iritzia
Korrika
Maddi Ane Txoperena Iribarren
Azkenaldian indarra hartzen ari da komunikabideetan sexu erasoen gaia, eta, batzuetan, zalantza izaten dut egokia ote den horien berri hain zabal eta luze ematea. Eta hedabide batzuek egiten dutenez, gainera, sentsazionalismoz beterik eta gaizki. Zalantza sortzen zait, informatzea berez ongi dagoelako; izan behar dugulako erasoen berri; eta ez litzatekeelako egokia Frantziako komunikabideek bezala arazoa estaltzea. Baina nahigabe burura etortzen baitzait beti ni izan naitekeela hurrengoa; edozein emakume izan daitekeelako, eta ez gure iruditeriako andre sumiso eta buruarin hori.
Zalantza sortzen zait, hain justu, funtzio hori betetzen dutelako erasoek: emakumeon bizitzetan beldurra eragitea. Beldurrez korrika egitera joan baino anitzek nahiago izanen dutelako korrika egitera ez atera, bertzerik gabe. Edo, nik bezala, neguko arratsalde ilunetan ohiko ibilbidea aldatu, eta soilik herri barrenetik eginen dutelako laster. Edo gauez ez direlako bestara aterako, edo ez behinik behin bakarrik bueltatuko etxera; edo egitekotan, ez lasai. Eta ondorioz, emakumeon bizitzak eta sexualitatea kontrolpean edukiko dituztelako, menpean.
Horregatik segitzen dut bakarrik korrika egiten; zerbait gertatzekotan agian ezinen dudalako ekidin, baina nahiago baitut beldurrez korrika egin beldurragatik laster egiteari utzi baino.