politika
Motibazio politikoko 416 biktima zerrendatu ditu Aranzadik Hernanin
Enekoitz Telleria Sarriegi
Eta esanguratsuak dira emaitzak: motibazio politikoko 416 biktima, giza eskubideen 662 urraketa, bizitzarako eskubidea urratutako hamalau lagun —zazpi eskuin muturreko taldeek edo estatuarekin harremana duten talde parapolizialek hildakoak, sei ETAk eta kasu bat argitu gabea—, eta tortura eta tratu txarrekin lotura duten 215 kasu, besteak beste. Javier Bucesek nabarmendutako datu bat ere bai, orain arte gai beraren inguruan egindako antzeko lanek eman ez duten datua baita: 5.000 biztanle baino gehiago dituzten Gipuzkoako 34 udalerrietatik —probintziako handienak, beraz—, Hernanin eta Astigarragan soilik izan ziren eskuin muturreko taldeek, parapolizialek edo poliziek eragindako bizitzarako eskubidearen urraketa gehiago izaera subertsiboko talde armatuek, nagusiki ETAk, eragindakoak baino.
Dena dela, Bucesek argi utzi zuen ikerlaneko zerrendatzea jasandako giza eskubideen urraketa ezberdinen arabera dagoela eginda, «ez egiletzaren arabera». Onartu zuen «gogorra» izan dela lana, «sufrimenduz betea». Iazko apirilean hasi ziren, eta orain arte egindakoarekin «fase bat» amaitzen dela nabarmendu zuen, baina ezer itxitzat eman gabe. «Badakigu jendea falta dela, eta itxarongo dugu».
Hernaniko Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek babestu dute ikerlana (EH Bildu, EAJ, Orain Hernani eta PSE-EE), eta denak izan ziren atzoko aurkezpenean Luis Intxauspe alkatearen alboan. Hark azaldu zuen, 2015eko azaroan, Oroimenaren Egunean, Ave Maria parkean Memoriaren Harria jarri zutenean «mugarri» bat ezarri zutela, eta orduan adostu zutela Hernaniko historia azaleratu beharra, historia ez zegoelako «osorik» jasota: «Batzuetan, besteek isildua izan delako; besteetan, historiaren zati bat bakarrik ikusi nahi izan dugulako». Eta horregatik eman ziotela enkargua Aranzadiri. «Badakigu hemen ez daudela guztiak, seguruenik biktima gehiago daude, eta egia osatzen jarraituko dugu».
Udaleko ordezkari denen izenean, biktima horiei guztiei euren «errespetua, dolumina eta babesa» adierazi zien Intxauspek. «Egia hemen daukagu», esan zuen txostena eskuetan zuela: «Honek, erreparazioa lantzeko bidea ematen digu».
Testigantza emandakoak
Aitortzarako ere balio izan zuen atzoko aurkezpen ekitaldiak. Txostenean testigantza eman duten hiru lagun izan ziren: Juanjo Uria (ezker abertzaleko alkate izandakoa 1979tik 1983ra), Jose Ramon Lasarte (EAJko zinegotzi izandakoa 1991tik 2003ra) eta Jose Morcillo (PSE-EEko zinegotzi izandakoa 1979tik 2007ra). Haien «ekarpena» eskertu zuten nola udalak hala ikerlariek.
«Hunkituta» mintzatu zen Juanjo Uria alkate ohia, BERRIArekin. Ikerlariek datu bilketa «esanguratsua» eta «beharrezkoa» egin dutela esan zuen, eta «alde batekoak zein bestekoak» izan direla «ehunka kasu» horietan. «PSEeko ordezkariari esaten nion gure belaunaldian ez dela horren erraza izango, baina guk gure testigantzak utziz gauzak erraztu behar dizkiegu atzetik datozenei, hemendik urte batzuetara konpontzeko bidean dagoen helburu horretara iristeko».
«Borondate onarekin» eta «zintzo» jokatu beharra nabarmendu zuen Uriak. «Jakinda herri honetan sufrimendua askotarikoa izan dela. Hori onartu behar da, eta denok egin behar dugu ekarpena hori guztia bideratzeko».