astekaria 2019/01/18
arrowItzuli

gizartea

Hamar urteko mugarria

Jon Rejado

Hamar urteko mugarria

Sarraskia. Bortitza. Basakeria. Sinestezina, baina egia. Hamaika modutan definitu dute duela hamar urte, 2009ko urtarrilaren 17an, Urbinan (Araba) gertatu zena. Ertzaintza gogor oldartu zitzaien AHTaren kontrako mobilizazio batean parte hartu zuten milaka manifestariei. Are, hainbat orduz Urbina herria «hartu» egin zutela salatu dute han egondakoek. Zortzi atxilotu egon ziren, eta dozenaka zauritu.



Gertakari haiek eragin handia izan zuten AHTaren oposizioan; hain zuzen, horren inguruan hitz egin dute Hilario Manzanedo, Itziar Pou Mozos, eta Julio Villanueva AHTaren aurkako mugimenduko kideek, eta Agustin Muiños Diaz Urbinako Administrazio Batzarreko kideak.

ZEIN ZEN MOBILIZAZIOAREN AURREKO TESTUINGURUA?

Manzanedo, Villanueva eta Pou bat datoz zaila dela AHTaren aurkako borroka luzean mugarririk jartzea. Ordea, gehienak ados daude oposizioa indartsu zegoela Urbinako manifestazioa heldu zenean. «Esan daiteke 2007an eta 2008an izan zirela erresistentzia puntu gorenak», azaldu du Villanuevak. Ordurako herri askotan zabalduta zegoen AHTaren aurkako borroka: informazioa emateko, mobilizazioak antolatzeko... Era berean, Manzanedok oroitu du mugimendu barruan «gatazka» batzuk zeudela.

Eragileek gogora ekarri dute 2008ko abenduan ETAk Inaxio Uria hil zuela, AHTaren obretan ari zen enpresa bateko burua. Horrek tren azkarraren aurkako taldeen hausnarketa eragin zuen, baita adierazpenak ere: asanbladarenak, Elkarlanarenak, gizabanakoek egindakoak... Pouren iritziz, horrek guztiak egoera «nahiko nahasia» utzi zuen. Are, hiru eragileek uste dute Uriaren aurkako atentatuak eragin zuela Urbinan Ertzaintzak erabili zuen indarkeria.

Agustin Muiños Diazek gaineratu du herria «okupatuta» zegoela lanak hasi zituztenetik: zinpeko zaintzaileak, Guardia Zibila... «Herri erdian kontrolak egiten zituzten, ia egunero: dokumentazioa eskatu, galderak...». Gogora ekarri du herritar askok, ez guztiek, parte hartu zutela mobilizazioan, eta gainontzekoek informazioa eskatzen zutela: lurren desjabetzeak, lanen eragina...

EGUNEKO MOBILIZAZIOA

Urtarrilaren 17an mobilizazioa obretarako martxa gisa planifikatu zen, eta, amaieran, desobedientzia ekintza gisa, AHTaren plataformara igotzea aurreikusi zuten. Ekintza jendetsua izatea zuen helburu, baina, aldi berean, «nahiko arina». Villanuevak gogoratu du ez zegoela makinarik lubetaren eremuan. Manzanedok erantsi du asmoa zela tarte batez okupatzea, modu sinbolikoan.

4.000 lagun inguru bildu zirela zehaztu dute. «Askotariko pertsonak zeuden: gazteak, familiak haur txikiekin...», gehitu du Pouk. Martxa hiru kilometro ingurukoa izan zen: Luku ondotik pasatu, autobidearen azpiko tuneletik, Miñao Goien herri ingurura arte. Amaitzean adierazpen batzuk egin zituzten, eta, ostean, askok AHTaren plataformarako bidea hartu zuten. «500 eta 1.000 lagun artean egongo ziren igotzeko prest», nabarmendu du Manzanedok. Gutxi batzuek lortu zuten, baina. Ertzaintza berehala oldartu zitzaien.

ERTZAINTZAREN INDARKERIA

«Zigorgabetasuna». Hitz hori baliatu dute eragile guztiek Ertzaintzaren jokabidea salatzeko. Lubetara igo zirenen aurka egin zuten, baita martxan parte hartu zutenen aurka ere. Villanueva atxilotu zuten AHTaren plataforma gainean. «Atxilotuta geunden bitartean, polizien elkarrizketak entzuten genituen: pilotak bukatzen ari zitzaizkien; beste herri batzuetako poliziak bidean zeuden...». Bortizkeria hura aurrez planifikatuta zegoela uste dute AHTaren aurkako mugimenduko hiru kideek.

Urbinarako bidean zein herrian bertan «gertakari larriak» izan zirela gogorarazi dute. Dozenaka adibide eman dituzte: autobidearen azpiko tunelean Poliziak «korridore» bat egin zuen, «itzultzen ari ziren manifestariak jotzeko»; herria hartu, eta atxiloketak «nahieran» egin zituzten... Muiñosek gogora ekarri du bizilagunen kontra ere egin zutela, mobilizazioan parte hartu ez bazuten ere. «Gazte bat jotzen ari zen ertzain bati oihu egin zion bizilagun batek, leihotik, gelditzeko; etxetik atera eta furgoneta batera eraman zuten, jipoitzeko, eta haren 4 urteko alaba bakarrik utzi zuten etxean».

KRIMINALIZAZIOA

Urbinako mobilizazioak ondorio bat izan zuen, epe laburrean: bide berri bat hartu zuen Ertzaintzak, AHTaren aurkako ekintzak terrorismo delituekin lotzen eta Espainiako Auzitegi Nazionalera bidaltzen hasi baitzen. BERRIAk ezagutarazi zuen Ertzaintzaren erabaki hori, Urbinako gertakarien ostean. Hain zuzen, atxilotutako zortzi lagunen aurkako diligentziak Auzitegi Nazionalera bidali zituen Ertzaintzak. Julio Villanueva izan zen atxilotuetako bat. «Azkenean Santiago Pedraz epailea inhibitu egin zen, eta eskerrak, bestela Madrilen epaituko gintuzten». Sei atxilotu zigortu zituzten.

Manzanedok eta Pouk nabarmendu dute agintariek nola jokatu zuten Urbinako gertakarien harira. «Hedabideetan isilarazi egin zuten gertatu zena; horrek agerian uzten du botereak zigorgabetasuna zabal dezakeela zerbaitekin tematzen denean», adierazi du Manzanedok.

Ondoren, AHTaren oposizioa kriminalizatzeko asmoa irmotu zela ondorioztatu dute eragile guztiek. Villanuevak Nafarroako hainbat adibide eman ditu: 2010ean errepide batean pintaketa bat egiteagatik, bi urteko espetxe zigorra eskatu zuen fiskalak; 2011n, Yolanda Barcina Nafarroako gobernuburu ohiaren aurkako tartakadak Auzitegi Nazionalean epaitu zituzten...

AHT-AREN OPOSIZIOA HAMAR URTEREN BURUAN

Urbinako oldarraldiak ondorioak izan zituen, gertatu eta gutxira, eragileek azaldutakoaren arabera. Manzanedoren iritziz, AHTaren aurkako mugimenduan barne eztabaidak areagotu egin ziren, baina ez hori bakarrik: «Izua zabaldu zen, ez jipoiena bakarrik, baizik eta judizializazioarena ere: ekintza txikienak zigor eredugarria izan zezakeen». Villanuevak gaineratu du horren ostean manifestazioak egin zirela, baina obretan bestelako ekintzarik ez zen gertatu urtebetean. 2010ean leku askotan hasi zituzten lanak, eta horrek etsipena eragin zuela zehaztu du. Pouren aburuz, «zaila» da atzera begiratzea eta hausnarketa egitea; «edo errazegia»: «Egungo egoera ikusita, agian Urbinako gertaerei batasunez erantzutea zen bidea, baina gaur erraza da hori esatea».

Une hark AHTaren aurkako borrokaren gainbehera irudikatu zuela adierazi dute. Dena den, oraindik bizirik ikusten dute kontrako mugimendua, batez ere Nafarroan, zenbait lekutan lanak hasi ere ez dituztelako egin. «2010etik gaur egunera arte hamalau kilometro baino ez dituzte egin; itxaropentsu gaude oraindik», azaldu du Villanuevak. «Talde asko daude; ikuspegi ezberdinetatik edaten dugu, eta ahalegin bat egiten ari gara nor bere esparrutik aldarrikapen ezberdinak egiteko».

Manzanedok ahalegin horren garrantzia azpimarratu du. Are, AHTaren aurkako borroka gizarte ereduarekin lotzeko beharra nabarmendu du. Hain zuzen ere, uste du trena noizbait amaituko balute ere eztabaida mantenduko litzatekeela, kostuagatik, behar duen mantentze lanengatik...

AHT-A URBINAN, UTZITA

Bost urte luze dira Urbinatik pasatzen den AHTaren plataformaren lanak amaitu zituztela. Mui- ñosek gogorarazi du beste urte bat gehiago iraun zuela herriaren «okupazioak». Eta gaur egun amaitutzat jotzen diren lan horiek «guztiz utzita» daudela erantsi du. Herriko Administrazio Batzarreko kideek bilera eskatu zuten Eusko Jaurlaritzarekin, horren berri emateko: plataformako materiala lapurtu dute, abereak pasatzen dira, autoak... «Behin 30 neska-mutil inguru ikusi nituen bizikletan, plataforma gainetik». Urbina eta Luku arteko tunelak metalezko xafla batzuekin itxi zituzten, hori jakin zenean.

Muiñosek gaineratu du konpontzeko daudela herrian kalte handiagoa eragiten duten beste alor batzuk. Irtenbide zaila du, baina, obrekin batera desagertutako iturburuak berreskuratzeak. Borrokan jarraitzeko asmoa berretsi du Muiñosek, halere: «Trena egin nahi badute, itzuli beharko dira, eta, herrian esaten dugun bezala, Urbinako plaza ez dugu entregatuko».

BERRIAn argitaratua (2019/01/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA