astekaria 2016/01/22
arrowItzuli

gizartea

JON DARPON

«Bati baino gehiagori kargu hartu diot tabernan erretzen ari zela»

Garikoitz Goikoetxea

«Bati baino gehiagori kargu hartu diot tabernan erretzen ari zela»

Hiru urteko agintaldian egindako bidearekin «nahiko aseta» dago Jon Darpon, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua (Bilbo, 1959). «Garai konplexuetan» egokitu zaio sailburutza, baina adierazi du Osakidetzak «eutsi» diola. Inbertsioa Europako Batasunaren batez bestekoaren parean dagoela nabarmendu du. Aitortu du langileen baldintzak okertu egin direla, baina beste enpresa batzuen aldean hobeto daudela uste du.

Arartekoak ebazpen bat egin du asteon; paperik gabeko migratzaile batzuei zerbitzua ukatu dietela eta, prozedura gogoraraztea eskatu du. Zer pasatu da?

Uste dut faltsua dela. Egunkarian irakurri dut, eta Arartekoarekin harremanetan jarriko gara. Euskadin bizi den eta osasun sistema erabiltzen duen edonork ikusten du normal ematen diegula zerbitzua kanpotarrei. Osasunerako eta osasun zerbitzua jasotzeko eskubidea defendatzen dugu eskubide oinarrizko gisa, ez egoitzaren, lanaren edo kotizazioen ondorio gisa. Erroldatuta baliabiderik gabe dauden pertsona guztiek dute sarbidea osasunera, eta eska dezakete txartela. Noski, sistemak behar ditu egiaztatze sistema batzuk: baliabide ekonomikorik ez duela, osasun txartela eskatua duela... Baina inori ez diogu fakturarik kobratu edo zerbitzua ukatu.

Erietxeetan fakturak eman dira?

Bai, litekeena da. Osasun sistemak unibertsaltasuna du, baina eraginkortasuna ere bai. Aseguru etxeei dagokie zerbitzu batzuk ordaintzea: trafiko istripuak, kiroletakoak... Osasun zerbitzuak behartuta daude bermatzailerik badagoen egiaztatzera. Atzerritarren kasuan, herrialde askorekin daude itunak osasun zerbitzuetara sarbide librea izateko, baina herrialde aberats batzuekin ez, eta fakturak egin behar dira kobratzeko. Baliabiderik ez duten etorkinak daude gero; zerbitzua ematen diegu, baina, noski, ez diegu fakturarik egiten. Eta faktura egin bazaie kasuren batean, akats bat gertatu delako egin zaie. Erreklamatu orduko ezeztatzen dira.

Berrordainketari aurre egiteko diru laguntzak dituzue. Iristen dira pentsiodun gehienengana?

Urtero egiten dugu gogoeta. Lehen erkidegoa izan gara laguntza ematen berrordainketa hausteko. 105.000 laguntza eman ditugu iaz, eta zazpi milioi euro jarriak ditugu aurtengo. Egia da 105.000 baino gehiago direla laguntza jaso dezaketenak, baina batez beste hiru euro eskatzen dira hilean; kopuru horiengatik, badago jendea ez duena laguntza eskatzen. Hala ere, uste dut laguntza ezagunak direla. Ahalik eta gehien sinpletu dugu tramitazioa. Eskubidea duen inori ez zaizkio ukatu.

Alde ekonomikotik begiratuta, berrordainketak lagundu dio Osakidetzari dirua aurrezten?

Sailaren aurrekontua 3.400 milioikoa da; %20, farmaziarako. Urtero irteten dira botika berriak, bizi itxaropena luzatzen ari da, eta urtero handitzen da farmaziako gastua. Berrordainketa handitzen den heinean, beti da atzera eragilea. Hala ere, gure kasuan, gastua urtero ari da handitzen.

Sindikatuekin zer erlazio duzu?

Ona dela esango nuke. Ez naiz berria osasun sektorean. Harremanak ez dira hainbeste pertsonen araberakoak, baizik eta postuaren eta unearen araberakoak. Lanaldia handitu behar izan zen administrazioan, eta soldatak izoztuta egon dira. Noski, sindikatuek ez dizute txalo egingo. Osakidetzari lan baldintza onetan eutsi diogu, inguruan baino baldintza hobeetan. Sindikatuen lana erabat errespetatzen dugu, eta hartu-eman etengabea dugu. Egonkortasun bila ari gara: 1.014 postuko eskaintza egin dugu. Eztabaidatu daiteke beste batzuetan baino gehiago edo gutxiago diren, baina eztabaidaezina da segurtasun juridikoz egin dela: 1.014 lagun sartuko dira lan egonkorrarekin. Konpromisoa dugu aurten beste lan eskaintza bat egiteko, mila bat lanpostukoa, hauteskundeen aurretik.

Ospitaleetara joaten zarenean, hitz egiten duzu langileekin? Zer diote?

Abantaila bat daukat: familia medikua naiz, eta lan egin dut Osakidetzan. Harreman handia daukat Osakidetzako pertsona askorekin. Ondo hartua sentitzen naiz.

Murrizketak aurpegiratu dizkizute, adibidez?

Jende gehiago ikusten dut egoera ulertzen duena murrizketak aurpegiratzen dizkiguna baino. Jendeak murrizketei buruz hitz egiten duenean normalean esaten ari da lanaldia luzatu dela 1.592 ordutik 1.614ra. Zenbatek egiten dituzte 1.614 ordu baino gutxiago? Oso gutxik. Hori murrizketa dela esatea... Noski, lanaldia okertu da, baina gutxi. Izoztuta egon dira soldatak: ez dira igo, baina eutsi egin zaie. Zenbat jende dago maila profesional berean administrazio publikotik kanpo ordu gehiago lan egin eta gutxiago kobratzen duena? Soldatak igotzea edozein gobernuri gustatzen zaio.

Gripearen goraldia noiz dator?

Hor gaude jada. Udazkena beroegia izan da, ohiz kanpokoa. Hotza eta hezetasuna iritsi orduko, gripea heldu da. Joan den astetik epidemiaren hasieran gaude, eta gora egingo du. Txertaketa kanpaina normal egin da, eta kontingentzia plan bat ere badago. Ziur, urtero bezala, egunen batean zerbitzuren bat saturatuko dela; aldez aurretik eskatzen dut barkamena. Baina sistema prest dago.

Zer esango zenioke lekurik ez dagoelako korridoreetan artatu behar izan duten pertsona bati?

Osakidetzak 800.000 larrialdi ditu urtean, bi milioi kontsulta lehen arretan, 220.000 ospitaleratze... Norbait korridorean artatu badute, salbuespeneko egoera da; banaka kontatzekoak dira. Hori gertatu zaionari barkamena eskatzen diot. Egunero ari gara lanean hori gerta ez dadin. Baina ez litzateke bidezkoa osasun sistemaren lana ebaluatzea une jakin bateko gertaera batzuengatik.

Gehiegi jotzen da larrialdietara?

Dudarik gabe. 800.000 kasu urtean; ia biztanleriaren erdia joaten da urtean behin. Bizi itxaropena munduko handienetakoa badugu, osasun ona... Gehiegikeria dago larrialdietan. Ohitura kulturala dago larrialdietara jotzeko. Bi paziente klase topatzen ditugu: benetan larrialdi bat daukatenak, eta egoera sozialagatik, lanagatik edo eskolagatik hobeto datorkienak larrialdietara joatea hurrengo egunean familia medikuarengana joatea baino. Saiatu gara jendea hezten, baina saihestu dugu prozesu hutsala dutenak artatu gabe utzi eta familiako medikuarengana bidaltzea. Gaizki hartuko litzateke neurri hori.

Zergatik egiten dira abortu gehienak klinika pribatuetan?

Ez dira klinika pribatuetan egiten. Bermatzen da abortua behar duen edonork eta legea betetzen duenak egin ahal izatea. Abortua arrisku handikoa denean, osasun sistema publikoan egiten da; txikia denean, beti egon diren zerbitzuen bidez egiten da, gehienetan irabazi asmorik gabeko elkarteen bitartez. Kexurik ez dut jaso emakumeren bati abortua ukatu zaiolako, berandu egin zaiolako edo tratu egokia eman ez zaiolako.

Baina Osakidetzan trabak dituzu? «Arazo etikoak» aipatu dira.

Errespetua dago norbait kontzientzia eragozlea bada. Ginekologo oso gutxi daude bere lanaldia abortuak egitera bakarrik bideratu nahi dutenak. Osakidetzan ez dut inor ezagutzen. Beraz, kontuan hartu behar da erreparo etikoak sor daitezkeela eta inork ez duela horretan soilik aritu nahi.

Osakidetzak badauka kontzientzia eragozleak direnen listarik?

Uste dut ez daukagula. Zentro bakoitzak badaki nork daukan eragozpena abortuak egiteko, edo kasu bat datorrenean eta batek uko egiten duenean, beste talde bati pasatzen zaio. Sistemak normal hartzen du abortua bere gain.

Zer erlazio izan behar lukete sistema publikoak eta pribatuak?

Euskadiren kasuan, erabat osagarri da sistema pribatua: erabaki pertsonal batengatik poliza pribatu bat daukan jendeak erabiltzen du gehienbat. Osasun Sailaren erabilera oso txikia da: itunetara %7 bideratzen dugu. Gehiena anbulantziei, Onkologikoari eta Gipuzkoako buru osasuneko sareari —irabazi asmorik gabea da— dagokie. Inork ez luke ulertuko Aita Menni edo San Juan de Dios ixtea Gipuzkoan, Osakidetzaren ospitale psikiatriko bat jartzeko.

Onkologikoa publiko bihurtzea erabat baztertutako aukera da?

Integrazioan eta koordinazioan ari gara. Harremanetan gara Kutxarekin, Onkologikoa ahalik eta ondoen ahokatzeko. Uste dugu orain arte itunen bidea dela onena. Denborak esango du beste zerbait behar den. Inola ere ez genuke onartuko Onkologikoak sistema publikoarentzat zerbitzu ematen ez jarraitzeko arriskua izatea.

Tratamendu egokia jasotzen ari dira C hepatitisa duten guztiak?

2015 hasieran, botika berriak atera ondoren, estrategia bat egin genuen. Ikusi genuen paziente guztiek ez zutela behar orduan artatzea, eta tratamenduaren kostuagatik ez zela komeni hilabete gutxi batzuetan baliabide guztiak jartzea. Lehenespen klinikoetan oinarrituta, 1.500 paziente baino gehiago artatu dira, fibrosi maila handienekoak. 2016an maila ertainekoak artatuko dira. 2017an guztiak artatuak egongo dira. Ez dut osasun sistemarik ezagutzen guztiak artatu dituenik.

Sailburu zarenetik, inor ikusi duzu taberna batean zigarreta erretzen?

Zoritxarrez, bai. Eta kargu hartu diot bati baino gehiagori. Behin baino gehiagotan kexatu naiz tabernan, auzolotsaz. Ekiteko esan diot behin baino gehiagotan Osasun Publikoko Zuzendaritzari. Nolanahi ere, uste dut ari garela tabakoaren kontrako borrokan. Lokal itxietan ez erretzea onartua du gizarteak.

Nahiko kontrolik badago tabakoaren legea betearazte aldera?

Erantzukizun kolektiboan oinarritu gara. Kontua ez da ikuskariak eta ertzainak jartzea gauez, tabernetan erretzen den edo ez ikusteko. Norbait erretzen ikusi badut edo kontu hartu badiot, une jakin bateko gauza izan da.

Euskaraz lan egitea posible da Osakidetzan?

Gero eta gehiago lan egin daiteke euskaraz. Osakidetza Euskadiko enpresa handiena da: 32.000 langile; batez besteko adina, 50 urte. Gaur ez dugu bermatzen denei euskaraz kasu egitea eta langile guztiek euskaraz lan egin ahal izatea. Osakidetzak 33 urte ditu, eta gehiago eta azkarrago egin behar genuen aurrera. Datuak: langileen %31k dute hizkuntza egiaztagiri bat —hiru puntu igo da legealdi hasieratik—; 40 urtetik behera, %80k. %7 handitu dira liberazioak; eskari bat ere ez da atzera bota. Aurrera egiten ari gara: historia kliniko elebiduna, herritarrek esan ahal izatea zerbitzua euskaraz jaso nahi duten, tarteko agintariek euskara lan hizkuntzatzat hartzea... Espero dut epe laburrean —ez agintaldi honetan— euskarazko arreta bermatzea.

Udan, adibidez, arazoak daude ordezkoekin. Zein da soluzioa?

Oso arazo gutxi. Legealdi honetan, lehen aldiz kontuan hartu dira ordezkapenak egin beharreko herrien behar linguistikoak. Berma dezakegu udan ordezko euskaldunak bidal ditzakegula? Ez gara gai izan. Arazoak unean unekoak izan dira. Esparru hori bereziki tratatzen ari gara. Osakidetzako lehen euskara planak ez zituen ordezkoak kontuan hartu, eta oraingoak, bai. Ez badaukagu pediatrarik denak ordezkatzeko, zaila da. Iritsi gara ordezkoak herriz aldatzera ere: garrantzitsuagoa da Zumaian pediatra euskalduna edukitzea Barakaldon baino —ez dut esan nahi Barakaldon ez dagoenik euskaraz egiten duenik eta eskubidea ez dutenik harremana euskaraz izateko—. Arazoa ez da desberdina gizartean dagoenarekiko: gizarte osoa ez da euskalduna, eta Osakidetzako profesional guztiak ere ez. Baina eskubidea da euskaraz zerbitzua jasotzea.

BERRIAn argitaratua (2016/01/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA