kirola
IGONE CAMPOS
«Ez nekien beste aukerarik izango nuen, eta gustukoa egin nahi nuen»
Unai Ugartemendia
Pirinioetatik bueltatu, eta berriro hara joatekoa da. Esku bateko hatzekin zenbatu daitezke negua hasi zenetik etxean pasatu dituen egunak. Elur faltak ez dio zapuztu aurtengo denboraldian jarri duen ilusioa.
Denboraldia ederki hasi duzu.
Bai. Oso gustura nago oraingoz. Larunbatean, bertikalean, indartsu sentitzen nintzen. Espainiako hiru onenek parte hartu behar zuten, baina neure burua estutu nahi nuen. Azkenean, bigarren amaitu nuen. Igandean, berriz, esprintean, oso ibilbide teknikoa topatu nuen. Oraindik asko dut hobetzeko. Fisikoki indartsu nago, baina badut zer hobetua teknikan eta aldaketetan. Bosgarren amaitu nuen, eta, estreinakoa izateko, pozik nago egindakoarekin. Badakit zer hobetu behar dudan.
Oso denbora gutxian emaitza onak lortzen hasia zara, baina noiz hasi zinen eskiatzen?
3 edo 4 urte nituela hasi nintzen eski alpinoan, gurasoek plastikozko eskiak jarri zizkidatenean. Etxea zuten Jakan [Aragoi, Espainia], eta neguak han igarotzen genituen; ia asteburuero han izaten ginen. Gurasoak gaztetatik ibilitakoak dira. Mendiko eskirako zaletasuna orain gutxikoa da, 20 urterekin hasi nintzen eta.
Ez da ohikoa gaur egun hain berandu hastea.
Hori da. 20 urte nituenean, Euskal Mendi Federazioko ikastaro batean izena eman nuen, eta han hasi nintzen. Hurrengo bost urteak mendiak igotzen pasatu nituen, Pirinioetan, Alpeetan... Ordurako, mendian korrika hasita nengoen, eta mendiko eskiko lehiaketak probatu nahi nituen. Horrela hasi zen nire ibilbidea.
Nolakoak izan ziren hastapenak?
Oso arraroa zen mendiko eskia niretzat. Ez naiz inoiz patinetan ibili, eta irrist egitearena kostatu zitzaidan gehien. Alde handia nabaritzen nuen pistetan eskiatzearen eta mendiko eskian ibiltzearen artean: batak bestearekin ez dauka zerikusirik!
Ez zenuen ahaztuko lehiatu zinen lehen lasterketa.
Ez, ez, nola ba! 2017an izan zen, Candanchun [Aragoi, Espainia] jokatzen den Causiat Extreme lasterketan. Bigarren eskuko eski batzuk erosi nituen, eta hara joatea erabaki nuen. Orduan ez nuen materiala ere kontrolatzen! Lide Leibarri deitu nion jakiteko ea horrelako lasterketetara derrigorrezko zer material eramaten zen. Lasterketa kaos bat izan zen. Foka larruak askatu zitzaizkidan, aldaketak oso luzeak izan ziren... baina esperientzia asko gustatu zitzaidan. Handik, Karolo-Bandres lasterketara joan nintzen [Izaba, Nafarroa].
Podiuma ere zapaldu zenuen han.
Bai, Causiat jokatu ondoren, interes handiagoarekin hasi nintzen mendiko eskian. Karolo-Bandresen podiumera igo nintzen, bai erlojupekoan, bai lasterketan. Hura egin eta gero, IƱigo Lariz Euskal Mendizale Federazioko mendi eskiko hautatzaileak deitu zidan, Lide Leibarrekin Altitoyn parte hartzera gonbidatuz. Oso azkar pasatu zen dena.
Zer-nolako esperientzia izan zen Altitoy?
Izugarria! Urte hartan, Altitoy ez zen Munduko Kopako proba izan. Ez nengoen ohituta hainbeste kilometro egitera, eta, gainera, bi egun ziren jarraian. Podiuma eta guzti egin genuen. Alde ederra zegoen Lideren eta nire artean, aldaketetan batez ere! Gauza polita da bikoteka lehiatzearena, gauza asko kudeatzea tokatzen baita.
Munduko Koparen barruan dagoenean beste kontu bat izaten da Altitoy, ezta?
Aldaketa handia izaten da, bai. Munduko Kopa tokatzen denean, Europako eskiatzailerik onenak izaten dira bertan, eta, oraindik ere, alde handia dago haien eta gure artean.
2017ko Altitoy haren ondoren, mendi eskiko euskal selekzioan murgilduta zabiltza. Beti izan al duzu gustuko lehiatzea?
Bai. Gaztetan saskibaloian ibilitakoa naiz, eta orduan lehiatzera ohitu nintzen. Ez da lehiazale amorratua naizelako, baizik eta eskian askotan geure buruaren aurka lehiatzen garelako. Mugak bilatzea gustatzen zait.
Lehen, Lide Leibarren izena aipatu duzu. Asko lagundu omen dizu orain arteko ibilbidean.
Bai, asko. Ni sartu nintzenean, ez nuen ideia handirik; berak, ordea, urte asko daramatza mundu honetan. Materialarekin asko lagundu dit, oso kirol teknikoa baita.
Materiala aipatuta. Garai batean, mendiko eskian, astakeria asko egiten ziren pisua arintze aldera. Oraindik ere egiten al dira?
Orain, gutxiago [barrezka]. Lehen, torlojuak ere kentzen omen zituzten, baina, gaur egun, dena mugara eramaten dute markek. Segurtasuna ere bermatu behar da, eta dena kontrolatuago dago.
Izenak kontuan hartuta, Nahia Quincoces, Lide Leibar, Maite Maiora eta zu zeu: aurtengo emakumeen euskal selekzioa inoizko onena al da?
Ez dakit, ez da erraza hori esatea. Garai batean ere ibili omen ziren maila altuan; ikusi egin beharko da.
Aurten apustu handia egin duzu eskiaren alde, lana uzteraino.
Bai, hala da. Irakaslea naiz ogibidez. 2017ko irailean, urtebeterako kontratua sinatu nuenean, banekien aurten ez nuela lanik egingo. Gustatzen zitzaidana egin nahi nuen, ez nekielako inoiz beste aukerarik izango nuen. Entrenatzeko ere gaizki moldatzen nintzen. Lanetik irten, zuzenean Aizkorrira joan, eta bertan entrenatzen nintzen. Asteazkenetan, 12:30ean Altsasutik irten, eta Candanchuraino joaten nintzen entrenatzera. Jakan lo egin, eta hurrengo goizean berriro ere lanera. Ekonomikoki ere ahal dut, eta aukerari ez nion ihes egiten utzi nahi. Aldaketa bat egiteko gogoa nuen.
Gustura al zaude hartutako erabakiarekin?
Inoiz hartu dudan erabakirik onenetakoa izaten ari da. Konturatu naiz zer den benetan nahi duzuna egitea. Ez naiz batere damutzen.
Nola antolatu zara?
Mendiko eskian oso ohikoa izaten da Alpeetara joatea denboraldi-aurrea egitera. Nahia Quincocesen bidez jakin nuen Kataluniako neska batek ere joan nahi zuela. Harekin hitz egin nuen, eta apartamentu bat alokatu genuen Tignesen [Frantzia]. Gabonetan laumilako batzuk egiteko asmoa nuen furgonetarekin, eta orain, berriz, Pirinioetan ibiliko naiz denboraldia amaitu arte. Jakan izango dut kanpaleku nagusia.
Zer lortu nahi zenuen lana uztea erabakita?
Egiten nuenarekin gustura egon nahi nuen, eta errendimendua ere hobetu. Iaz konturatu nintzen entrenatzen nintzenarekin nahiko ondo moldatzen nintzela baina gabezia asko ere banituela. Jaitsieretan ez nintzen ondo moldatzen, eta hobetu egin nahi nuen.
Espainiako lasterketetan aurrean ibiltzen zarete, baina Europara joaten zaretenean aldeak asko handitzen al dira?
Bai, zalantzarik gabe. Espainian lau edo bost eskiatzaile daude koska bat gorago, baina Europan aldeak handiagoak dira. Esan dezakegu frantziarrak, italiarrak-eta beste maila batean daudela.
Zer falta zaizue haiengandik gertuago ibiltzeko?
Elurra gertuago izatea eta entrenatzeko denbora gehiago edukitzea. Pentsa, guk bi ordu eta erdira daukagu eskiatzeko aukera gertuena. Horrek asko zailtzen ditu gauzak.
Zer espero duzu denboraldi honetan?
Ez dut ezer berezirik espero, baina Nahia Quincocesengandik gertuago ibili nahiko nuke [barreak]. Bera da eredua guretzat, asko miresten dut, eta, gainera, munduko onenekin lehian ibiltzen da. Abendu erdialdean, Frantziako Kopako proba batean parte hartu nuen, eta uste baino emaitza hobea lortu nuen, neure burua ez nuen onenengandik hain urrun ikusi. Hor konturatu nintzen ondo entrenatuta eta ondo prestatuta zerbait egin nezakeela. Badut esperantza.
Kirol askotan dagoen arazoa da atzetik jende askorik ez datorrela. Mendiko eskian ere arazo bera al dago Euskal Herrian?
Benetan hor egon nahi duenak badu federazioaren babesa, baina hemen ere badugu arazoa, ez dago jarraipen handirik atzetik. Ulertzen dut Euskal Herrian ez dela erraza, ez dago baldintzarik horretarako. Kataluniarrek, esaterako, badute euren teknifikazio zentroa; prestakuntza ematen die, baina hemen ez dugu horrelakorik. Emakumeen kasuan, areagotu egiten da arazoa. Noizean behin irteten da bateren bat, baina ez da ohikoa.
Iaz, Alaskan ibili zinen eskiatzen. Zer-nolako esperientzia izan zen?
Martxoaren erdialdean joan nintzen, bikotekidearekin. Natura basatian ibili ginen; beste mundu bat da hura. Leku askotara helikopteroan joan behar izaten genuen. Astebetean, antolatutako bidaia batean ibili ginen, baina, gainerako denboran, geure kasa. Ahaztuko ez dudan esperientzia bat izan zen.
Hotz handia pasatu al zenuten?
Uste baino gutxiago. Eguraldi ona tokatu zitzaigun, eguzkia ere irteten zen. Esan ziguten garai haietarako nahiko eguraldi epela genuela.
Zer aurkitu zenuen han?
Zapaldu gabeko mendien artean genbiltzala zirudien. Alpeen antzeko zerbait aurkitu nuen, baina askoz ere neurri handiagoan. Edozein lekutara joan, eta ez genuen inor ikusten. Oraindik ere masifikatu gabeko gune asko daude han, eta hori izugarria da. Bakardadea gertutik ezagutu genuen. Berriro ere itzuliko nintzateke, zalantzarik gabe, baina, agian, urtarrilean edo otsailean; elur baldintzengatik, batez ere.
Udan mendian korrika ere ikusi zintugun.
Bai, asmoa hori zen, min hartu nuen arte. Munduko Kopako lasterketa batzuk egin nahi nituen, baina, haietako batean, ezker oineko bosgarren metatartso hezurra puskatu nuen. Oina bihurritu nuen, eta pisu guztia han jarri nuen. Geldirik egotea tokatu zitzaidan.
Oraindik ere osatu gabe, Ainhoa Lendinezekin Pyrenees Stage Run (240 kilometro, + 15.000 metro) astebeteko probara joan zinen. Nolatan?
Transalpine Run lasterketa egin nahi genuen, Alpeak zeharkatzen dituen lasterketa. Zerbait ezberdina bizi nahi genuen, hemengo martxatik bestelakoa; ez, ohi bezala, lasterketa egitea eta egun berean etxera itzultzea. Bikotekako zerbait probatu nahi genuen, beste esperientzia bat bizi. Esperientzia hartzeko aukera paregabea iruditu zitzaigun, eta hara joatea erabaki genuen. Izena aspaldi eman genuen, eta gero ni lesionatuta ibili nintzen. Lasterketako lehen eguna izan zen lesioaren ondoren korrika egin nuen aurrenekoa.
Nola sentitu zinen?
Lehen jaitsierak oso gogorrak izan ziren. Beldur handia ematen zidan, eta kontu handiz ibili nintzen lehen egun hartan. Bigarren egunetik aurrera, gauzak hobeto joan zitzaizkigun, eta nik ere konfiantza berreskuratzea lortu nuen. Irabazi genuen.
44 ordu behar izan zenituzten irabazteko. Zer izan zen gogorrena?
Oso poliki hasi ginen, nire lesioagatik. Jendea oso azkar atera zen lehen egunetik, eta bagenekien gu ezin ginela horrela hasi. Egunak aurrera zihoazen neurrian, hobeto sentitzen hasi ginen, eta oso erregularrak izan ginen. Niretzat, gogorrena azken eguna izan zen. Goizean, jaiki, eta begiak puztuak nituela konturatu nintzen, muki askorekin. Eguna oso luze egin zitzaidan, eta gogoan dut azken jaitsiera amaiezina egin zitzaidala: ez ginen nahi ordurako iritsi.
Eskian eta mendian korrika ibiltzen zara. Nola antolatu duzu aurtengo denboraldia?
Apirilera arte eskiatzen arituko naiz. Espainiako Kopa eta Txapelketa jokatzeko asmoa dut, baita Euskal Herrikoak ere. Grande Courseko, Pierra Mentarako edo Adamellorako bikotekide bila nabil; ez da batere erraza. Udaberrian, berriz, Zegama-Aizkorrin egon nahiko nuke, bai bertikalean, bai lasterketan. Chamonixko [Frantzia] OCC lasterketan ere izango naiz, eta Skyrunningeko lasterketa batzuk ere egin nahiko nituzke.