astekaria 2019/01/25
arrowItzuli

bizigiro

Bide bakarra, partekatzea

Maialen Unanue Irureta

Bide bakarra, partekatzea

«Lan finkoa izanda ere, bota zaitzakete: zer egiten duzu hipoteka batekin?»

Karmele Salsamendi Olasagasti Alokairu partekatuan

Gurasoenetik atera zenez geroztik, beti partekatu izan du etxebizitza Karmele Salsamendi Olasagastik (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1988). Salbuespen bakarra, Madrilen bizi zenean izan zen: bi urte egin zituen han, eta bere kasa bizi izan zen hilabete gutxi batzuez: «Hasieran, bakarrik nengoen: lana hiru hilabeterako zen, eta estudio bat alokatu nuen 500 euroan, baina praktiketan nengoenez, ezin nuen hainbeste ordaindu; jende gehiagorekin bizitzea erabaki nuen, gastu guztiak neure gain hartu behar ez izateko».

Itzuli zenean, 2017an, ez zuen egoera oso atsegina topatu: «Han etxekide nuen batekin etorri nintzen: intentzioa Donostian alokatzea zen, baina ikusi genituen prezioak ikusita, ezinezkoa zen». Salsamendiren jaioterrian bertan topatu zuten bizilekua, nahiz eta «Lasarte-Oria izateko, nahiko garestia» izan: 750 euro. Etxekideak lana topatu nahi zuen Euskal Herrian, bertan bizitzea zer zen probatu, baina sei hilabeteren ondoren, Berlinera joan zen, gustuko ezer topatu ezinda: «Kostatu zitzaidan beste norbait aurkitzea; ingurukoei galdetzen hasi, eta bi aukera zeuden: bikotekidearekin joanak ziren, edo aurrezten ari ziren hipoteka batean sartzeko». Inguruko gehienek lan egonkorra dute, haren esanetan, eta nahiago dute etxea erosi: «Alokatzea dirua botatzea iruditzen zaie, baina, noski, nire kasuan ez dago besterik: ni gaur egun ezin naiz sartu hipoteka batean».

Ohartarazi duenez, lanak guztiz baldintzatzen du emantzipatzeko modua. Lan finkoa dauka orain, baina lanaldi erdikoa da; beste erdia etxean lan eginez osatzen du: poltsak eta motxilak egiten ditu, besteak beste. «Gaur egun, lan finkoa izanda ere, edozein momentutan bota zaitzakete: egoera horretan, zer egiten duzu hipoteka batekin?». Alde horretatik, alokairuak «lasaitasuna» ematen dio.

Ez du irudikatu ere egiten etxe bat erostea, baina bakarrik bizitzearekin amesten du: «Etxea partekatzea primeran dago, baina uste dut 25 urterekin edo 30ekin desberdin pentsatzen dugula; gustura alokatuko nuke zerbait nik bakarrik, baina, gaur egun, ezin dut». Gainera, haren ustez, etxea partekatzeko diru laguntzen baldintzak ez datoz bat errealitatearekin: «Orain atera da bat 25-35 urte bitartekoentzat, baina mugatu da: arazoa da etxeak gero eta garestiagoak direla, eta ez dagoela laguntzarik benetan behar dugunontzat». Alokairu soziala bultzatzea litzateke arazoari aurre egiteko modu on bat, haren ustez.

 

«Badirudi bikotekidearekin edo bakarrik bizitzea dela bide bakarra»

Iker Oiz Alokairu partekatuan

Bizileku ugari izan ditu Iker Oizek (Iruñea, 1986), eta guztietan partekatu du unean uneko aterpea jende gehiagorekin. Beharrak hala bultzatuta, baina ez soilik; espazioa eta eginbeharrak partekatzea gustuko du, baita etxekideekin «amankomunean» bizitzea ere: «Kolektiboan bizitzea gustatzen zait». 18 urterekin Bartzelonara joan zen ikastera, eta ordutik Londresen eta Valentzian (Herrialde Katalanak) ere bizi izandakoa da. Bizpahiru urte dira Iruñera bueltatu dela.

Gaur egun, beste bi lagunekin bizi da, baina, esan duenez, halako adibide gero eta gutxiago dituela inguruan. «Normatibitateak eta gizarteak eramaten gaitu, nolabait, indibidualismorantz: badirudi lagunekin bizitzea fase bat dela, eta bikotekidearekin bizitzea edo bakarrik bizitzea dela bide bakarra».

Iruñera heldu zenean, «segituan» joan zen lagun batzuekin bizitzera; etxe hura utzi behar izan zuten, ordea, jabearen kontu pertsonalengatik, eta bilatzen hasi zirenean, pixka bat izutu egin ziren: «Bat-batean, asko garestitu ziren Iruñeko alokairuak, ia Bartzelonaren pare jartzeraino: alokairuko babes ofizialeko etxebizitza bat topatu genuen, eta, beraz, prezioa oso ondo dago». Aitortu duenez, «sekulako zortea» izan dute, baina amorrua ematen dio alokairuen munduan gertatzen denak: «Horrela izan beharko luke berez: gure kasuak ez luke salbuespen izan behar; alokairuko etxeek kontrolatuta egon beharko lukete, gehieneko prezioak finkatu beharko lirateke. Hori egin ezean, oraintxe gertatzen ari dena gertatzen da».

Etxetik egiten du lan Oizek, ikus-entzunezkoen alorrean. «Autonomo nago; beraz, nire lana ez da egonkor-egonkorra; ez asko, baina Iruñera bueltatu naizenetik, lantxoak ateratzen ari zaizkit». Kontziente da bere lan egoerak bete-betean baldintzatzen diola bizitza. «Lan egonkor bat baldin badaukazu, proiekzio batzuk egin ditzakezu: nire lana ez da horrelakoa, eta beste era batean planteatzen dut etorkizuna». Zentzu horretan, etxe bat erostea ez da bere planetan sartzen: «Oraintxe bertan ez daukat intentziorik, eta aukera ekonomikorik ere ez. Dena den, egunen batean planteatuko banu, nahiagoko nuke kolektiboan bizitzeko aukera emango lidakeen kooperatiba bat edo beste eredu bat sortzen saiatu».

Etxebizitza partekatzea ekonomikoki «errazagoa» dela dio, baina hortik harago doaz bere interesak. «Bakarrik bizi bazara, etxeko karga guztiak zure gain hartu behar dituzu; guk dena egiten dugu guztion artean». Baina ez da etxeko lanez soilik ari: «Izatez, pisua konpartitzeak ez du esan nahi dena elkarrekin egitea, baina niretzat garrantzitsua da hori: politagoa iruditzen zait zure intimitatea maite dituzun horiekin konpartitzea; familia moduko bat sortzen da, zuk aukeratutako familia».

 

«Alokairua asko ari da garestitzen Zazpikaleetan, baita hortik kanpo ere»

Olatz Elejalde Alokairu partekatuan

Ikasle garaian hasi, eta gaur arte: ohituta dago Olatz Elejalde (Orozko, Bizkaia, 1985) etxebizitza partekatzen. «Erosteko dirurik ez, eta independizatzeko ez dago beste aukerarik». Oraingo etxekideak, esaterako, ez zituen ezagutzen alokatu aurretik; beste etxe batzuetan bizi zenean, bai. Idealista plataforman topatu zituen gaur bizi den etxea eta etxekideak: «Bi iragarkik eman zidaten atentzioa, euskaraz idatzita zeudelako, eta bi horietara soilik idatzi nuen».

Horra jotzea beste aukerarik ez zitzaion gelditu Elejalderi. Izan ere, bere ingurukoek ez dute etxea lagunekin partekatzeko joerarik: «Orozkoko kuadrillan, ia guztiak edo gurasoen etxean bizi dira, edo jada euren etxea erosi dute; unibertsitateko kuadrillan, gauza bera: ia gehienek erosi egin dute». Gurasoenean bizi direnen artean, bada alderik, zehaztu duenez: gurasoekin edo gurasoek daukaten bigarren etxebizitza batean bizi dira. Elejalde, aldiz, beste bi lagunekin bizi da, eta hiruren artean egiten dituzte garbiketak, erosketak, eta otorduak: «Primeran moldatzen gara, eta, horregatik, ez dira nire etxekide hutsak: familiakoak balira bezala da». Baina etxea partekatzeak badu alde txar bat, aitortu duenez: «Ez daukagu intimitaterik, baina tira».

Bilboko Zazpikaleetan bizi da, gaur egun: gastuak kontuan hartu gabe, 800 euro ordaintzen dute alokairuagatik. Dena den, alokairuen panorama belzten ari dela ohartarazi du. «Alokairua asko ari da garestitzen Zazpikaleetan, baita hortik kanpo ere: nire ezagun batzuk Zabalgunean bizi dira, eta 500 euro inguru ordaintzen du bakoitzak logelagatik bakarrik». Elejaldek berak inoiz ez du jaso etxea partekatzen dutenentzako diru laguntzarik. «Tuntun samarra izan naiz: ziurrenik, jasotzeko aukera izango nuen orain arte, baina ez ditut jaso, ez ditudalako begiratu ere egin».

Etorkizunean bai, etxe bat erosi nahi luke. «Suposatzen da baietz, baina lanaren arabera izango da». Orain arte, bata bestearen atzetik kateatu izan ditu lanak: «Eta soldata oso baxuekin, gainera; horrela ez dago aurrezterik ez erosterik ere, ezta pentsatu ere». «Orain daukadan lana sei hilabeterako da; Eusko Jaurlaritzaren zuzenbideko lan poltsa batean nago: ez dakit berriro hartuko nauten, baina suposatzen dut baietz». Lan egoerak, alde horretatik, guztiz mugatu dutela eta oraindik ere mugatzen dutela nabarmendu du Elejaldek: «Orain arte ezin izan dut ezer aurreztu: orain, nire lan baldintzak oso onak dira, baina hori mantendu egin behar da luzaroan, aurreztu ahal izateko».

 

 

BERRIAn argitaratua (2019/01/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA