esan dut modu asanblearioan funtzionatzen genuela». Kolaboratzaileen artean, Sarrionandia bera, Koldo Izagirre, Ramon Saizarbitoria, Pello Lizarralde eta Itxaro Borda. Azalgile lanetan, berriz, Bixente Ameztoi eta Antton Olariaga, besteak beste. «Kolaboratzaile askoren aterpe ginen: refugium peccatorum bat, Joxan Elosegiren hitzetan. Abertzalea eta ezkerrekoa zen aldizkaria, baina irekia zen, ez oso ortodoxoa. Kazetaritza konprometitua egiten genuen, eta orduko borroka soziopolitikoak islatu nahi genituen: ekologismoa, feminismoa... Ondorioz, harpidedun tradizionalak galdu genituen, EAJren ingurukoak».

Egunkariaren ordua

Ordurako jada aldizkarian zegoen Joxemari Ostolaza; kudeaketa lanak egiteko, bereziki. Eta haren eskutik joan zen Joxemi Zumalabe, Garmendiak azaldu duenez. «Gerora haiek salbatuko zuten Argia». 1980an izan zen hori. Desadostasun editorialak eta zorrak tarteko, kaputxinoek langileen esku utzi zuten aldizkaria. Zeruko-a «galdu» zuen Argia-k, eta Donostiako Okendo kalean izan zuen egoitza. Ekonomikoki ere «lur jota» geratu zen. Orduan utzi zuen Garmendiak, eta erredakzioan erreleboa hartu zuten Pello Zubiriak, Josu Landak eta Iñaki Uriak, besteak beste.

«Salbatzaile etiketa hori ez zait gustatzen. Nik uste dut belaunaldi guztiek salbatu dugula Argia», azaldu du Zubiriak. Hasiera «oso zaila» izan zuten. «Ez genuen zorpetzeko ahalmenik; bankuek ez zuten konfiantzarik gurekin». 1982an, bi hilabeteko etena egin behar izan zuten. «Gazte multzo bat gelditu ginen, esperientziarik gabekoa. Baliabide gutxi genituen, baina gogo handia: egiten genuenaren kalitatea eta garrantzia ezin dut aztertu, baina pila bat produzitzen genuen, ikaragarri».

Kooperatiba gisa egituratu zuten enpresa. «Eboluzio logikoa zen hori; gure aurrekoen funtzionatzeko moduari heldu genion guk». Baina «erabat profesionalak» ez ziren inoiz izan. «Elkarlana» izan zen proiektua berriz altxatzeko gakoa. Teknologia mailan urratsak egiteari ekin zion taldeak: inprenta bat erosi, informatika enpresa bat sortu... «Baina dena handik eta hemendik lortuta: ezagun bat dudala horretan ari dena, badagoela familia bat lagundu nahi gaituena beste horrekin... Herri honetan gauza asko egin ditugu horrela, eta uste dut izpiritu horri eusten diogula oraindik».

Baina, horiek lortuta, Zubiria-eta ez zeuden geldi egoteko prest, eta haiek ekarri zuten berriz euskarazko egunkaria sortzeko proiektua. «Ikusi genuen aukera bazegoela horretarako. Garai apasionagarria izan zen». 1977an Egin eta Deia egunkariekin gertatutakoa gogoan zuten aldizkarian, baina horrek ez zituen atzera bota, nahiz eta orduko eztabaidak errepikatu ziren. «Gogoratzen ditut Joxemiren [Zumalabe] eta [Josu] Landaren diskusio beroak. Ondorio argi batera iritsi ginen: komunikabide elebidunekin euskara beti egongo zela kondenatuta bigarren mailakoa izatera: ETBrekin ikusten genuen hori. Zalantzarik ez genuen. Errelatoan egongo dira gorabeherak, baina egunkaria beharrezkoa zela uste genuen denok».

Horri begira, erredakzio taldea handitu eta prestatu zuten, Bibon kazetaritza ikasten ari zen talde batekin, bereziki: Imanol Murua, Luistxo Fernandez eta Lorea Agirre, besteak beste. Aldizkariko kazetari gehienek eta enpresa arloko arduradunek Egunkaria-ra jo zuten —Zubiria izan zen zuzendaria, eta Joxemi Zumalabe kontseilari ordezkaria—. Eta Argia berriz ere hustu zen, 1977an bezala. Lantaldean geratu ziren Garbiñe Ubeda, Pablo Sastre, Juan Joxe Petrikorena, Iñigo Makazaga eta Xabier Letona.

Ordukotik, Zubiriarentzat garrantzitsuena da egungo Argia-ren oinarriak finkatu zituztela; gero Euskaldunon Egunkaria-ren sorreraren 11 printzipioetan ere islatuko zirenak. «Gizarte mailan, urte batzuk pasatu dira geldoak, baina gertakariak abiadura hartzen ari dira, eta uste dut gizarteak eskertzen dituela printzipio horiek eta, bereziki, kazetaritza independentea egiten duen kazetaritza bat».

Independentzia

Euskaldunon Egunkaria-ren sorrerak Argia-n utzi zuen «krisia» gutxienez hirukoitza izan zen, Letonaren arabera: ekonomikoari eta kazetaritza ereduarenari «krisi humanoa» gehitu zitzaion. Egoera politikoa dela eta, kazetaritza egiteko «garai zailak» ziren Euskal Herrian. «Garai hartan ezker abertzaleak joera nabarmena zuen era guztietako erakundeak eta elkarteak kontrolatzeko, eta horrek eragina izan zuen lantaldean, gure arteko harremanetan». «Hamarkada oso bat» behar izan zuen aldizkariak zauri guztiak ixteko. «Baina irten ginen jadanik Argia-ren barruan ziren bi balio biziki indartuta: bata, langileak aldizkariaren jabe izatea; bestea, proiektuaren independentzia».

Krisiaren ondorengo urteetan, kazetari gazteen talde batek hartu zuen erreleboa; Letona geratu zen haien buru, zuzendariorde lehenengo eta zuzendari gero. Gaztetze horrekin batera, kazetaritzaren erronka berriei heldu zieten; digitalizazioari, bereziki. 1997an jarri zituen Argia-k sarean bere lehenengo edukiak. «Koloretako orriekin eta beste kontu batzuekin bezala, horretan ere aitzindari izan ginen. Gakoa beti izan da egitea: egin eta egin. Ausardia da euskal prentsak berezkoa duen ezaugarrietako bat».

Berak eta Zubiriak jarraitzen dute astekarian lanean, eta «indartsu» ikusten dute proiektua: «nortasun propioarekin», Letonaren arabera: «Bere txikitik Argia-k jarraitzen du izaten erreferente bat euskarazko kazetaritzaren sisteman, egiten dugun kazetaritza sozial eta independenteagatik, eta gure egiteko eta antolatzeko moduagatik».

BERRIAn argitaratua (2019/01/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA