astekaria 2019/01/18
arrowItzuli

iritzia

Hemen da

Iñigo Aranbarri

Hemen da Iñigo Aranbarri

Dena beste nonbaiten gertatzen ari balitz bezala bizi izan gara, sinetsita mundu basa hori urruneko kontua dela. Hemen, trantsizioaldia ideala ez izanagatik, bestela ziren gauzak. Kaleko txakurrak ere nekatu arte (zer diot, orain ez dago kaleko txakurrik) errepikatu dugu aho betean, bere lokatzarekin, baina demokrazian bizi garela. Botoa ematen dugulako eta faxismoa Europan Hitlerren bunkerrean ehortzi zelako. Egitate historikoa esaten den hori.

Asteon, bere programa politikoan 52.000 pertsonaren deportazioa proposatzen duen alderdiaren bultzadari esker aldatuko da gobernua Andaluzian, PPko presidentea ezartzeko. Nahikoa izan da hedabideek hauspoturiko alderdi batek zaunka egitea gainerakoak dardar batean jartzeko. Gutxiesten da memoria eta gutxiesten da ertzetako jendea, eta begiradak are eskuinerago doaz, gauza jakina baita Vox-en mintzatzeko manera hori gizartean dagoela, isilean bada ere, zuzentasun politikoaren kausaz autozentsuratua. Urteetako produktu historikoa, horra balio komunen aldeko lanik, ustezko askatasunaren izenean inongo pedagogiarik egin ez duen demokrazia dontsuak utzi digun ondarea, ustelkeriaren kulturak ongi ondu duena.

Giroa, izan ere, horretarakoxe dago. Berlineko harresiaren eraistearekin mozkortu gintuzten haietako inork agiraka egin gabe eman zaizkigu ezagutzera zertan diren Trumpen hesiaren erronka teknikoak (hamar urte beharko dira, 25.000 milioi dolar eta 10.000 langile), bide batez haren semearenak irri artean komentatzen ditugula («Badakizue zergatik joan gaitezkeen lasai zoora? Hesiek beren lana egiten dutelako»). Baina kataluniar independentistena da errua piztia berek esnatu dutelako.

Faxismoa hemen dugu. Gasteizko autobus batean agertu da eta gutxien espero dugunaren ahotan izango dugu gaur, bihar edo etzi oasiko edozein herriko jaixetan, eta oraingoan ez zaigu Nazioarteko Brigadarik etorriko laguntzera.

BERRIAn argitaratua (2019/01/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA