gizartea
Suizidioa, bere hotzean
Jokin Sagarzazu
Herrialdeka, berriz, ez dago alde handirik biztanle kopuruaren eta beren buruaz beste egin dutenen arteko proportzioan; bertsua da Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Baina pixka bat handiagoa da Bizkaian. Estatistikek erakusten dute suizidiorako joera handiagoa dela biztanle asko dituzten udalerrietan, eta txikienetan. INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, hiriburuetan eta 10.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan jazotzen dira kasu gehienak. Beren buruaz beste egiten duten hiru herritarretik bat bizi da hiribururen batean. Eta lautik bat, herri txikiren batean.
Suizidioei buruzko estatistiketan, beste batzuetan bezala, 100.000 biztanleko tasa erabili ohi da da neurgailu gisa. Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan oso antzekoak dira kopuruak; batez beste, iaz zortzi pertsonak egin zuten beren buruaz beste 100.000 biztanleko. Kopuru horrek nabarmen egiten du gora Bidasoko mugaz iparraldera: Pirinio Atlantikoetako suizidio tasa Hego Euskal Herrikoaren halako bi da han. Hala, Hego Euskal Herriko datuak gertuago daude Espainiako batezbestekotik —tasa bera da— Ipar Euskal Herrikoetatik baino. Pirinio Atlantikoetako tasa Frantziako Estatuaren menpeko lurraldeetako batezbestekoaren gainetik dago: bi puntu gehiago. Europako batezbestekoa baino handiagoa ere bada.
Sexuen araberako banaketan ere alde nabarmena antzeman daiteke. 100.000 biztanletik sei gizonek egiten dute beren buruaz beste, eta bi emakumek. Zehazki, Hego Euskal Herrian 174 gizonek eta 54 emakumek egin zuten beren buruaz beste iaz. Pirinio Atlantikoetan, berriz, 80 gizonek eta 25 emakumek, 2015ean. Proportzio bera da mugaren alde batean eta bestean: %76 gizonak, eta %24 emakumeak. Europako batezbestekoaren oso antzekoa da, halaber: %78-%22.
Gazteagoak
Adin tarte guztietan gertatzen da proportzio hori. Baina handiagoa izaten da gazteenen eta zaharrenen artean. Adibidez, Hego Euskal Herrian, 15-29 urteen artean beren buruaz beste egin zuten guztiak mutilak izan ziren. 80 urtetik gorakoen artean ere nabarmen gehiago dira beren burua hiltzen duten gizonezkoak (%92). Pirinio Atlantikoetan ere bada joera hori. Eta Europan, oro har.
Ikerketa batzuetan azpimarratzen da saiatu baina hiltzen ez diren emakumeak halako hiru gehiago direla, eta, bereziki, gazteenen artean gertatzen dela hori. Suizidio ahaleginei buruzko datu ofizialik ez dago, edo oso gutxi daude. ATIH ospitaleratzeei buruzko informazioa zabaltzen duen Frantziako agentzia publikoak, baina, agerian utzi zuen errealitate hori txosten batean. Akitaniakoak dira datuak, 2013. urtekoak. Suizidio ahaleginen bat egin zuten 15-19 urtekoen artean lautik hiru ziren neskak.
Beren buruaz beste egiten dutenen soslaia gaztetzen ari dela erakusten dute ikerketek. Suizidio guztietatik ia herenak 65 urtetik gorako pertsonen artean izan ziren 2010ean. Orain, 45-65 urte artekoetan izaten da kopururik handiena. Azken urteetako txostenek, halaber, agerian uzten dute 15-25 urte bitarteko gazteen artean gora egin dutela suizidioek. Gaur egun, 40 urtetik azpikoetan hori da heriotza kausa nagusia, askotariko istripuen ondoren: 33 gaztek hil zuten beren burua, eta 99 hil ziren istripuetan Hego Euskal Herrian iaz. Nabarmen gehiago dira beren buruaz beste eginda hildakoak gaixorik hildakoak baino.
Azken urteetako inkestetan joera da beren buruaz beste egiteko moduari buruzko informazioa ematea. Datuok hotzean hartuta, ondoriozta daiteke urteak pasatu ahala txikitzen ari dela altuera handiko leku batetik salto eginda beren buruaz beste egin dutenen kopurua, eta handitzen ari dela pozoiekin eta bestelako substantziekin egiten dutenena. Dena den, metodo nagusia izaten da oraindik ere aurrenekoa (%40); jarraian, lesio bidezko (urkatuta, itota...) suizidioak (%35).
Beren burua hiltzeko erabiltzen den metodoa aztertzeko orduan, sexuen artean dauden desberdintasunak nabarmentzen dira ikerketetan —INErenean eta CepiDc-erenean, esaterako, generoaren aldagaia erabiltzen dute eta ez adinarena edota besteren bat—. Hala, datu horien arabera, ondoriozta daiteke gizonen artean banatuagoa dagoela; beren buruaz beste egiten duten emakumeen artean, berriz, gehienek hautatzen dute garaiera handiko leku batetik botatzea. Iaz, Hego Euskal Herrian, hori egin zuten andreen %62k, eta gizonezkoen %32k. Gizonek nahiago izaten dute beren buruak lesionatuz hiltzea —urkatuta, itota, labana batekin...—; hori egin zuten %39k, eta emakumeen %21ek. Emakume bakar batek ere ez zuen erabili suzko arma bat hiltzeko; gizonen %9k aukeratu zuen hori.
Askotariko faktoreak
Logikoa denez, estatistiketan ez da azaltzen pertsona horiek beren buruaz beste egitearen arrazoia zein den. OME Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, baina, suizidio kasu gehienen atzean patologia mental bat dago, buruko osasun arazo bat. Bikote hausturak, etxeko egoera, ikastetxekoa, ume edo gaztaroan jasandako esperientzia bortitz bat, edota, adinean aurrerago eginda, lan baldintzak, pobrezia, arazo juridikoak... Erakunde horren arabera, hamaika faktorek elikatu ditzakete patologia horiek; eta drogen eta alkoholaren kontsumoek areagotu egin ditzakete.
OMEren arabera, suizidio guztiak ezin dira eragotzi, baina gehienak bai. Arriskuak gutxitzeko neurri hauek proposatzen ditu: hiltzeko bitartekoak eskuratzeko aukera murriztea; buru nahasmenduak dituzten pertsonak artatzea, bereziki depresioa, alkoholismoa edo eskizofrenia pairatzen dutenak; ahaleginen bat egin duten pazienteen jarraipena egitea; lehen mailako osasun arretako profesionala prestatzea; eta komunikabideetan gaiaren inguruko tratamendu arduratsua sustatzea.