bizigiro
ANA GALARRAGA
«Gizakiok ez ditugu hainbeste arrazoi horren harroak izateko»
Edu Lartzanguren
Zergatik bilduma hau, norentzat eta zertarako?
Booktegik proposatu zidan liburua egitea. Aritz Brantoni bururatu zitzaion zientzia gaiei tokia egitea, eta niri ere interesgarria iruditu zitzaidan edukitzea beste bide bat jendearengan iristeko. Izan ere, Elhuyarrek eta aldizkariak zientziarekin dute lotura hasieratik, eta badaukat sentsazioa horrek berme bat ematen duela, alde batetik, baina, bestetik, agian apur bat urruntzen gaituela. Horregatik gustatzen zaizkit horrenbeste komunikabide orokorretan egiten ditugun kolaborazioak. Zientziarekiko berariazko interesik ez duen jendearengana iristeko lekuak dira. Beti aprobetxatu behar dira aukera horiek.
Albaitaritza ikasi zenuen, baina gizakiekin zaude kezkatuta. Paradoxa bat da, edo besteok ikusten ez duten lotura bat dago hor?
Interesa dut, animaliak garen heinean. Hari bat eman behar nien artikuluei, eta, azken batean, guri zer interesatzen zaigu? Guri geure burua interesatzen zaigu. Hori nabarmena da; ikusten duzunean gehien irakurritako artikuluen zerrenda, bi motatakoak daude: eskoletan etxerako lanetarako agindutako gaiekin bat datozenak, planeten kontuak eta halakoak, eta guri, gizakioi buruzkoak, edozein ikuspegitatik: arkeologikotik, eboluzioaren aldetik... Izugarri gustatzen zaizkigu bereziak garela esaten duten artikuluak, euskaldunon genetikarekin loturikoak, adibidez. Ispiluaren aurrean jarri diot liburuari, zientzia nolakoak garen ulertzen saiatzen den diziplina bat delako, eta, horretarako, hainbat ispilu erabiltzen dituelako, biologiaren ispilua, genetikarena, arkeologiarena, ingurumenarena...
Ispilua, haatik, nartzizismoarekin ere lotuta dago. Zientzia al da horren kontrako terapia ona?
Izan ere, artikulu bilduma antolatuta dago erakusteko beharbada ez garela uste dugun bezain bereziak. Gizakiok ez ditugu hainbeste arrazoi horren harroak izateko.
Agian horregatik maite dituzu horrenbeste neanderthal-ak?
Bai. Oso adibide polita dira erakusteko zientziak esaten digula ez izateko horren harroak. Neanderthal-ekiko lilura hori Joseba Rios Garaizar arkeologoari zor diot neurri izugarri handi batean. Diego Garate Bilboko Arkeologia Museoko zientzia zuzendariarekin batera, ezinbestekoa izan da Rios hemen lehen zegoen aurreiritzi bat hausteko: Homo sapiens —gure espeziea— gaur bizirik iraun duen Homo generoko espezie bakarra da, hobea delako. Riosek eta Garatek frogatu dute hori ez dela horren sinplea. Homo neanderthalensis-ak ez dira gugandik horren ezberdinak, inondik inora, eta, Riosek esan ohi duen bezala, neanderthal batekin topo egingo bagenu metroan, ez genuke bereiziko gugandik, gutarikotzat hartuko genuke. Horrez gain, ikerketa genetikoek erakusten dute espezieon artean hibridazioa egon zela, eta ondorengoak izan zituztela. Espeziearen definizio oso zorrotza hartzen badugu, taxonomiak esaten digu bi espezie hibridatzen badira haien ondorengoek ez dutela jarraipenik izango, mandoekin gartatzen den bezala. Argi dago neanderthal-en eta sapiens-en arteko muga espeziarena baino askoz lausoagoa dela. Ni ez naiz ausartzen gaur espezie deitzera. Azken urteotako aurkikuntzok gure espeziearen ikuspegi supremazista aldarazi digute.
Baina esan al daiteke neanderthal-ak galdu egin zirela, hibridazioaren bitartez Homo sapiens-ak geneetan badaramatza oraindik ere?
Gure artean segitzen dute, gure geneak haien ondorengoak baitira, eta haien geneek egin gaituzte indartsuago hainbat gaitzen aurrean, eta ahulago beste batzuekiko.
Apaltasunerako beste arrazoi bat nabarmentzen duzu: Eudald Carbonell antropologo eta arkeologoak esaten duenez, Homo sapiens-a oraindik ez da guztiz gizakia, teknologiak ez duelako erabat eboluzionarazi. Giza aberea bere baitako animalian preso dagoela eta teknologiak askatuko duela uste duzu zuk ere?
Ez. Askoz eszeptikoagoa naiz, eta batzuetan tremendista ere jartzen naiz ikusita klimarekin eta ingurumenarekin eragiten ari garen hondamendia. Nahiko nuke Carbonellek arrazoia izatea, baina zaila ikusten dut, gure espeziearen barruan ditugun desberdintasun sozialengatik ere ez garelako gai izango berdintasunean denei salbatzeko aukera emateko. Gainera, gehiegi gara planetarentzat. Beste planeta batera joatea irtenbidea litzateke, edo, bestela, Lurrak dituen baliabide naturalak beste modu batean erabili beharko ditugu. Ez dut uste espezie gisa kontzientzia horren garatua dugunik.
Zergatik dago halako giro apokaliptikoa datuek erakusten dutenean inoiz baino indarkeria, gose eta gaitz gutxiago daudela munduan?
Normala da giro apokaliptikoa zabaltzea, beldurraren diskurtsoak beti eman diolako etekin handia aginteari. Geneetan eramango dugu hori ere.
Zientziaren dibulgazioa tresna eraginkorra al da irrazionaltasun horren kontra egiteko?
Bai. Ezinbestekoa iruditzen zait. Gure lana da ebidentziak mahai gainean jartzea, zertan ari garen ikusarazteko, eta beste aukera batzuk eskaintzeko. Politika ultrek, eskuinekoek eta atzerakoiek beti egin dute zientziaren kontra, eta ez dute ekarri zientziaren atzerakada bakarrik, baita gizartearentzako kaltea ere, oinarrizko egiak ukatzen dituelako, txertoen onura, esaterako. Demokrazia zientziarekin dago lotuta: demokrazia gutxiago, zientzia gutxiago. Eskuinak jakintza guztien kontra egiten du: historia ezabatzen eta berriz idazten du, adibidez. Arteari zentzua aldatzen dio, eta artelanak eta liburuak suntsitzen ditu bere ideiekin bat ez datozenean. Historian zehar gertatu da hori: adibide errazak ditugu gaurkoa ulertzeko.
Baina asko idazten duzu generoaz eta emakume zientzialariei jartzen dizkieten zailtasunez. Horrek ez al du esan nahi zientziaren mundua bera ere ez dagoela libre aurrejuzgutik?
Zientzia ez da neutroa, zientzialariek egiten dutelako, eta zientzialariak gizartearen zati bat direlako. Ez edozein zati, gainera: elite bat izan dira orain arte, eta hala izaten jarraitzen dute neurri handi batean. Sistema zientifikoa ez da demokratikoa, eta ez da berdinzalea, ez gizarte mailei dagokienez, ez arrazari begira, ez sexu harremanak beste modu batera bizi dituztenei begira. Eta, jakina, emakumeak ere baztertuta daude. Emakume izatea aurreko beste baldintza batekin gurutzatzen bada, gainera, orduan are aukera gutxiago dituzu zientzian aurrera egiteko. Hain da perbertsoa sistema, non argudio zientifikoak ere erabiltzen dituen bere alde egiteko, emakumezkoa gizonen mailara ez dela iristen esateko. Gaurko zientzialari belaunaldiari dagokio aurretik eraikitako ideologia hori deseraikitzea, eta dibulgatzaileon lana ere bada horren berri ematea eta aurreiritzi eta estereotipo horiek puskatzen laguntzea. Riosek eta lankideek arkeologian egin dute: gaur ez dizkigute eskaintzen betiko irudi haiek: Paleolitoko gizona ehizan agertzen dutenak, eta emakumezkoa kobazuloaren barruan. Lehenengo akatsa ikertzailearen begirada da. Horregatik, zenbat eta begirada gehiagorekin osatu, orduan eta hobeto ikusiko da.
Zientzian dabiltzan emakumeak gutxiesteko eta baztertzeko joerari buelta ematen ari zaio, edo uste ustela da?
Aste honetan bertan Antartikan ikertzen dabiltzan Australiako emakume zientzialariek artikulu bat atera dute kontatzeko zer-nolako bazterkeria pairatzen duten. Gainera, zientziaren sisteman bazterketa mota bat baino gehiago pairatzen dituzte emakumeek. Beldurgarria da. Hori gertatzen da gaur, australiarrekin ere. Horrek gaindituta egon behar zuela ematen du, ordea. Sistemak ezkutatu egiten du, ez delako sistema irekia eta demokratikoa. Ezin da zientzialari handien ospea zalantzan jarri, laborategiek eta unibertsitateek haiek babesten dituztelako; besteak beste, haiek lortzen dutelako finantzaketa, eta finantzaketarik gabe ezin delako egin zientzia. Oso sistema biziatua da, eta bada gure lana hori agerian jartzea.
Hemengo emakumezko zientzialariek gauza bera esaten dizute?
[Elhuyar] Aldizkarian badugu Ekinean izeneko atal bat, eta horretan hilero elkarrizketatzen dut hemengo ikertzaile gazte bat. Nik libre uzten diet zertaz hitz egin, eta askotan agertzen da bazterkeriaren afera. Ikusten da, esaterako, arlo feminizatuak —biologia, medikuntza...— ospea galtzen ari direla emakumeak gehiengo edo gizonezkoen pare izatera heltzen ari direlako. Nire helburua ez da esatea emakume gehiagok egin behar dutela zientzia, baizik eta eskatzea egin nahi dutenek mutilek adina erraztasun eta zailtasun edukitzeko.
Zientzia dibulgazioa euskaraz egiteak badu berezitasunik?
Euskalduna ez den zientzialari bati elkarrizketa egitea tokatzen zaidanean, galdetu egiten didate nolatan egiten dudan dibulgazioa euskaraz. Euskaraz lan egiten dut neure hizkuntza delako. Ez da horren zaila ulertzea. Baina teknologian dabiltzan neure lankideek sorturiko itzulpen automatikoko sistemekin, galdera horrek zentzua galduko du laster.
Bizi estralurtarra topatzea nahiko zenuke?
Bai. Denbora kontua da.
Zer eragin izango du horrek gizakiengan?
Bilboko Zientzia Planetarioaren buru Agustin Sanchez Lavegak esaten duenez, hori ere gure harrokeriaren kontrako zaplazteko handia litzateke, Lurra espaziotik zein txikia den ikustea edo Darwinen eboluzioaren teoria izan ziren bezala.