politika
Memoriagune bat, behetik gora
Edurne Begiristain
Eliza bestela erabiltzea premiazkoa dela uste dute gasteiztar askok, aspaldi. Eta kezka horrek elkartu ditu Memoria Gara ekinbidearen barruan bildu diren hamaika esparrutako eragileak ere. Proposamen baten inguruan batu dira: San Frantzisko eliza Memoria eta Giza Eskubideen Zentroa bihurtu nahi dute, eta elkarlana galdegin diete administrazio publikoei. Duela zenbait hilabete hasi ziren urratsak egiten: euren asmoen berri eman zioten Apezpikutzari, eta baita Gasteizko Udalari ere. Ez zituzten ateak erabat itxita topatu, eta lanean jarraitzeko asmoa dute, harik eta eliza «memoria inklusiboaren» zentroa bilakatu arte. Espazioa berreskuratuta, bide bat egin nahi dute «oinazetik esperantzara», Josu Santamarina Memoria Gara-ko bozeramaileak azaldu duenez.
San Frantzisko eliza memoriagune bilakatzea «ezinbesteko ariketa» bat dela azpimarratu du Lander Garcia ekinbideko kideak. Bi arrazoi eman ditu: «Batetik, Gasteizek eta Euskal Herriak horrelako zentro baten beharra dutelako, eta, bestetik, giza eskubideen aldeko kultura bultzatzeko funtsezko elementua delako». Gainera, uste du «sarraskiaren lekuko izan den toki bat» memoria eta giza eskubideen zentro bihurtzea «oso pedagokikoa» izan daitekeela gizartearentzat etorkizunari begira.
Memoria eta Giza Eskubideen Zentroak nolakoa izan beharko lukeen ere irudikatu dute. Argi dute «behetik gora» eraikitako memoriaren isla izan behar duela. Honela dio Santamarinak: «Memoria politikak goitik beherakoak izan ohi dira, estatuek erabakitzen dutelako zer gogoratu eta zer ahaztu. Baina badago beste modu bat ahaztutako memoriaren alde egiteko, behetik gorakoa dena, eta eragile askoren parte hartzea duena».
Ez dira hutsetik hasiko. Badute nondik ikasi. Nazioartean badira-eta eredu berekoak diren zentro ugari; besteak beste, Europan, Hego Amerikan eta Hegoafrikan. Garai bateko errepresio guneak berreskuratu dituzte, eta biktimen oroimena gordetzeko zentroak dira orain. Haiengandik ideiak hartu dituzte Memoria Gara-koek, hemengo errealitatera egokitzeko. Hala, Euskal Herriak bizi duen abagune politikoa kontuan hartu dute zentroa irudikatzeko orduan. «Biktima eta bioletzia askoren» ahotsa jaso eta diskurtso «monolitikotik» aldendu nahi dute, Santamarinak azaldu duenez.
Estatu estrategiatik urrun
Uda honetan da irekitzekoa ETAren biktimen Oroimenezkoa Gasteizen, Banku Zaharraren egoitzan, baina bertan ez dute tokirik izango martxoaren 3ko biktimek. Garciak azaldu du euren proposamena ez doala Espainiako Gobernuaren oroimenezkoaren aurka, baina ziurtatu du haren aldean «oso bestelako planteamendua» izango duela. Estrategia ezberdinei erantzuten baitiete batak eta besteak. Errelatoa gatazka iturri bilakatu den garai honetan, memoria «ondare publiko» gisa ulertzea ezinbestekoa dela uste dute Memoria Gara-koek, eta argi dute Gasteizko zentroak giza eskubideen alde «bestelako kultura bat» sustatzeko gunea izan beharko lukeela. «Estatu estrategiak kontakizun faltsu bat egiten du, biktima batzuengan fokua jarrita eta besteak ahaztuta. Guk ez dugu horren aurka egingo, baina azpimarratuko dugu giza eskubideen bestelako kultura bat sortu behar dela, irekiagoa, beste eredu bati erantzuten diona».