ekonomia
«Merezi izan du grebak»
Joxerra Senar
Martzilla eta Faltzes arteko NA-660 errepidearen alde batean foruzainak daude, kaskoak buru gainean eta borrak eskuan; beste aldean, haiei jaramonik egin gabe, Huerta de Peralta enpresako hainbat langile, besoak altxatuta eta elkar besarkatzen, akordioa ospatzen. 28 eguneko grebaren ostean, blokeatuta zeuden negoziazioei berrekin zien zuzendaritzak, eta hitzarmena lortu zuten bi aldeek. Atzo goizeko hamarretan batzarra egin zuten langileek, eta onespena eman zioten edukiari. «Oso egun gogorrak izan dira. Ez da erraza hemen hotza pasatzen egotea, eguneroko gastuei aurre egin ezinik, baina merezi izan du grebak. Borrokarekin dena lor daiteke», azpimarratu zuen El-Hussine Jagubi langileen batzordeko presidenteak, aldi berean, egunotan jasotako elkartasuna eskertuz. Haren alboan, irribarretsu, Imanol Karrera Nafarroako LABeko eledunak balorazio «oso positiboa» egin zuen, «langileek erakutsitako irmotasunagatik eta duintasunagatik».
Huerta de Peraltako (Azkoien, Nafarroa) lan gatazkak lortu du oihartzuna Erriberan eta, oro har, Euskal Herri osoan. «Enpresak behartuta joan ginen grebara», gogorarazi zuen Jagubik, atzo. Hasieratik bilatu zuten kaleratutako langileak berriz hartzea, aurretik ordaindu gabeko aparteko orduengatik zor zizkieten 440.000 euroak itzultzea eta enpresako lan hitzarmenaren elkarrizketei ekitea. Langileen batzordean, LABek sei ordezkari ditu, CCOOk bi eta UGTk bat.
Atzo, enpresak onartu egin zuen itzultzeko prest ziren lau langiletik bi berriz hartzea eta zorraren %70 itzultzea -LABek proposamen hori helarazi zien urtarrilaren 2an-. Aldi berean, lan hitzarmena negoziatzeko konpromisoa agertu du Huerta de Peraltak.
Imanol Karrerak garrantzi berezia eman zion puntu horri, sektoreko hitzarmeneko baldintzen gainetik lan ituna izateko bide bat ireki delako lan gatazkari esker. «Akordioak aukerak irekiko ditu enpresan lan baldintza duinak izateko eta, etorkizunari zein sektoreari begira, Huerta de Peralta eredu izateko». Enpresan lan egiten duten langile ia denak etorkinak dira, Erriberan landa eremuko langile gehienak bezala.
LABek egunotan salatu izan duenez, kasu gehienetan, euren lan eskubideak betetzeko eta duintasunez lan egiteko arazoak izan ohi dituzte, eta, horregatik, gizartearen aurrean arazo hori azaleratzeko ere balio izan du lan gatazkak. Gainera, Huerta de Peraltako hormetatik harago, bestelako ondorio onak izan dituela aipatzen zuten langileek atzo. «Egunotan, jendeak eskerrak eman dizkigu, gure borrokari esker euren buruzagiak soldata igo eta baldintzak hobetu dizkielako. Erriberan asko nabaritu da egin dugun borroka, eta horregatik nabarmendu nahiko nuke gauzak gaizki doazenean enpresa batean borrokarekin lor daitekeela», goraipatu zuen El-Hussine Jagubik.
Enpresaren jarrera hertsia
Horrek ez du esan nahi erraza izan dela. Atzo Azkoieneraino joan ziren LABeko ordezkariek nabarmentzen zuten enpresa horretako zuzendaritzak bereziki jarrera hertsia azaldu duela hasieratik. «Akordioa lortzea zaila izan da, beti blokeoa egon delako eta enpresak gatazkaren aldeko apustua egin duelako», aipatu zuen Karrerak. Hain zuzen, astelehen goizean Iruñean langileen batzordeak eta LABek prentsaurrekoa eskaini zuten negoziazioa blokeatuta zegoela salatzeko, baina «bat-batean» enpresak negoziazioak azkartu zituen, eta berehala erdietsi zuten hitzarmena. Ramon Lacalzada Tuterako LABeko ordezkariaren ustez, beti nahi izaten da gehiago, baina lortutakoa «aurrerapauso handia» delakoan dago: «Ez soilik lortutakoagatik, baizik eta ariketa bera eredugarria izan delako».
Urte luzez, prekaritate handiari aurre egin behar izan diote Huerta de Peraltako langileek, euren aldarrikapenik txikienak buruzagiei jakinarazteko beldurrez. «Duela bi urte ez genituen oporrak kobratzen, kontratu guztiak behin-behinekoak ziren, eta kategoria apaleneko soldatak genituen. Enpresan hitzez arduradun izan zintezkeen, baina paperean ez», laburbildu zuen Jagubik. Hiru hilean behin, sei hilean behin eta, kasu bakanetan, urtero berritzen zieten kontratua, baina beti mehatxuka, Jagubiren arabera. «Egoera hobetzeko eskaera egiten bagenien, beti erantzuten ziguten ezin ginela kexatu. Ez bagenuen lana gustuko, joateko esaten ziguten, bilatuko zutela besteren bat».
Enpresak banaka negoziatzen zituen langileen baldintzak, eta, kasu askotan, euren eskubideen ezagutza txikia zuten langileek. Egunean hamahiru edo hamalau eguneko lanaldiak ere egiten zituzten. «Hamahiru ordu lan eginda, ezin zara familiarekin egon, ezin duzu ezer egin, lehertuta iristen zarelako etxera. Egoerak esaten dizu iruzurra egiten ari zaizkizula, baina langileok ez genekizkien geure eskubideak», azaldu zuen Jagubik. Alta, jaramonik egiten ez zietela ikusita, azkenean LAB sindikatuaren atean jo zuten 2017an. Sindikatuaren presioak eraginda, lan arloko ikuskaritza jasan zuen enpresak, eta «jokoz kanpo» harrapatu zuen konpainia, Jagubiren arabera, kontratu guztiak behin-behinekoak zirelako. Aldi berean, hauteskunde sindikalak egin ziren, eta LAB atera zen garaile.
Aldaketa horrekin, 2017 amaieran lan baldintzak hobetzeko negoziazioei ekin zieten bi aldeek, eta, ordura arte aintzat hartzen ez ziren oinarrizko baldintzak (oporrak, lanaldia) hitzartu arren, iaz, «mendekurako jarrera hartu zuen enpresak», Jagubiren hitzetan. «Bederatzi finko eta makina bat behin-behineko kaleratu zituen. Gainera, lanean zirenei isunak jartzen zizkieten eta jazarpena egiten zieten. Adibidez, bainugelara joanez gero, atzetik zenuen buruzagia, eta lanean ere bai, besoak gurutzatuta presio eginez. Horrek giro txarra eta mesfidantza eragiten ditu. Ezin genuen horrela jarraitu, eta horregatik antolatu gara. Eurek behartu gaituzte greba egitera».
Greba egunotan, enpresa atarian hotz handia jasan dute, eta foruzainak bortizkeriaz oldartu zaizkie. Abenduaren 28an, sei langile zauritu zituen Foruzaingoak, eta LABek Maria Jose Beaumont Barne kontseilariaren dimisioa eskatu zuen.
Era berean, langileek egunotan jasotako babes eta elkartasuna eskertu dute. «Eskerrak eman nahi dizkiegu gure alde dena egin dutenei. Eurak gabe ez ginen 28 egunez greban izango», aipatu zuen Jagubik. «Bagenekien ez genuela galduko, aurrera jarraitu behar genuela eta burua makurtu gabe, itzuliko ginela lanera».
Larunbatean, manifestazioa
LABek larunbatean grebalariei elkartasuna adierazteko eta landa eremuko prekaritatea salatzeko manifestaziora deitua zuen, eta akordioa lortu izanagatik, ez da hitzordua aldatuko. Iruñeko Gazteluko plazatik abiatuko da 17:00etan, eta baldintzak hobetzeko sindikalismoaren garrantzia aldarrikatuko dute, eskerrak adierazteaz gain.
EH Bilduk «positibotzat» jo du irtenbidea topatu izana, baina sektoreko prekaritatea gainditzeko gogoeta egin behar dela nabarmendu du. Geroa Baik akordioa lortu izana txalotu du, eta espero du akordioak balioko duela bi aldeen arteko harremanak hobetzeko.
Esplotazioa, hemen eta orain