bizigiro
Artea, bide bazterrean
Iker Tubia
Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan ikus daitezke errepide bazterretako artelanak. Lapurditik gertu ere badira. Nafarroa da gisa horretako artelan gehien duen herrialdea: 41 orotara. Obra Publikoen Zuzendaritza arduratzen da horietaz, Nafarroako Museoaren laguntzarekin, eta denak bildurik ditu sarean ikusgai den inbentario batean. Gehienak eskulturak dira, baina bada horma irudirik ere
Gainerako lurraldeetan ez da horrelako inbentariorik. Arabako Diputazioak hiru eskulturaren berri eman du: Ernesto Knorren bi obra daude A-1ean, Araia inguruan; eta A-1 eta N-622 errepideak Igorren batzen diren lekua eskultura multzoa da. Bizkaiko Diputazioak bost eskultura aipatu ditu; tartean, AP-8ko bidesarian dagoen Antonio Ranieri de Pacerena, eta Vicente Larrearen Makila, BI-631 errepidean, Derio inguruan. Pinturari dagokionez, Lopez de Gereñuren aurpegiak aipatu ditu: Enekurin eta San Mamesko sarbideetan.
Gipuzkoako Diputazioak azaldu duenez, bi artelan dituzte errepide sarean: Nestor Basterretxeak egindako bat Errenteriako saihesbidean; eta Jorge Oteizak egindako bat Gipuzkoa eta Lapurdiren arteko mugan. Ipar Euskal Herrian ez da halakorik, autobideetako teknikarien arabera. Lehenbizikoa Hastingan dago (Okzitania), Euskal Herritik oso hurbil: Martin Mayerren Erromesa.
Kultura proiektu bat baino gehiago, 1980ko hamarkadan onartutako legeak dira eskultura horien bultzatzaileak. Izan ere, obra publikoak egiten direnean, aurrekontuaren %1 kulturaren alorrera bideratu behar da: ondarea babesteko, aberasteko edo arte sorkuntza sustatzeko. Hori obra egiten den inguruan bultzatzea lehenesten du legeak. «Obra publikoetan, edertzeko diru saila egoten da. Diru hori dagoelako egiten dira eskulturak, bestela ez litzateke eginen», esan du Dora Salazar eskultoreak. Berak obra bat du Talluntxeko biribilgunean (Noain, Nafarroa).
Ismael Manterola arte kritikaria Artearen Historiako irakaslea da EHUn. Gai horri buruz aritu da: «Edertzetzat ulertzen zuten artelanetan gastatzea, eta eskultura publikoen inflazioa handia izan zen. Baina gero bolada pasatu zen, eta edertzeak diseinu aldera jo zuen gehiago». Haizea Barcenilla EHUko Artearen Historiako irakasle eta arte kritikariak 1970eko hamarkadan ikusten du joera horren sorrera. «Euskal Herrian badago tradizio bat, Txillida eta Oteizarengandik datorkiguna. Haien lanen instituzionalizazioarekin hasi ziren sinbologiak erabiltzen eta kaleetan jartzen», azaldu du. «Nik uste dut horretan ez aurrera eta ez atzera geratu garela pixka bat».
Artean adituek ez dute uste eskulturak errepide bazterrean jartzeko joerak balio handirik duenik. «Ez diot zentzu handirik aurkitzen. Iruditzen zait ez dela testuingururik onena artelan bat kokatzeko, oro har. Gainera, ez dira ondo prezatzen: segundo batez ikusten dituzu», esan du Barcenillak. Uste du askotan, artea baino gehiago, dekorazio hutsa dela. Manterolak antzeko bidea hartu du: «Arteari ez dio ekarpen handirik egiten eskulturak jartzen direnean. Interbentzioak direnean beste kontu bat da, hori paisaian pentsatuz egiten delako». Baina, Manterolaren arabera, «errazagoa» da eskultura bat jartzea interbentzio bat egitea baino. Diseinura jotzea hobeki ikusten du.
Polit egiteko
Politikarien esku egoten dira horrelako erabakiak, eta Barcenillak uste du ausardia gehiegirekin jokatzen dutela alor horretan erabakiak hartzean, adituei galdetzeko premiarik ez dutela pentsaturik. Alegia, artea dekorazio huts ikusten dutela batzuek. «Horrelako proiektuak oso salgarriak dira politikarientzat, jendearentzat oso ikusgarriak direlako, ulertzeko errazak, ez dute ezer zalantzan jartzen...». Agintean diren politikarien sinadura errazago antzematen da eskulturaren bidez, ondare immaterialaren bidez baino. Ez hori bakarrik: «Arte publikotzat ulertzen da kaleko izkina batean jartzen den edozein eskultura; gainera, eskulturarekin oso lotuta dago kontua. Arte garaikidean orain dela asko pasatu zen pentsamendu hori». Gaur, beste modu batera onartzen da arte publikoa, EHUko irakaslearen arabera: prozesu parte hartzaileak, irudi ekoizpenak, instalazioak, urte osoko proiektuak kultura programazio batekin... «Publiko hitzak ez du esan nahi kalean dagoela, baizik eta jendea modu kritiko batean erakartzen duela, eta jende horri zerbait planteatzen diola». Berak beste modu batera erabiliko luke diru hori.
Interes handiagoa edo txikiagoa sor dezakete obra horiek, baina artistentzat bada diru bat lortzeko modua. «Ez gaude lana bazter uzteko egoeran. Ez da lan eskaintza ugari; beraz, ez dugu aukeratzeko tarte handirik», esan du Salazarrek. Dena den, ongi iruditzen zaizkio horrelako obrak. «Oso duina iruditzen zait biribilgune baterako obra bat egitea». Errepidean obra oso interesgarriak ikusi izan ditu. Baina onartu du errepide bazter bat baino desiragarriagoa dela norberaren eskultura plaza edo parke batean jartzea.
Horrelako obra bat egiteko zein urratsi jarraitzen dien ere azaldu du Salazarrek. Kasu batzuetan, eskari bati erantzunez egiten dituzte errepideetarako lanak, eta, beste batzuetan, beren ideiak lehiaketara aurkeztuta. «Tokia da kontuan hartu behar dena, batez ere. Hori, eta aurrekontua: ezin zara pasatu. Errepidean oso azkar ikusten duzu; beraz, ikusgarriagoa izan behar du, eskala handiagoa erabili behar da, eta detaile gutxiago».
Azkartasuna da EHUko irakasleek salatu duten alorretako bat. «Arteak denbora pixka bat eskatzen du, eta autobidean 120ra... Ez dut uste disfrutatzeko denbora dagoenik. Ez era estetiko batean, ez hausnarketaren aldetik», esan du Manterolak. Salazar jabetzen da horretaz, baina kontrapuntua jarri du: «Oso azkar goaz munduan barna, baita denbora dugunean ere. Baina, obra benetan maite badugu, autotik jaitsiko gara hura bertatik bertara ikusteko».