bizigiro
CLARA MARTIN
«Dislexia atzeman eta osatzeko balio praktikoa izango du gure ikerketak»
Edu Lartzanguren
Elebitasuna ikertzeko 1,9 milioi euro eman dizkizute. Zer da, gutxi edo asko?
Izugarri! Ideia bat egiteko: normalean jasotzen ditugun diru laguntzarik ohikoenak 50.000-100.000 eurokoak izaten dira, 2-3 urterako. Hemen, ordea, 1,9 milioi dira bost urterako. Garrantzitsua da jendeak jakitea Europako Batasunak diru publiko asko inbertitzen duela ikerketa sustatzeko batasunaren herrialde guztietan. Diru laguntza honek aukera emango digu ikerketa talde indartsu bat antolatzeko, eta ikerketa sail oso konplexu bat garatzeko epe luzean: hau da, haur berak aztertuko ditugu hainbat adinetan, irakurtzen ikasi aurretik eta ondoren.
Nola lortu duzu Europako Ikerketa Zentroa konbentzitzea zure egitasmoa bultzatzeko?
Gakoa da egitasmo ausarta aurkeztea, berria eta disziplinartekoa; eta erakustea ahalmena duzula gauzatzeko. Nire egitasmoan gustatu zaie elkartu egiten dituela orain arte bakarka jorratu diren hainbat ikerketa eremu. Jakina da irakurtzen ikasteak aldatu egiten duela hitzak belarriz nola antzematen diren. Jakina da hizkuntzako soinuen errepresentazioak alda daitezkeela ere; esaterako, beste hizkuntza bateko soinu berriak norbereganatzen direnean. Egitasmo honetan, bi ikerketa ildo horiek elkartzea da ideia, ikusteko hizkuntzaren soinuak nola aldatzen diren irakurtzen ikasten denean. Nire curriculumak ere konbentzitu egin ditu, orain arte irakurketan eta lengoaiaren pertzepzioan zein produkzioan egin baitut lan, eta duela urte batzuk hasi bainaiz soinuen errepresentazioan. Beraz, aurretik ezagutzen ditut egitasmo honetan elkartuko diren ikerketa eremu guztiak.
Zergatik da garrantzitsua horren atzean dauden mekanismoak ezagutzea?
Garrantzitsua da jakitea zerk eragiten dion lengoaiaren soinua antzeman eta erreproduzitzeko prozesuari. Gure hipotesiaren arabera, ortografia da eragile horietako bat. Aukera izango dugu kognizioaz eta garunaz dugun oinarrizko ezagutza zabaltzeko, edo, hobeto esanda, lengoaia gogoan irudikatzeko moduaz duguna zabaltzeko aukera izango da. Praktikara eramanda, aplikazio garrantzitsua izan dezake lengoaiaren nahasmenduetan; esaterako, jakiteko nola hobetu hizkuntzaren pertzepzioa eta produkzioa idazkeraren bitartez. Horrez gain, oinarrizko ezagutza handiagoa lortuko dugu irakurtzen ikasteaz eta horrek kognizioan duen eraginaz. Dislexia eta halako nahasmenduak atzeman eta osatzeko balio praktikoa izango du gure ikerketak, eta hizkuntzak ikasteko orduan, esaterako, erabakitzeko zein den metodorik eraginkorrena ikasteko, entzunez edo idatziz, soinuen errepresentazioak egonkortzeko.
Jar dezakezu ikertuko dituzun fenomenoen adibiderik?
Ikertuko dugun hipotesietako bat honako hau da: soinu kontsistenteak, hau da, hizki bakarrarekin idatz daitezkeenak, egonkortu egiten dira ortografiaren arauak ikasten direnean, ikusteak lagundu egiten duelako, soinu bat beti hizki baten bidez irudikatzen delako. Haatik, kontsistente ez diren soinuak gutxiago egonkortuko dira, erregulartasunik ezagatik, hau da, soinu bat hainbat hizkiz irudikatzen delako. Gaztelera eta euskara hartzen baditugu, iragartzen dugu /k/ eta /b/ soinuak egonkorragoak izango direla euskararen irakurleengan, gazteleraren irakurleekin konparatuta, euskaraz k eta b hizkiekin bakarrik idazten direlako, baina gazteleraz c eta qu zein b eta v-z idazten direlako. Kontrol gisa, iragartzen dugu /d/ eta /p/ soinuek egonkortasun berdina izango dutela euskarazko zein gaztelerazko irakurleen artean, kontsistenteak direlako bi hizkuntzetan.
Ikerketa hau Euskal Herrian egitea bereziki interesgarria litzateke, elebidunak daudelako hiru hizkuntzatan -euskaraz, gazteleraz eta frantsesez- ortografia oso ezberdinekin, frantsesaren kasuan. Horretaz baliatuko zara zure ikerketan?
Hain zuzen ere, egoera horretaz baliatuko gara. Haur gazteleradunak eta frantsesdunak parekatuko ditugu lehen fasean. Hipotesia planteatuko dugu euren hizkuntzaren soinuak antzemateko eta produzitzeko moduak antzekoak izango direla irakurtzen ikasi aurretik, eta ezberdinak izango direla gero, hizki-soinu konbertsio arau ezberdinak dituzten soinuentzat. Adibidez, oraindik irakurtzen ez dakiten haurrek /d/ soinua modu berean pertzibitu eta produzitu behar dute, eta gauza bera /b/ soinuan. Baina 6-7 urte gaindituta, berriz aztertuko ditugu haur berak, eta demostratu asmo dugu 6-7 urteen ondoren /d/-aren errepresentazioak berdinak izango direla haur guztietan baina /b/ soinua egonkorragoa izango dela haur frantsesdunetan gazteleradunetan baino. Efektu hori ume elebakarretan frogatu ondoren, haur elebidunetan aztertuko dugu. Esaterako, nola aldatzen den /b/ soinua frantsesdunetan gaztelera ikasten dutenean, bi hizki ezberdinekin idatz daitekeela ikustean. Gauza bera /o/ soinua o edo au eta eau idatz daitekeela ikasten dutenekin.
Hizkuntza bakoitzaren sakontasun ortografikoa erabakigarria izango da, beraz; hau da, ahoskatzen denaren eta idazten denaren arteko aldea. Zer-nolako arazoak sortzen ditu euskararen, gazteleraren zein frantsesaren sakontasun ortografiko ezberdinak ikasteko orduan?
Sakontasun ortografikoa ikerketaren funtsa izango da, hain zuzen ere. Kontzeptu hori laguntzaile gisa erabiliko dugu soinuen errepresentazioaren aldaketak ikertzeko. Jakina da frantsesa edo halako hizkuntz opaku batean irakurtzen ikastea euskara, gaztelera edo halako hizkuntz gardenetan baino geldoagoa eta zailagoa dela. Bistan da hizkuntza opakuetan askoz arau gehiago daudela ikasteko. Haurrek frantsesez beranduago ikasten dute ondo irakurtzen, euskaraz eta gazteleraz baino. Baina opakutasun aldeak baditu beste ondorioak, berez kalterako ez direnak; hau da, abantailak eta desabantailak dituela ama hizkuntza gardena edo opakua izateak. Berez ez dago loturarik opakutasunaren eta nahasteen artean. Dislexikoak hizkuntza guztietan daude, nahiz eta opakutasunak aldatu; hau da, opakutasuna ez da irakurtzen ikasteko orduko nahasmendu guztien erantzulea. Nahi dugu frogatu hizkuntz opakuen eta gardenen irakurleen arteko aldeak ez direla bakarrik irakurketan gertatzen, baizik eta hizkuntzetako soinuen pertzepzioan eta produkzioan ere badirela.?
Irakurtzen ikasteko metodoak aldatzeko proposamenak aterako dira zure ikerketatik?
Ez dugu irakurtzeko moduak aldatzeko proposamenik egingo, arauak koherente izan edo ez, diren bezalakoak direlako, eta ezin direlako aldatu edo moldatu. Baina gauza bat molda zitekeen ikerketa honen emaitzen arabera: bigarren hizkuntza ikasteko epeak.
Hasteko, zehaztu ahalko dugu zer den hobe: lehenbizi ahozko forma ikastea eta gero begizko informazioa gehitzea -ortografia-, edo idatzikoa zein ahozkoa aldi berean ikastea. Bigarrenez, ikusiko dugu elebidunekin zer izango den eraginkorrago soinuak ekoizteko orduan: bi hizkuntzen ortografiak aldi berean ikastea edo sekuentzialki ikastea. Azkenik, emaitzetan oinarrituta, espero dugu informazio garrantzitsua ematea dislexikoek irakurtzen ikasteko prozesua hobetzeko hizkuntzaren soinuen bitartez, eta, aldi berean, hizkuntzaren soinuak ikasteko prozesua hobetzea kokleako inplantea duten haurretan irakurketaren bitartez.
Nola antolatuko duzu ikerketa? Eta zein da egutegia?
Ikerketa hiru azpi-lantaldetan banatuko dugu, baina elkarrekin eta hurbil arituko dira taldeak. Taldeetako batek lengoaiaren soinuen pertzepzioaren eta ekoizpenaren garapena aztertuko du haurretan. Bost urtez aztertuko ditugu mugaz bi aldeko umeak, 5, 7 eta 8 urte dituztenean. Horrekin batera, mugaz bi aldeko helduak aztertuko ditugu, irakurtzen ikasi izanak epe luzera duen eragina ikusteko. Bigarren taldeak haur dislexikoak eta kokleako inplanteak dituztenak aztertuko ditu, ortografia ikasteko zailtasunak duen eragina aztertzeko. Halako haurrak biltzea zaila denez, egitasmoaren alderdi honek ere bost urtez iraungo du. Hirugarren taldea elebitasunean zentratuko da: bigarren hizkuntzaren ortografia ikasteak ama hizkuntzaren soinuei nola eragiten dien eta ama hizkuntzaren ortografiak bigarren hizkuntzari nola eragiten dion aztertuko dugu.