gizartea
Bilbotik aparte sentitzen da oraindik
Ibai Maruri Bilbao
Biharamunean manifestazioa egin zuten auzoan, hilketa salatzeko. Ordezkari politikoek ere hartu zuten parte, Juan Mari Aburto alkatea buru zela. Hainbat bizilagunek hiriko agintari nagusia egin zuten gertatutakoaren erantzule. Hurrengo astean, auzoko elkarteek agerraldia egin zuten. Salatu zuten Bilboko Udalak eta erakunde publikoek oro har «bazterrean utzia» zutela Otxarkoaga. Bizilagunen ordezkariak udalekoekin, Bizkaiko Diputaziokoekin eta Eusko Jaurlaritzakoekin elkartuko ziren mahai bat eskatu zuten, auzoaren beharrizanak eztabaidatu eta konponbideak bilatzeko. Segurtasunaz gain, ekonomiari, gizarte zerbitzuei, azpiegiturei eta kulturari lotutako gabeziak identifikatu dituzte auzoko elkarteek. Adibidez: 25 urte daroate aurreko HAPO hirigintza antolatzeko plan orokorrean jasota zegoen kiroldegia noiz eraikiko.
Herranek gogoratu du iazko urtarrilaren 26an izan zutela lehen bilera Alkatetzakoekin eta udaleko beste bost sailetako ordezkariekin. Otsailean beste bilera bat egin zuten. «Guk gure lana egin dugu, gure eskariak aurkeztu ditugu». Azaroan izan zuten azken bilera. «Eskaera gutxi batzuk onartu dituzte, baina gehienak ez. Azkenean dirua behar da, eta, halako hiri handietan, normalean, auzoak izaten dira beti ahaztuak». Segurtasun arloan igarri dute aldea urtebete honetan. Astorkizak uste du pauso «garrantzitsuak» eman direla. Adibidez, auzoan Udaltzaingoak polizia etxe bat du, eta hilean behin hango buruarekin biltzen hasi dira bizilagunak. «Ez genuen eskatzen udaltzainen presentzia handitzea soilik. Batez ere, haiekin zuzeneko hartu-emana izatea nahi genuen. Azken batean, bizilagunak gara auzoa ondoen ezagutzen dugunak, eta Poliziak baino errazago identifikatu dezakegu nondik etor daitezkeen arazoak». Iazko martxoaren 5ean, hiri osorako Segurtasun Ituna sinatu zuten Bilboko Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek.
Herranen esanetan, Polizia baino gehiago behar da segurtasuna lortzeko. Auzoko elkarteek marjinazioarekin lotu zituzten lapurretak. Bilboko Udalak Udal Etxebizitzak izeneko sozietate bat du, etxebizitza sozialak eraiki eta kudeatzeko. «Gehienak Otxarkoagan dituzte; 1.000 inguru», ohartarazi du Herranek. Berez, ez luke txarra izan behar. Baina denboran atzera egin du: «Duela 20-25 urte ere esan genien: ez ekarri marjinazio guztia auzora, gertatzea nahi ez duguna gerta daiteke eta». Azaldu du garai hartan Bilbo Zaharra zaharberritzeko lanak hasi zirela, eta auzo hartako «marjinazioa» Otxarkoagan «pilatu» zutela. «Nori eman zioten etxebizitza? Gutxien zuenari, gutxien zekienari, seme-alaba gehien zeuzkanari, lanik ez zeukanari, baztertze egoeran zegoenari edo erortzeko arriskuan zegoenari. Hori, berez, ona da, bidezkoa. Gehien behar duenari lagundu behar diote erakundeek. Baina ezin dituzu denak toki berean pilatu, eta gero bertan behera utzi, gizarteratzeko plan bereziak egin gabe. Orduan ere esan genien: kontuz, marjinazio poltsa bat sortzen ari zarete Otxarkoagan».
Auzoa berritzeko eta hobetzeko lanak egin direla azaldu du Herranek. Baina gehiago behar dute. Gazteek «arazoak» dituzte etxebizitza lortzeko. Alokairuak oso garesti daudela esan dute. Maddi Pacinek 28 urte ditu, eta, ahalegindu den arren, ez du lortu gurasoen etxetik joatea. «Udal Etxebizitzak erakundeak Errotze Plana du, gazteok auzoan geratu ahal izateko. Baina gutxi dira eskaintzen diren etxeak eta laguntzak; eskaera eskaintza baino handiagoa da». Esan du bere lagunak ere egoera bertsuan daudela. Salatu du beste auzo batzuetara jotzea beste aukerarik ez dutela.
Gazteak, «etorkizun gabe»
Etxeaz gain, lana ere falta dute, gainera. «Otxarkoagan bi aukera dituzu: edo ostalaritza edo merkataritza. Eta azkenaldian negozio asko ixten ari dira; beraz, sektore horietan ere, gero eta gutxiago». Berak taberna batean egin du lan, eta kexu agertu da, unibertsitate ikasketak dituen arren auzoan ezin izan duelako beste enplegurik lortu. Bilbon langabezia tasa handienetakoa duen auzoa da Otxarkoaga. Eta hori kontsumoan ere nabaritzen da. Horrez gainera, Astorkizak esan du lokalekin arazoak dituztela merkatariek. «Arazoak dituzte. Zaharberritu egin behar dira. Nik, adibidez, hezetasunarekin ditut arazoak». Eraikinak zaharrak direnez, tamaina aldetik ere trabak dituzte lokaletan.
Etxebizitza eta enplegu faltaz gain, beste arrazoi bat dute gazteek auzoa utzi eta beste nonbaitera joateko. Otxarkoagan eskola publiko bakarra dago, eta ikasketak soilik A ereduan eskaintzen ditu. Hala, euren seme-alabek euskaraz ikastea gura dutenek beste leku batera jo behar izaten dute. Herranen ustez, eskolak gaztelaniaz eskaintzeak ghetto bihurtu du Otxarkoagako ikastetxea. «Hara joaten diren umeen gurasoak ere kexu dira, euren seme-alabek ez dutelako euskara ikasten».
Horietako bat da Emilia Cortes. Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartearen sortzaile eta burua da. 5 urte zituela iritsi zen Otxarkoagara, duela 57 urte. Hau da, auzoa sortu eta denbora gutxira. «Beste umeek bezala, gureek ere euskara jakitea nahi dugu; bestela, ez dute lanik topatuko», kexatu da. Gazteen arazoek kezkatzen dute. «Ez dute alternatibarik, eta gero gertatzerik nahi ez duguna gertatzen da. Institututik irteten dira, eta ez dute nora jo; ez dute aisialdirako eskaintzarik, ez kiroldegirik, ez ezer. Kalea da eskaintzen zaien aukera bakarra. Ez zaie etorkizunik bermatzen». Gazteei eurei galdetzeko eskatu du, zer behar dituzten jakiteko.
Auzoan «premian» dauden familia asko ezagutzen ditu. «Parrokiara joaten naiz laguntzera, baita Caritasera ere, eta han istorio gordinak ezagutzen dituzu», kontatu du Cortesek. Herranek esan du gizarte langileek «sarri» salatu dutela «ezinean» dabiltzala. «Bitarteko gehiago behar dituzte, kalean ibili eta arazoak bertatik bertara ezagutzeko». Haren arabera, udalari jakinarazi zioten gizarte zerbitzuak «gainezka» daudela. «Langileak aldatuz erantzun zuten».
Metroarekin, gertuago
Langabezian daudenei ikastaroak egiteko eskatzen zaiela esan du Cortesek, baina gero ez zaiela enplegurik bermatzen, eta horrek frustrazioa sortzen duela. «Zertarako ikasi, alferrik bada?». Haiek alde egitean, adinekoak geratzen dira auzoan. «Azken urteetan, lan asko egin du udalak, baina oraindik ere ez da erraza gure kaleetan ibiltzea. Adinekoek zailtasunak dituzte kalera irteteko. Batez ere emakume alargun asko daude etxean bakarrik, isolatuta». Otxarkoaga bizitasuna galtzen ari dela ohartarazi du.
Duela urte bi, Bilboko metroaren 3. linea iritsi zen Otxarkoagara. Herranen ustez, aldaketa «izugarria» izan da. Lehen, Basurtuko ospitalera joateko, auzotik irteten zen autobusak ordubete inguru behar izaten zuen. Orain, metroarekin, hamabost minutu nahikoa dugu. Eta bost minutu nahikoa Bilbo erdigunera heltzeko. Bilbora hurbildu gaitu gu, eta Bilbo hurbildu du gurera». Gainerako bilbotarrak, erdigunean bizi direnak, auzora etortzea nahi du Astorkizak ere. Horrek aukera berriak irekiko lizkieke merkatariei. Iruditzen zaio auzoaren irudia hobetzea ezinbestekoa dela horretarako. Orain negatiboa dela uste du. «Berri onak emateko inoiz ez gara hedabideetan agertzen».
Metroaz gainera, bestelako proiektu batzuk ere bultzatu dituzte erakundeek. Auzokide Planaren barruan aurten 1.700.000 euro inbertituko direla azaldu dio Bilboko Udalak BERRIAri, idatziz emandako erantzun batean. Besteak beste, kaleak konpontzeko eta irisgarritasuna hobetzeko inbertituko da. Udalaren arabera, egindako azken bileran «bizilagunak oso pozik agertu ziren udalak auzoan egin dituen jarduerekin».