astekaria 2016/01/22
arrowItzuli

mundua

GILLES SIMEONI

«Korsikak badu bere geroaz erabakitzeko bokazioa»

Iñaki Petxarroman

«Korsikak badu bere geroaz erabakitzeko bokazioa»

Manuel Valls Frantziako lehen ministroarekin elkartu aurretik erantzun ditu Gilles Simeoni (Bastia, 1967) Korsikako Kontseilu Exekutiboko presidente nazionalistak BERRIAren galderak, telefonoz. Euskal Herriari zortea opaz amaitu du elkarrizketa, «Gora Euskadi!» esanez.

Zer eskatuko diozu Frantziako lehen ministroari?

Ireki dezala, gobernuaren eta estatuaren izenean, benetako elkarrizketa prozesu bat Korsikarekin, eta har dezala bere gain izandako azken hauteskundeen emaitzen ardura, haietan herritarrek alderdi nazionalistak jarri baikaituzte gobernu ardura postuetan. Aldi berean, adierazi nahi diogu apustu irmoa egiten dugula estatuarekin elkarrizketa prozesu bat zabaltzeko irtenbide politiko orokorra bilatzeko.

Zer iritzi duzu hauteskundeetako emaitzez, aste batzuk pasatu direnean?

Alderdi abertzaleen garaipena historikoa izan da. Herritar ugarik bozkatu dute gure alde, eta ez bakarrik abertzaleek. Izan dira sekula alderdi nazionalistei bozkatu ez dieten herritarrak guri konfiantza eman digutenak. Eta horrek oinarri sendoa ematen dio Korsikari bide berri batean sartzeko, bakea eta askatasuna lortzeko.

Vallsek esan berri du Korsikako nazioa ez dela existitzen eta Frantzia dela nazio bakarra. Hala ere, uste duzu aukera dagoela elkarrizketa politikoa bideratzeko harekin?

Ezin da pentsatu estatua erabat itxita geratuko dela aldaketen aurrean. Korsikako herritarrek libreki adierazi duten nahiak ondorio politikoak izan behar ditu. Korsikako herria existitzen da, errealitate historiko eta politikoa da, eta estatuaren aldetik espero dugu elkarrizketa abiatzea hainbat punturen inguruan, besteak beste, argitzeko gure komunitatearen etorkizuna.

Jean-Guy Talamonik korsikeraz hitz egin du Korsikako Asanblean eta horrek kritika gogorrak eragin ditu sektorerik jakobinoen artean. Zer iritzi duzu horren inguruan?

Batzuek hizkuntzak jarri nahi dituzte elkarri bizkar emanda, baina normala eta naturala da Korsikako hautetsi batek, nazionalista izan edo ez, korsikeraz hitz egitea, hala nahi baldin badu. Guk nahi dugu korsikerak ofizialtasun estatutua lortzea eta bi hizkuntzak elkarrekin bizitzea modu normalizatu batean alor publiko eta pribatuaren jarduera guztietan.

Ez da izango erraza ezta, oraindik ere sektore oso atzerakoiak daudelako Frantzian gai honi dagokionez?

Egia da tradizio jakobinoa oraindik ere oso txertatua dagoela Frantziako politikaren barruan, baina ohartu behar dute kultur eta hizkuntza aniztasuna aberastasuna dela gizarteentzat eta norbanakoentzat.

Gatazka armatu baten erdian bizi izan da zuen herria azken hamarkadetan, eta horren ondorioz preso politiko asko daude oraindik. Zein dira zuen asmoak horri dagokionez?

Korsikako preso politikoak arazoaren parte dira, eta, beraz, irtenbidearen parte ere izan behar dute. Guk preso politikoen amnistia desio dugu, eta horri buruz hitz egin beharko dugu elkarrizketa prozesu sakon baten barruan, baina, badakigu behin betiko irtenbideak ezin duela berehalakoa izan, eta momentuz hauxe da gure helburu berehalakoa: estatuak bere legedia betetzea eta presoak eramatea euren jatorritik gertueneko presondegietara.

Europako nazio gutxituak pixkanaka altxatzen ari dira euren ahotsa Eskozian, Katalunian, Euskal Herrian... Testuinguru horretan espero duzu Korsikako herriak ere erabaki ahal izatea bere etorkizun politikoaz?

Jakina. Gertutasunez, interesez eta suharki jarraitzen ari gara Katalunia, Eskozia eta Euskal Herriko prozesuak. Badakigu ez direla egoera identikoak, baina argi diogu: Korsikako nazioa bada eta bere askapen ekonomiko, sozial, kultural eta politikorako bide propioa bilatu behar du.

Uste duzu posible dela Korsikan ere etorkizuna erabakitzeko autodeterminazio erreferendum bat antolatzea?

Ez da eztabaidaren agendan dagoen gai bat oraingoz, baina agerikoa da Korsikako herriak baduela bere geroari buruz erabakitzeko bokazioa, baita bere antolaketa instituzionalari buruz ere, besteak beste.

2018rako aurreikusten da Korsikako lurralde kolektibitate bakarra indarrean jartzea. Zein da zure plangintza alor horretan?

Epeak oso estuak dira, zereginak handiak baitira. Horrek esan nahi du, azken finean, herri bat eraikitzea alor guztietan, alor ekonomiko eta sozialean barne, zeinetan zailtasunak handiak diren. Saiatuko gara erronkari eusten, baina kontziente izanda dena ezin dela egin bi urtean.

Protesta ugari izan dira azken asteotan immigrazioaren aurka. Zer egiteko asmoa duzu egoera lasaitzeko?

Korsikaren borroka aurrerakoia da, eta ez dago tokirik, adibidez, arrazakeria eta bazterketarentzat. Integrazio eredu indartsu baten aldeko apustua egiten dugu, eta horretarako behar dira neurriak, besteak beste, korsikeraren koofizialtasunarentzat. Eta, bestetik, indarrean jarri behar dira neurriak garapen ekonomiko eta soziala lortzeko, enpleguaren bidez, formakuntza eta herritarren aukera berdintasuna sustatuz, betiere gizarte solidario bat lortzeko helburuz.

BERRIAn argitaratua (2016/01/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA