mundua
Arrakala bat Mendebaldeko Saharako harresian
Olatz Alonso Guevara
Okupazioa bizi duten sahararren hainbat testigantza jasotzen ditu txostenak. Argazkia itzela da. Mendebaldeko Saharan etengabeak dira giza eskubideen urraketak eta elkarrizketatutako lekukoek bertatik bertara salatu dituzte urraketak; besteak beste, lanerako, osasunerako eta hezkuntzarako eskubideenak.
Miren Ogando (Donostia, 1992), Eneritz Txabarri (Donostia, 1992) eta Ibon Iturrioz (Donostia, 1994) ikerketan parte hartu zuten gazteetako batzuk dira. Eskubide horiek hautatu zituztela azaltzen dute «gizaki batek bere bizi baldintzetan duintasuna izateko hiru esparru nagusiak direlako», eta, aldi berean, «beste gai batzuk modu transbertsal batean jorratzeko aukera» eskaintzen zutelako: hala nola feminismoa edo baliabide naturalen espoliazioa.
Jasotako testigantzetan «urraketak etengabekoak eta sistematikoak» direla azaldu dute gazteek. Identitate sahararra ukatzea bilatzen duen estrategia baten ondorioa da. Aztertutako hiru alorretan ematen dira diskriminazioak eta jazarpenak, modu eta bortizkeria maila desberdinekin, baina modu estrukturalean. Emakumeen kasuari, gainera, genero zapalkuntza gehitzen zaio. «Brigada guztietan nabarmen geratu zen sahararrak guztiz alboratuak eta kulturalki zanpatuak daudela», azpimarratu du Iturriozek, eta «errealitate oso gordina» topatu zutela baieztatu du. Ogandok dioenez, «bizirik iraun egiten dute bertan, ez bizi».
«Urraketa kate bat»
Ikertzaileek diote Mendebaldeko Saharako egunerokoan «urraketa kate bat» dagoela: «Autodeterminaziorik eza da lehenbiziko urraketa, domino efektu bat egiten duena. Sahararrak bere herriaren jabe ez direnez, Marokok hartzen dituen erabaki guztiekiko menpekotasuna dute». Espainiako Estatuaren erantzukizuna den amaitu gabeko deskolonizazioa dela eta, saharar herria potentzia arrotz baten menpe bizi da, jatorrizko biztanleei oinarrizko eskubideak ukatzen dizkiena. Eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak ez ezik, zibil eta politikoak ere bermatu gabe dituzte sahararrek, eta, besteak beste, torturak, atxiloketak eta espetxeratzeak jasaten dituzte. Equipe Media taldeak gehiegikeria horien berri ematen du lurralde okupatuetatik, Marokoren jarrera zapaltzailea salatuz eta estatu okupatzaileak ezartzen duen blokeo informatiboa hautsiz.
Oinarrizko eskubideak bermatuta ez izateak sahararren bizi kalitateari kalte egiten dio modu zuzenean. Lan baldintza eta aukera kaskarrek, osasun sistemarekiko mesfidantzak eta hezkuntza sistema baztertzaile batek osatzen dute sahararren egunerokoa okupatutako lurraldeetan. «Familia batean inork ez badu lan egiten, ez dute dirurik. Eskolan, polizien presentzia eta saharar izateagatik diskriminazioak jasan behar dituzte. Horrek hezkuntza sistema alde batera uztea eragiten du», azaldu du Txabarrik. «Gainera, Mendebaldeko Saharan ez dago unibertsitaterik, eta goi ikasketak egiteko Marokora joan behar dute», gehitu du Iturriozek. Sahararrek soldata txikiagoak jasotzen dituzte eta goi karguetatik kanpo uzten dituzte, bereziki baliabide naturalen ustiapenaren sektoreetan.
Osasun sisteman ere ez dute konfiantzarik. «Mesfidantza hori ez da guk hemen izan dezakegunaren bezalakoa», azaldu du Ogandok. «Guk hautu bat egin dezakegu, baina haientzat inertzia bat da. Badakite nork eta nola artatuko dituzten, eta zeintzuk izan daitezkeen ondorioak: tratu txarrak, arduragabekeriak, eroskeriak, atxilotuak izatea manifestazio batean zaurituak izan ondoren medikuarengana joaten badira...». Ondorioz, osasun zentroetara joatea saihesten dute, medikuntza tradizionalera joz. Egoera horiek guztiek sahararrengan «etsipena» sortzen dute.
Emakumeek zapalkuntza hirukoitza jasaten dutela nabarmendu dute txostenean: langileak, sahararrak eta emakumeak izateagatik. Melfa soineko tradizionala janzteagatik irainak pairatzen dituzte, eta bildutako testigantzetan sarri agertzen dira eraso sexisten bizipenak. «Amatasunean oso nabaria da osasunaren eskubidearen urraketa. Haurdun daudenean ez dute ekografiak egiteko aukerarik, eta, askotan, etxean erditzen dira, ospitalean seme-alabak desagertuko diren edo tronpen lotura egingo dieten beldur», aipatu du Txabarrik.
Baliabide naturalak
Eskubide urraketa piramidal bat osatzen duen egoera hori jada 43 urtez luzatu da. Marokok 1975. urtean okupatu zuen Mendebaldeko Sahara eta lurraldeko kontrol osoa bereganatu zuen hurrengo urtean, Espainiak deskolonizazio prozesua amaitu gabe lurraldetik alde egin zuenean. 1991n, Marokok eta Fronte Polisarioak su-eten bat hitzartu zuten, baina agindutako erreferendumik ez da egin. Marokok kudeatzen du de facto lurraldea, nazioarteko konplizitatearekin. Nazio Batuen Erakundeak ez du Marokoren subiranotasuna onartzen, baina estatuek Marokorekin egiten dituzten akordio ekonomikoek okupazioaren oinarriak indartzen dituzte: baliabide naturalen espoliazioa. Europako Batasunak eta Marokok atzo bertan berritu zuten arrantza akordioa. Europako Justizia Auzitegiak otsailean ebatzi zuen hitzarmena ezin dela Mendebaldeko Saharan ezarri —Europako Parlamentuak otsailean berretsi beharko luke akordioa—.
Bitartean, lurralde okupatuetan, errefuxiatuen kanpamentuetan eta diasporan dagoen saharar herriak autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen jarraitzen du. Marokoren eta Polisarioaren arteko elkarrizketa berriak jarri ziren martxan abenduaren hasieran, eta aurten berriz elkartuko direla iragarri zuten.
Iturriozek uste du okupazioa mantendu egingo dela Saharako baliabide naturalen legez kanpoko ustiaketak etekin ekonomikoak ematen jarraitzen duen bitartean. «Zaila da egoera iraultzea, hori aldatzeko interesik ez dagoelako. Urraketek espoliazioan dute oinarria», bat egin du Ogandok.
Txostenarekin batera, film labur bat egin dute. Bi lanek antzeko izenburuak dituzte, Arrakala bat harresian eta Zulo bat harresian. Ikerketaren helburua baita «harresi fisiko zein metaforiko» batez inguratuta dagoen lurraldean dagoen blokeo informatiboan arrakalak sortzea. Txostena Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordean aurkeztuko dute heldu den martxoan, Genevan (Suitza).