astekaria 2019/01/25
arrowItzuli

gizartea

Aktibo zahartzeko aterpe bila

Maite Asensio Lozano

Aktibo zahartzeko aterpe bila

Herriko sendagilea harrituta dago, gure jendeak ez duelako bihotzekorik, ezta iktusik ere». Erdi txantxetan kontatzen du Paloma Rodriguezek pasadizoa, Madrilen adinekoek duten etxebizitza komunitarioko egitasmoak osasunean ere eragin onuragarria duela esaten duenean. Baina ez da broma bat: «Unibertsitate Konplutentseak eta Unibertsitate Autonomoak azterketak egin dizkigute: gure adinak kontuan izanda, estatistiken arabera bihotzeko eta iktus batzuk gertatu behar zitzaizkigun, baina ez. Pentsatzen dugu urte batzuen buruan berriro egingo dizkigutela azterketa horiek, eta ondorio argiagoren bat aterako dutela». Haiek badute eurena: «Komunitatean bizitzeak abantaila handiak ditu; osasungarria da».

Trabensol kooperatibako presidente izandakoa da Rodriguez; egungo presidenteorde Baudi Lozanorekin batera egon zen joan den astean Donostian. Izan ere, antzeko egitasmo bat jarri nahi du martxan Elkarbidean elkarteak Gipuzkoako hiriburuan: adinekoentzako bizitoki eredu berri bat. «Zaharren egoitzen eta etxe tutelatuen alternatiba gisa ikusten ditugu etxebizitza kolaboratiboak: intimitatea eta bizikidetza uztartzen dituzte; etxe independenteak daude, baina gune komunak ere bai, zerbitzuak eskaintzeko», azaldu du Ixabel Fernandez elkarteko kideak.

Gero eta beharrezkoagoak izango dira, gainera, halako egitasmoak. Etengabe hazten ari baita 60 urtetik gorakoen kopurua, baita euren bizi itxaropena ere —86 urtekoa emakumeetan, eta 80 urtekoa gizonetan—. Eta errealitate hori aldaketa demografiko zenbaitekin uztartu da, Fernandezen arabera: «Familiak txikiagoak dira, zaintzeaz arduratzen zen senidearen figura desagertu da, eta seme-alabak sarri kanpoan daude. Baina, gainera, ez dugu halakorik nahi haientzat: gure belaunaldia zaintzera derrigortuta egon da, eta guk ez dugu inoren bizitza baldintzatu nahi».

Zaintza premiak izan arte ere urte asko izan ditzaketela aldarrikatu dute. Adinekoekiko politikan ikuspegia aldatu behar dela uste du: «Pentsatu behar da ea zer den garrantzitsua ondo zahartzeko. Politika asistentzialistak baino gehiago, autonomia sustatu behar da, osasun fisiko onez iristen baikara zahartzarora».

Herri txiki batean

Hain justu, horrek bultzatu zuen Baudi Lozano Asturiasko jaioterritik (Espainia) Madrilera joatera, eta Trabensol egitasmoan sartzera: «Bizitza aktiboa gustuko dut, gauza asko egiten ditut, eta proiektuak horrela jarraitzeko aukera ematen zidan, jarduera asko antolatzen dituztelako». Harro mintzatu da etxeko ortuaz: «Sasoian mantentzen gaitu».

Torremocha de Jaraman daude Trabensol kooperatibaren etxeak. 900 biztanleko herri txiki bat da, Madril hiritik hurbil. Bi hektareako eremuan bederatzi eraikin dauzkate, 54 etxebizitzarekin; 77 lagun bizi dira bertan orain. Etxeez gain, gune komunak ere badituzte: harrera, jantokia, egongela, liburutegia, jarduera gelak, kiroldegia, lorategia... «Bizitza ematen diegu urteei», adierazi du Rodriguezek; «Zahartze aktiboa dugu, eta lagunartean gaude».

Erraztasunik ez dute izan bidean, dena den. Rodriguezek kontatu duenez, 2000. urtean abiatu zuten egitasmoa: «Vallecas eta Moratalaz auzoetako jendea elkartzen hasi ginen. 2002an kooperatiba bat sortzea erabaki genuen, hortik gentozelako: 1960ko urteetan etxebizitza eta irakaskuntza kooperatibak sortuak genituen». 2004an hasi ziren dirua jartzen: hilean 200 euro; 2006an orubea erosi zutenerako bazeukaten nahikoa aurreratuta. Burokrazia arazoek 2011ra arte atzeratu zuten obren hasiera. 2013ko udaberritik bizi dira bertan. Kooperatiban orain sartu nahi dutenei urte horietan jarri zuten dirua eskatzen diete: 150.000 euro inguru. «Badakigu ez dagoela edozeinen esku; guk gure etxeak salduz lortu genuen dirua».

Mendekotasunen korapiloa

Trabensolekoek nabarmendu dute parte hartzean oinarritzen dela haien eredua: «Batzarra da organo nagusia». Bizikidetza arauak eurek jarri dituztela azaldu du Rodriguezek: «Animaliak eraman daitezke? Eztabaidatu egiten dugu. Etxeak aloka daitezke? Eztabaidatu egiten dugu. Eta hala lortzen ditugu adostasunak». Balio etikoak izaten dituzte kontuan: «Eraikin bioklimatikoa egitea erabaki genuen; hasieran garestiagoa izan zen, baina orain fakturak merkeagoak dira».

Egiteko batzuk euren gain hartuz aurrezten saiatzen dira, baina hainbat zerbitzu kontratatuta dituzte: catering-a —bertan kozinatzen duten arren—, harrera, garbiketa... Zaintzailerik ez dute izan orain arte, baina otsailetik aurrera horretan arituko den lan talde bat kontratatuko dute: erizain laguntzaileak, fisioterapeutak...

Izan ere, zer gertatzen da etxeetan bizi direnek mendekotasunen bat garatzen badute? «Iristen direnetako askok galdetzen digute ea gai hori nola konpondu dugun», aitortu du Lozanok. Mendekotasun handiekin lotutako arazo larririk ez dute izan orain arte, baina berriki sortu zaie eztabaida, bizilagun batzuek zaintza premiak dituztelako. «Erabaki dugu pertsona horiek behar duten arreta erdibana ordaintzea: mendekotasuna dutenek erdia, eta kooperatibak beste erdia».

Horrek beste korapilo bat utzi du: egokia al da proiektua mendekotasun handiak dituztenentzat? Trabensoleko zein Elkarbidean-eko kideak bat datoz: ez dago konponbide bakarra. Rodriguez: «Agian urtebete barru izango ditugu erantzun gehiago. Baina jendea askea da etxean jarraitzeko azken egunera arte, edo beste leku batera joateko hiltzera; denetik eduki dugu». Halere, erantsi du heriotza ez dagoela egitasmoaren erdigunean: «Bizitzera eta elkarrekin bizitzera joan gara Trabensolera. Hiltzean baino gehiago, pentsatu behar dugu ea komunitate baten parte izan nahi dugun gure azken urteetan hobeto bizitzeko. Medikuaz galdezka etortzen direnei esaten diegu akaso hau ez dela bilatzen dutena».

Donostian, hastapenetan

Madrilen egin duten bide hori jorratu nahi du orain Elkarbidean-ek Donostian. Ez dakite non, ordea: «Aztertu dugu lur sail pribatu bat erostea, baina oso garestiak dira. Gure asmoa da lur eremu edo eraikin bat erabiltzen utz diezagutela», azaldu du Fernandezek. Dena den, proiektua oraindik hastapenetan dago: Gipuzkoako Diputazioaren diru laguntza bat jaso dute adinekoentzako etxebizitza kolaboratibo egitasmo bat diseinatzeko, eta horri ekin diote asteon, Hiritik At kooperatibaren aholkularitzaz. Zazpi lantegi egingo dituzte: «Jendea parte hartzera deitu nahi dugu».

BERRIAn argitaratua (2019/01/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA