astekaria 2019/01/18
arrowItzuli

bizigiro

ROSA GARCIA

«Gure belaunaldiak sortu du galtzen ari den guztia: horregatik gaude kalean»

Maialen Unanue Irureta

«Gure belaunaldiak sortu du galtzen ari den guztia: horregatik gaude kalean»

Astebete barru jasoko du Rosa Garciak (Madril, 1948) Donostiako Urrezko Danborra, donostiarrek hala erabakita. Kaleratzeak Stop plataformaren sortzaileetako bat da, eta beti aldean darama laguntza behar dutenentzako daukaten telefonoa. San Sebastian eguna hurreratu ahala, hainbat elkarrizketa ematen ari da egunotan, baina lan egiteari utzi gabe: elkarrizketa eta elkarrizketa artean, azken orduan deitu dion familia bati harrera egin dio.

Urduri zaude?

Bai, gauza bat da kanpotik ikustea, besteei nola ematen dieten ikustea, eta beste bat norbera egotea urakanaren begian. Oso pozik nago, baina urduri, hedabideetatik deika dabiltza eta... Onena da, sariari esker, etxegabetzeei buruz hitz egiteko aukera dugula.

Prestatu duzu diskurtsoa?

Bai, aukera hau aprobetxatu nahi dut etxegabetu dituzten horiek guztiak gogoan hartzeko. Askori ezin izan diegu lagundu, ez dutelako gugana jo, eta zigorgabetasun osoz etxegabetu dituzte. Inoren babesik gabe, bakardadean, bota zituzten. Ez dut ahazteko Amaia EgaƱa, mugarri bat ezarri baitzuen: zoritxarrez, suizidio kasu gehiago ere izan ziren, baina horrek sentsibilizatu zuen Euskal Herriko gizartea.

Nola pasatuko duzu San Sebastian eguna?

Bandera jaitsi arte libre egongo naiz, baina, bitartean, nire auzoko danborradekin gozatuko dut, Amara Berrin. Nire etxe azpiko plazan oholtza bat jartzen dute, eta auzoko hamazazpi danborradak handik pasatzen dira.

Guztiz Donostiartu zara, orduan?

Ez dut sekula parte hartu [barreak], baina auzotarrek bai, eta gozamen hutsa da. Auzoek egin ohi duten ahalegina nabarmendu nahi nuke: lanetik atera eta entseatzera joaten den jende hori, danborrada mistoetan [keinua egin du begi batekin]. Niretzat ez dago hori baino gauza hoberik.

1948an jaio zinen, Madrilen, frankismo betean.

Izugarria izan zen hura, maila guztietan. Pobreak ginen, eta ez ginen horretaz lotsatzen. Aitak astoen pare egiten zuen lan, ez geneukan ezertarako eskubiderik, batez ere emakumeek; esan egin behar da, zeren emakumeek oso gaizki pasatu genuen frankismoan: ezin genuen gela bat alokatu edo kontu korronte bat ireki aitaren, anaia baten edo senarraren baimenik gabe. Familia ezkertiarrak, batez ere, izututa bizi ginen. Unibertsitatera joateko zortea izan nuen, beka bat eman zidatelako: pobreok, bestela, ezin genuen unibertsitatera sartu, izugarri klasistak baitziren.

Unibertsitatean harrapatu zintuen 1968ko Maiatzak, beraz.

Sei hilabeteko greba egin genuen. Grisak unibertsitatera sartzearekin bat amaitu zen, sarrera debekatuta zeukaten arren. Garai oso polita izan zen, ikasle borroka bizirik zegoen, langileena ere bai... Denak diktaduraren aurka. Beldur handia bazegoen ere, elkartasun handia zegoen, errepresioa handia zelako; Euskal Herrian handiagoa zen, baina egurra leku guztietan eman zuten.

Aldaketa handia izan zen zuretzat Euskal Herrira etortzea?

Izugarri eragin zidan. Familia errepublikazale eta ezkertiar batetik nator: galtzaileen bandokoak ginen, eta ni ere pentsamolde horretakoa naiz. Hemen, ordea, herri guztia ateratzen zen kalera lantegi bateko greba batengatik edo errepresioagatik. Niri atentzioa eman zidan: ez zeneukan jakiterik ondoan zeneukana enpresaria zen edo langile bat. Asko harritu ninduen horrek, eta orain horren falta dut. Lehen ez zen onartzen kaleratze bat edo enpresa bat ixtea: orain, enpresa txiki zein ertainak nola itxi dituzten ikusi dugu, eta zein gutxi bete diren kaleak.

Nola markatu du frankismoak zure bizitza?

Pentsa, orain kalean gauden pentsiodun eta erretiratu guztiek frankismoaren aurkako borroka bizi izan genuen. Badakigu zer den diktadurak gure bizitza goitik behera baldintzatzea, eta badakigu zer den askatasunik gabe bizitzea: horrek zaildu egin gaitu, ezinbestean. Sindikatuak sortu genituen, langileen batzarrak, batzordeak, ongizate estatua; aldarrikapen feministak egin genituen... Gure belaunaldiak sortu du orain galtzen ari den guztia: horregatik gaude kalean.

Ondorengoengatik jo eta ke lanean, eta ezin lasai bizi.

Krisia piztu zenetik guztiz galdu dira eskubide horiek guztiak, ordutik egon diren gobernu guztien erruz: eskubide sindikalak, eskubide demokratikoak... Eta, orain, berdintasunarekin hasi dira. Duela hamar urte esan izan baligute egoera honetan egongo ginela, nire belaunaldiko jendeak ez genukeen sinistuko. Zientzia fikziotik harago doa: haserretuta gaude, oso haserre, eta pentsioak defendatuz erakusten dugu hori. Gaurko pentsioengatik ari gara borrokan, baina baita etorkizunekoengatik ere. Guri bi egun pasa baino ez zaizkigu geratzen: zahar jendea makulu eta guzti joaten da manifestazioetara. Eta gure seme-alabek zergatik ez dute erreakzionatzen? Zergatik ez dira kalera ateratzen?

Izan daiteke euren bizi baldintzek itota bizi direlako?

Baliteke, baina beldurrarekin ez goaz inora: beldurra ematen du enpresek jartzen dituzten baldintza lazgarriak ez onartzeak, zeren, badakizu zuk onartzen ez baduzu beste bat egongo dela baldintza horietan lan egiteko prest. Diktadura garaian, sindikatu bertikalaren kontra egiteak kaleratua izatea eta zartako ugari jasotzea esan nahi zuen. Etxegabetzeekin ikasi dugu elkartzen bagara eta solidarioak bagara bankuak garai ditzakegula: ez guztiz, baina garaipen garrantzitsuak lor daitezke, eta borroka sozialean eta bizitzaren alor guztietan aplika daiteke hori.

Urrezko Danborra zuk jasoko duzu, baina plataformari egindako aitortzatzat duzu. Zerk bultzatu zintuen hori sortzera?

M-15aren harira sortu genuen, krisia gogor jotzen ari zenean: grebak, enpresen itxierak, murrizketak ongizate estatuan, eskubide sozial eta sindikaletan... Albistegiak bata bestearen atzetik hasten zituzten etxegabetzeekin. Askotariko jendea hurbildu zitzaigun: jende gaztea, langabeak, erretiratuak... Gipuzkoan hedatzen hasi ginen, eta talde bat sortu zen Gasteizen, eta beste bat Bilbon.

Ez da lan makala izango, parte hartzaileak boluntarioak zaretela kontuan hartuta.

Uste dut eredu garela: herritar talde bat gara, eta ez dugu inolako diru laguntzarik jasotzen. Elkarretaratzeetan erabiltzen ditugun kamisetak, txapak eta giltzatakoak saltzen ditugu; horrekin moldatzen gara. Bakoitza ahal bezala moldatzen da taldeari ekarpen bat egiteko. Lanaren lanaz, badaude legeetan aditu bihurtu diren kideak. Eta, batez ere, kate bat gara: guk, lehenengo, kaltetuak defendatzen ditugu, ahaldun daitezen, lotsak eta orfidalak albora ditzaten. Gero, plataforman sartzen dira, atzetik datozenei laguntzeko; 30-40 lagun biltzen gara astero.

Zein egoeratan heltzen da jendea zuengana?

Jendeak etsiak hartuta deitzen digu, negarrez, baina, gurekin bildu ostean, irribarre batekin ateratzen dira, eta hori da garrantzitsuena. Esaten diegu lasai egoteko, ez daudela bakarrik, biktima bat gehiago direla eta ez direla egoeraren errudunak: errudunak bankuak dira. Gure arteko batasuna da garrantzitsuena.

Nola antolatzen zarete?

Jende berriak deitzen badu, haiekin elkartzen gara lehenengo. Hemen behean dagoen Xanti tabernan elkartzen gara, lokala ezkutu samar baitago: elkar ezagutu, eta daukaten dokumentazio guztia aztertu ohi dugu. Gero, gainerako taldekideekin biltzen gara: gainontzekoak aurkezten dizkiegu, eta esan: «Begira, halakok zure arazo bera izan du, eta honela konpondu dugu». Alkoholiko Anonimoen moduko taldea da gurea. Izan ere, finantza iruzurraren eta etxegabetzeen aurka borrokatzeaz gain, terapia garrantzitsua egiten dugu gure artean, kaltetuek bat egin dezaten, ahaldun daitezen eta pertsona senti daitezen.

Latza behar du izan aterperik gabe gelditzeak.

Ez ahaztu suizidioak izan direla: pentsa zenbateko inpotentzia sentitu behar duten. Orain arte hipotekaren exekuzioagatik izan dira etxegabetze asko, baina orain alokairuagatik ere egiten dituzte: historia errepikatzen ari da. Pertsona horiei ez zaie sudur puntan jarri ez dutela ordainduko: ez dute ordaintzen ezin dutelako. Eta zergatik ezin dute ordaindu? Egin dezagun historia: higiezinen burbuila hartan, bankuek nahi izan zuten guztia egin zuten. Pentsa, 180.000 eta 220.000 euro artean eskatzen zuten langile auzoetako etxebizitzengatik: Trintxerpen, Larratxon, Lasarte-Orian, Errenterian [Gipuzkoa]... Metro koadroa Madrilen eta Bartzelonan baino garestiagoa zen.

Dozenaka nobela idazteko moduko tragediak ezagutuko zenituzten, fikziotik gutxi dutenak.

Oso oharkabean gelditzen diren tragediak dira, gainera. Ez dakit zergatik, baina geure burua jotzen dugu lanik gabe egotearen, etxea ezin ordaintzearen edo botikak ezin erostearen erruduntzat. Hori da kapitalismoak egiten duena: gu ez gara errudunak, biktimak baizik. Bada bere kabuz borrokatzeko gai ez den jendea: banan-banan garaitu nahi gintuzten, baina ez dute lortu, milioika garelako. Diru publikoarekin salbatu ditugu bankuak: 100.000 milioi euro, azkar esaten da. Eta murrizketak jasan ditugu osasunean, hezkuntzan... Krisia ez da bukatu, jende asko dago zorrez josita.

Pozik egoteko arrazoiak ere badituzue, ezta? Egindako lanak eman ditu fruituak.

Orain badugu eskubide sorta bat, baina herritarrek ez dituzte ezagutzen. Familiak egoera kalteberan daudenean, edo larrialdian, bankuak gabealdia sinatzera derrigortuta daude: hau da, horren arabera, egoera horretan dauden familiek kuota murriztu bat ordain dezakete bost urtez. Hala, 8 edo 10 euroan gelditzen zaie hileroko kuota. Bankuak, bost urteko tarte horretan, bakean utzi behar ditu familiak, eta duintasunez bizitzeko aukera eman.

Zer panorama utzi du krisiak?

Mundu mailako kapitalismo betean, multinazionalak, transnazionalak eta, batez ere, enpresa teknologikoak dira nagusi. Google, Facebook eta halakoak burtsako nagusiak dira, eta haiek dira kapital handiena duten enpresak, bankuen gainetik. Eta gu, tontoen pare, haien atzetik, dauden eta aplikazio guztiak deskargatuz. Sekulako garbiketa ideologikoa eta intelektuala egin dute: gure etxean sartuta bizi gara, hamaika aplikaziorekin eta atsegin dut botoiari emanez. Kalea, pertsonen arteko harremanak eta elkartasuna alboratu ditugu.

Zenbat eta konektatuago, orduan eta bakartuago?

Kalean hazi eta hezi garenontzat ulertezina da: kalean jolasten ginen, zegoen baloi bakarrarekin, ez baikeneukan besterik. Gero, borrokan jarraitu dugu grisen eta guardia zibilaren aurka; manifestazioak egiten jarraitu dugu, modu baketsuan noski, eta horregatik badakigu garaitu egin gaituztela eremu horretan. Egoera irauli behar dugu, nola ez dakit: nik ez daukat sare sozialik, eta, ahal badut, paperean irakurtzen ditut liburuak, egunkariak paperean erosten ditut.

Kapitalismoari egunerokoan egiten zaiola aurre, alegia, erosketak non egin erabakitzean.

Gizartean bada sektore bat hala pentsatzen duena: «Zenbat eta gutxiago ordaindu, hobe». Internet bidez erosiz, auzoak hondoratzen ari gara. Bestela ere ez daukagu nahikoa pisu turistikoekin eta! Komertzio txikiek ematen diete bizitza auzoei, eta akabatzen baditugu... Horrek guztiak lanpostuak galtzea esan nahi du. Zerbait Amazonen erosten badugu %5 merkeago ateratzen zaigulako, enpresa horren barruko esplotazioa babesten ari gara: bere langileak ez dira mileurista izatera ere heltzen. Amazon ez da XXI. mendeko lan harremanen eredu, hain justu: antz handiagoa du XIX. mendeko esklabotzarena.

Zein itxura hartzen diozu mugimendu feministari?

2018a emakumeen urtea izan da, mundu mailan: historiara pasatuko da. Beldurra ematen du zenbait alderdi politikok orain arte lortutakoak zalantzan jartzeak. Giza eskubideak ari dira zalantzan jartzen: izugarria da. Dena den, ez dute nahi dutena lortuko: berdintasunaren aldeko eta hilketa matxisten aurkako borrokak ez dauka atzera bueltarik.

BERRIAn argitaratua (2019/01/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA