mundua
IRAIDA MOROCOIMA
«Zein demonio da tipo hori? Nork aukeratu du? Nola bozkatu da?»
Kristina Berasain Tristan
Zer gertatu da Venezuelan?
Kanpotik egituratutako estatu kolpe saiakera baten aurrean gaude. [Donald] Trump munduak egun duen munstro handiena da, eta munstro hori atera da inork ezagutzen ez duen tipo bat presidente izendatzera. Galdetuiozu edozein venezuelarri zein demonio den hori. Inork ez daki esaten. Zein arraio da? Nork aukeratu du? Non egin da bozketa? Nola bozkatu dute? Eskua altxatuz? Gizon bat atera da kalera esatera presidentea dela. Inork ez du ezagutzen aipatu nahi ez dudan gizon hori. Merkataritza gune baten aurrean aukeratu dute, ez eraikin ofizial batean, ez plaza batean, baizik eta hiriburuko ekialdean bizi diren aberatsen eta burgesen gotorlekuan, kapitalismoaren eta mentalitate gringoaren gotorlekuan. Burgesiaren hautagai izateko ahalegina egin du; izan ere, oposizioak aurpegi bat behar zuen.
AEBak ez ezik hainbat herrialde ere atera dira oposizioko presidentea babestera. Zer daukazu esateko horren aurrean?
AEBek egin dutena espero genuen, aurreikustekoa zen. Latinoamerikak eskuinera egin duela baliatu du munduko munstroak jokaldi hau egiteko. Segizio bat dauka, eta lotsagarria izan da. Denek egin dute bat legitimatu ezin daitekeena legitimatzeko, eta demokraziaren izenean egin dute, baina guk ez dugu onartuko estatu kolpe saiakera hau gauzatzen. Kalera aterako gara. Gringoek ezin dute jarraitu nahi dutena egiten. Oso haserre gaude. Mundua hankaz gora dago, baina une honetan inoiz baino gehiago munduko herriek altxatu egin behar dugu. Kontinenteko herriek elkarrekin egin behar dugu borroka.
Zergatik esku-hartzea?
Trumpek herri hau gobernatu nahi du. Gringoek beti nahi izan dituzte gure baliabide naturalak, petrolioa bereziki, eta, horretarako, herritarrak eta politikariak euren esanetara eduki behar dituzte, baina herri honek inoiz ez du amore eman, eta inoiz ez du amore emango. Ez gara errendituko. Une zaila da, beste bat gure historian eta gure erresistentzian, baina gure odolan daramagu erresistentzia, eta ez ditugu yankiak nahi. Herri subirano bat gara, herri zintzo bat, bakea nahi duena, eta borrokatzen duena, gure arbasoek inperioen eta kolonoen kontra borrokatu zuten bezala. Historia presente daukagu.
Batzar Nazionaleko presidentea da Juan Guaido.
Batzar Nazionala ez da deus. Orain arte ez du ezer egin. Ez dago aktiboan. Parapeto bat da. Bolivar kritikatzea da egin duen bakarra. Oposizioak ez du herri barruan eragiteko gaitasunik eta horregatik jo du kanpora, babes bila. Berriro diot: erabat ezezaguna da, esango nuke oposizioak ere ez duela ezagutzen. Oposizioak egin duena da munduari aurkeztu inork ezagutzen ez zuen hautagai bat.
Herritarrekin batzar irekiak egin dituela zabaldu dute.
Gezurra da hori. Inperioak bidali duen gizontxo bat da, inork ezagutzen ez duena, inork ez zion aurpegia jartzen orain arte. Oposizioa oso zikin jokatzen ari da. Gobernuaren kontra egiteko bide lizunak erabili ditu. Azkenaldian gazteen botoak erosten ari dira dolarrekin, gazte horiek kalera atera daitezen liskarrak sortzera. Kontua da beraiek ez dutela buruzagirik, ez dutela liderrik, ez dutela heroirik, askatzailerik. Simon Bolivar zein den ere ez dakite, eta, hortaz ez diote errespetua aberriari. Bere aberria ezagutzen ez duenak ez dauka arazorik aberria gringoei saltzeko.
Oposizioak milaka lagun atera ditu kalera. Polarizazioa dago gizartean...
Sozialismoa eraiki nahi duen herri bat dago, berdintasunaren alde borrokan ari dena. Eta, bai, akaso desberdin pentsatzen duen jendea dago, eta horiekin hitz egiteko prest dago Maduro. Baina ez dugu ahaztu behar hauteskundeak irabazi zituelako dela presidente. Oposizioa bozkatzera joan zen, eta guk ere hala egin genuen. Sei milioi lagunek eman genion botoa Madurori. Presidente legitimo bat eta bakarra daukagu, eta errespetu falta bat da pertsona batek kale erdian esatea presidentea bera dela. Maiatzaren 20an egin ziren bozak, eta sei hautagai lehiatu ziren. 2015eko bozetan erabili zen sistema bera erabili zen iazko bozetan, eta orduko hartan oposizioak irabazi zuen. Bozak gardentasunez egin ziren eta hautagai bakar batek ez zituen emaitzak inpugnatu. Venezuelan gertatu dena ezin da praktika legitimatu bat bezala aintzat hartu. Hau oso larria da. Maduro hauteskunde libre batzuen ondorioz da presidente.
Aurretik negoziazioak egin zituzten Dominikar Errepublikan. Zergatik ez zuten aurrera egin?
Presidenteari zerbait leporatzen badiogu da etengabe aritu dela hitz egiten oposizioarekin, baita zikin jokatzen ari direnekin ere. Negoziazioetan akordio batera iritsi ziren, baina dokumentua prest zegoenean oposizioak atzera egin zuen. Oposizioak ez du negoziaziorik nahi. Elkarrizketa prozesu asko egon dira, baina beti modu berean amaitzen dira, oposizioak alde egiten du. Traidoreak dira. Ez dute hitza betetzen.
Elikagairik eta botikarik ez dagoela diote. Hala al da?
Elikagaiak badaude, egia da garesti daudela, eta haragi eta arraia eskasa dela, baina hori blokeoagatik da, eta esan behar dugu gobernuak oinarrizko elikagaien saskia banatzen duela. Gobernuak, blokeo egoera honetan, herritarrei ematen dien babesa itzela da. Atzo kalera atera ziren enpresariak dira herritarrak gosez hiltzearen erantzuleak. Espekulatzaile hutsak dira. Gerra ekonomiko bat da. Venezuelan petrolioaren ekoizpena murriztu bada ere, herrialde aberatsa da, herrialde rentista da, baina blokeoa itzela da. Blokeoa da egoera honen erantzulea, blokeo horrengatik sortu da krisi ekonomikoa eta horrek herritarren artean ziurtasun eza eragin du. Eta deskontentua. Gerrarako dolarra inposatzen ari dira, eta erosteko ahalmena jaitsi da. Maduroren neurri ekonomikoak epe luzerakoak dira.
Zer gertatuko da datozen egunotan? Kalera ateratzeko deia egin dute bai oposizioak eta bai gobernuak.
Gu kalean egongo gara eta mezu bat helaraziko diegu gringoei eta oposiziokoei, eta da bakean eta demokrazian sinisten dugula. Ez gara errendituko, garaipena gurea da.