iritzia
Beltzez (eta II)
Garazi Arrula Ruiz
Baztango karrikak beltzez estali ziren joan den astean; bestelako beltzez, argi-itzal ugari dituen horretaz. (H)Ilbeltzaren baitan mintzagai izandako liburuetan ez dira falta gogoeta sozial eta politikoak, botere gehiegikerien eta ustelkeriaren salaketak. Askotariko krisi garaietan, genero beltzaren loratzea ez da, egiaz, arraroa; Daniel Chavarría zenak zioenez, literatura beltza «generorik aproposena da patologia sozialetik eratortzen diren dramak jorratzeko». Formula aristoteliko zaharrari jarraikiz, goxotasuna eta erabilgarritasuna aldarrikatzen zituen idazle kubatartuak: fikzioaren eta mitoen bidez zerbait entretenigarria sortu salaketa politikoa egin asmoz.
XIV. mendean izurri beltzak Europa hartu zuen bezala zabaltzen ari da gure kaleetan eskuin muturraren patologia, eta, hala, badirudi genero beltzak nondik edan izanen duela datozen urteotan ere. Gauak eta kaleak gureak dira, oihu mugimendu feministak; antzera katalanek, kaleak beti gureak izanen dira. Eta kaleak ez dira, noski, mitoa baizik.