astekaria 2019/01/18
arrowItzuli

kultura

Iratzarri dute hartza

Joanes Etxebarria

Iratzarri dute hartza

Lehena «hotz izugarriarekin» egin zuten. «Egiazko maskarada denbora bat, negukoa», Beñat Etxegoinberri Kabana Handiaren hitzetan. Behe laino artean abiatu ziren auzoz auzo barrikadak egitera. «Gure artean goxoki, serios ontsa egin behar baitzen, baina giro ona nagusi», Maritxu Negelua Katiniersa beltzaren erranetan. Eta lehen maskaradak, funtsean, «hein batean joan dira» Maiana Barreix Kantiniersa gorriaren ustez. Ikusle anitz ere gustura egon omen ziren.

Gorriak eta beltzak. Herri gutxitan bezala, gazteria handia baitute besteak beste, dantzarietan bi aitzindari talde plantatu dira. Beltzak beltzetan dira: erran nahi baita kauter eta buhameen aldean. Horren adibide hoberena da Xabi Etxegoinberri, Entseinari beltza eta Buhame Gehiena dena aldi berean.

Dantzariak beti lehenak dira prestaketa lanetan hasteko. Urte eta erdi lehenago biltzen hasi ziren. Azkenean, dozena bat dira arropekin ari direnak, erdi gorri erdi beltz. «Graala» da, «ametsa», maskarada bat egitea Barreixen dantzari ibilbidean, baina «estres bat ere bada: badakizu jendeek zure zangoak xeheki so eginen dituztela, baina zerbait gaizki bada, aitzina jo eta hobeki ondokoan».

Dantzarietan zerbait aldatzen ari dela senti daiteke. Aurtengo aitzindari troparen trebatzaileetan ziren Peio Bedekarratz eta Iban Etxegoinberri, Beritza konpainiako dantzariak -Üda Batez ikuskizuna, besteak beste-. Maritxu Negeluak laburtu du: «Ageri da Zuberoan beste ingurumen bat badela dantza munduan». Agerikoa da fisikoki gogorra dela dantzari ofizioa, baina, aurten, balletetako dantzarien maneran, luzaketak egiten ere hasi dira: «Iduri zait gauzak ontsa egin direla», trenkatu du lehen halakorik egiten ez zuen Kantiniersak. Teknika landu dute, eta lehenago dobleak ez baziren sartzen, «ez zuen inporta», dio Negeluak: «Orain, teknika anitz landu dugu, eta hori ontsa da, zehaztasun txikietan baita diferentzia egiten dantzari batetik bestera».

Behin maskarada bat ikusi duenak badaki ikuslearen begiradak zorrozten direla aitzindarien dantzetarako, zer erranik ez banaka ari direlarik. Beltz eta gorriek, haatik, ez dituzte dantza berak ematen aurten: Godalet dantza, Gabota eta «ohikoak» gorriek; beltzek, berriz, sotil dantza adibidez. Negelua kontent da beltzetan aritzeaz: «Godalet dantza ez dut batere maite; bakarka agertzean hori da txarrena: godaletari so zara, eta ez dakizu noiz zartatuko den», dio, ulertu arren beste batzuen gustukoa izatea.

Belagileak

Berritasunetan, belagileen edo sorginen talde berria da agian aipagarriena. Beñat Etxegoinberrik hastapeneko bilkuretan parte hartu zuen, deliberatzeko «maskarada zertara eraman nahi» zuten. Neska talde euskaldun bat bazutela jakinik, haientzat asmatua izan da naturarekin hertsiki lotua den taldea. «Nahiago ditut neskak haien artean ikusi eta ez mutilen artean haiek bezain basa izan nahiz. Ez dira mutilen itzalean, eta kargu inportantea badute». Berrikuntzen aldekoa da Maiana Barreix ere: «Neskak behar dira beltzerian» haren ustez, eta joan den igandean «jendeak maitatu duela» iruditu zaio.

Berritasunekin kausitu dutelakoan da Negelua ere, ohartaraziz gaitzena dela «ez originala egitea originala egiteko». Pitxu hiltzen denean, aurten ez dira medikuak izanen berpiztuko dutenak, belagileak baizik. Sinbologiari eutsi nahian, berriz, hartzak -Esloveniatik ekarriak, nola ez- belagileek iratzarriko dituzte igandez igande, dantzari beltzek indartuko duten zopa dela medio.

Gazteak inguratuak izan dira inauterien prestaketan. Dantzentzat bezala beste sailetan: belagileen taldea asmatzeko eta idatziak lantzeko, arropak egiteko edo kauteren predikuak idazteko, besteak beste. Azken lan horretan, Jean Jacques Etxeberri bere burua «Kabana zahar» gisa definitzen duen herritarra ari da Patrick Lousteaurekin batean. 1977ko eta 1982ko maskaradetako Kauter burua izan zen, eta, geroztik, predikuak idazten laguntzen aritu da 1993an, 2006an eta aurten ere. Kabanaren predikua eta bere taldekideen jokoa aldatzen ikusi ditu: «Ari gara antzerkian haboro eta basakerian gutxiago agian. Garaian basago ziren, baina oroek euskara konprenitzen zuten», trenkatu du.

Maskaradak bisitatzen dituen herrietako istorioekin prestatu prediku umoretsuak kabanak berak idaztea da normalena, baina, azken urteetan, itzaleko lanak egin dituztenak izan dira beste herrietan ere. «Zergatik parte hartzen dugun?», galdetu du Etxeberrik, ihardetsi aitzin: «Lotsa bat bada bakarrik uzten baditugu frantsesera lerratzen ahal direla. Uste dugu guk parte hartuz ez direla lerratuko». Iduri baitzaio «pobrezia» badela belaunaldi berrietan, «hitzen aldetik edo ohartzeko istorio bat zertan ahul den».

Arizaleetan, berriz, euskararen erabilpenak sorpresa baikorra ekarri du. Maiana Barreix: «Urdiñarben euskara oroek konprenitzen dute; espero dut ausartuko direla mintzatzera. Hori da helburu handiena, inportanteena enetako». Igandeetako ibilbidean indartuko dute taldeko giroa.

MASKARADAK ARGAZKITAN

Badira bizpahiru argazkilari zuberotar urte oroz maskarada edo pastoraletan direnak, argazki tresna eskuetan. Horietan da Eliane Hegiaphal, hilaren 6an Urdiñarbeko gazteen lehen maskaradako argazkiak egiten ari izan zena. Haren argazkietan, ikusgai dira aurtengo pertsonaia batzuk eta joan den asteko giroa. Hegiaphalek erakusketak egin izan ditu, Zuberoako ihauterietako irudiekin besteak beste, eta Interneten ere ikusgai dira haren hainbat argazki, helbide honetan: https://kalostra.jalbum.net/.


BARRIKADAK. Ohikoa da goizeko barrikadetan bidea oztopatzea, batzuetan dantzariei lekua uzteko, bestetan beltzeriak hala nahi baitu. / HELIANE HEGUIAPHAL


BELTZAK. Beltzen taldean kauterak, belagileak eta buhameak badira. Aurten, Entseinari beltza da buhame nagusia. / ELIANE HEGUIAPHAL


DANTZARIAK. Urdiñarben, beste herri gutxitan bezala, dantzari beltzak eta gorriak badira. Irudi honetan, bi zanaltzainak buruz buru. ELIANE HEGUIAPHAL


PREDIKUA. Kabana Handiaren predikua momentu azkarra da, kezka doi bat pizten duena, herriko istorioen aipamena egiten baitu. / ELIANE HEGUIAPHAL


BELAUNALDIAK. Herri anitzetan begi bistakoa da belaunaldi gazteetan maskaradarekiko atxikimendu handia badela. / ELIANE HEGUIAPHAL


BARRIKADA HAUSTEA. Goizeko barrikadak egiazko barrikadak omen ziren lehenago, datzariek jauzika gainditu beharrekoak. / ELIANE HEGUIAPHAL

BERRIAn argitaratua (2019/01/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA