astekaria 2019/01/18
arrowItzuli

ekonomia

JUANJO LLORDEN

«EAJri desindustrializazioa ez zaio gaizki etorri Ezkerraldean»

Lander Muñagorri Garmendia

«EAJri desindustrializazioa ez zaio gaizki etorri Ezkerraldean»

Navaleko langileen kaleratze agindua bideratu osteko biharamuna azken hilabeteen antzekoa izan zen ontziolako beharginentzat. Sabin Etxearen parean atzo kontzentrazioa egin baitzuten kaleratuak izateko bidean dauden 173 beharginek, eta, gainera, azken hilabeteetan erabili duten pankarta bera zeukaten eskuetan. Mezua denbora honetan guztian erabili dutena bezain argia zen: Naval ez itxi. Espainiako Gobernua-Jaurlaritza negoziazioa. Ezkerraldeko lanpostuen alde. Langileen ahotik ateratzen ziren oihuak ere pankartako leloa bezain argiak ziren: «Espedientea ez, erreskatea bai!». Horien artean zegoen Juanjo Llorden langile batzordeko idazkaria.

«Espedientea ez, erreskatea bai!» leloa errepikatzen ari zarete. Oraindik jarrera horretan jarraitzen duzue?

Tira, atzo [herenegun] kontsulta epea amaitu zen, baina guk ez dugu amore eman. Esperoan gaude, ea inork irtenbide hobe bat noiz aurkeztuko. Likidazio fasea abiatuta bi gobernuek ontziola erosi dezatela nahi dugu, baina gehiengoa izan behar ez duen inbertsore baten laguntzarekin. Ahalik eta azkarren hasi gaitezen geldirik dagoen dragaontzia amaitzen, hogei hilabeterako lana bermatuko digulako, eta 1.000 langile ingururi emango liokeelako lana. Eta hori borondate politikoko kontua da, eta ez estatu laguntza. Ez diezagutela gezurrik esan.

Inbertsio horrek nolakoa izan beharko luke?

Bi gobernuek inbertsore bat lagundu dezatela, eta egin dezatela euren inbertsioa. Eskaintza bat egin dezatela. Europatik trabarik jarri ez dezaten hori behar da, inbertsiogile baten ekimena laguntzea.

Baina une honetan Espainiako Gobernua eta Jaurlaritza ez daude puntu horretan. Zer egin dezakezue?

Ez daude horretan, baina ez diezagutela gezurrik esan. Guk eskaini genien langileon inbertsioa, eta hori egin daitekeela dioen txostena ere aurkeztu genien. Horrela ere ez. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak apustu egin behar dute ontziola sektorearen alde, estrategikoa izan dadila. Gobernuek enplegua sortu behar dute, eta ez suntsitu. Tapia sailburuak hamalau hilabete daramatza inbertitzaile bila... Ontziolak pribatizatu zirenean, esan ziguten gure inbertsiogileak onenak zirela: Murueta eta Ingeteam. Non gaude orain? Hori baldin bada irtenbidea, guri ez zaigu gustatzen, badakigu-eta inbertsiogile bat zer den.

Arantxa Tapia Ekonomia Garapenerako sailburuak esan du kaleratze dosierra ez sinatu izanak inbertsiogilea agertzea zailduko duela. Pilota zuen teilatuan dago?

Adierazpen horiek tamalgarriak dira. Ez dut uste bera halako egoera batean egon denik... Hartzekodunen konkurtsoa kalifikazio fasean dago une honetan, eta administratzaileak neurtu beharko du konkurtsoa norbaiten erruagatik izan den ala ez. Akziodun nagusiak erruduntzat jotzen badira, aukera emango liguke kaleratze aginduari errekurtsoa jartzeko. Aukera hori izanda, nola salatuko dugu ezer kaleratzea akordioarekin sinatu izan bagenu? Arrazoietako bat hori izan zen. Baina ez hori bakarrik: zer zilegitasunez aterako ginen kalera protesta egitera kaleratzea sinatu eta onartu izan bagenu? 8 urteko haur batek ere ulertzen du hori. Tapiak, dirudienez, ez.

Duintasunagatik ere bai, ala?

Noski. Gainera, hartzekodunen konkurtsoa abiatzen denean akordio baterako aukera zabaltzen da, eta kaleratzea sinatzearen truke diru apur bat gehiago jasotzeko aukera ere sortzen da. Kalte-ordain handiago bat, hain zuzen. Bada, kontsulta epe hasieran egin ohi da hori, baina guri azken momentuan aurkeztu digute, eta horrek niri zalantzak sortzen dizkit. Ezkutuko zerbait dagoela iruditzen zait.

Zergatik?

Akordioarekin sinatzen baldin bada, askoz zailagoa da ostera salaketa jartzea, eta, horregatik, susmoa dut gauzak ez direla ondo egin. Baina, ziurtatu ezin dudanez, zalantzak sortzen dizkidala diot soilik.

Aste honetan bertan ere aldarrikapena egin duzue: ontziolan geldi dagoen draga zuek amaitu behar duzuela. Zergatik?

Tapiak ez dezala pentsatu beste inbertitzaile bat baldin badator ontziolan dagoen dragaontzia gu gabe egingo dutela. Parean izango gaituzte. Draga hori Navaleko langileekin kontratatu zen, eta bertako langileak hasi ziren eraikitzen. Horregatik diogu ez dela inongo inbertsiogilerik etorriko beste langile batzuekin draga egiten amaitzeko. Hala baldin bada, parean izango gaituzte.

Mobilizatzen jarraituko duzue?

Astelehenero, batzarrak egingo ditugu 10:00etan, aste horretan egin beharrekoa zerrendatzeko. Madrilera joan nahi dugu, Espainiako Gobernuarengana, egoera honen erantzule nagusiak direlako. Haiek pribatizatu zituzten ontziolak, eta Jaurlaritzak beste alde batera begiratu zuen. Beti diogu beste erkidego batzuetako gobernuek askoz gehiago defendatu zutela ontziolen sektorea.

Zergatik?

EAJri desindustrializazioa ez zaio gaizki etorri, botoetan igo egin baita Ezkerraldean. Nahikoa da hauteskundeetako emaitzei begiratzea. PSE-EEk, ordea, botoak galdu ditu...

BERRIAn argitaratua (2019/01/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA