astekaria 2019/01/11
arrowItzuli

gizartea

Berotze globala azkartzen ari da

Iñaki Petxarroman

Berotze globala azkartzen ari da

Amaitu berri den urtea urterik beroenetan laugarrena izan da. Horrela, azken urteotan nabarmentzen ari den joera berretsi dute Europako Batasuneko Copernicus Climate Change Servicek (C3S) eman berri dituen datuek. Airearen tenperatura 14,7 gradukoa izan zen batez beste munduan, soilik 0,2 gradu hotzagoa 2016koa baino. Urte hori orain arte neurtutako beroena izan zen.

Horiek horrela, azken lau urteak erregistratuta dauden beroenak izan dira. Azken bost urteotako batez besteko tenperatura 1,1 gradu beroagoa izan da industria aurrekoa baino; betiere, Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak (IPCC) zehaztuak dituen datuak oinarritzat hartuta. C3Sk emandako datuak, beraz, bat datoz Munduko Meteorologia Erakundeak (MME) abenduan aurreratu zituen proiekzioekin.



1981-2010 aldiarekin konparatuta, 0,4 gradu beroagoa izan da 2018a munduan, eta, Europari dagokionez, 0,1 gradu hotzagoa izan da tenperatura orain arteko bi urterik beroenetan baino -2014 eta 2015-. Copernicus programaren C3S zerbitzuak adierazle klimatikoen inguruko kalitatezko datuak eta datu sailak ematen ditu etengabe: aire azalerako tenperatura, itsas izotzaren azalaren egoera eta prezipitazio kantitatea. Jean-Noel Thepaut zerbitzuko buruaren hitzetan, «oso urte beroa» izan da 2018a: «Gertaera klimatiko dramatikoak izan ditugu. Aipagarriak dira Europaren zati handi batean izandako uda bero eta lehorra, eta eskualde artikoetan nozitutako tenperatura igoerak. Horiek guztiak alarma jotzeko moduko seinaleak dira guretzat. Elkarlanean eta ahaleginak biderkatuz bakarrik lortuko dugu aurrerapen bat egitea eta gure planeta gordetzea hurrengo belaunaldientzat».

Copernicusen mapak erakusten du tenperaturaren igoera orokorra. Alabaina, badira berotze prozesua azkarrago jasaten ari diren zenbait eskualde, bereziki Artikoan, eta, zehazki, Bering itsasartean -AEBen eta Errusiaren artean- eta Svalbard uhartedian (Norvegia). Munduko ia inguru guztietan izan zituzten ohi baino tenperatura beroagoak, bereziki Europan, Ekialde Hurbilean eta AEBetako mendebaldean. Aldiz, Ipar Amerikako ipar ekialdean eta Errusia eta Asiako erdialdeko eskualde batzuetan batezbestekotik beherako tenperaturak izan zituzten.

Poloetako egoera bereziki larria da, bertan pilatzen baita munduko izotz gehiena. Egunotan jakinarazi dute adituek Antartikaren izotz hedadura -urtarrilaren 1eko datarekin- inoizko txikiena izan dela aurten. Hain zuzen ere, 5,47 milioi kilometro koadroko hedadura neurtu dute, azken 40 urteetako txikiena. 1981-2010 aldiko batez besteko hedadurarekin alderatuz, %26 txikiagoa da hedadura hori. Azken asteotan ezohiko tenperatura altuak izan dira Antartikan, eta horrek eragin du neurri handi batean izotz galera. Hego poloaren egoera konplexua da, adituen arabera, eta, duela lau urtera arte, batezbesteko historikoaren gainetik izan da izotz azaleraren hedadura. 2017tik, baina, gutxitzen ari da urtero, Artikoan bezala, eta batezbestekoaren azpiko datuak izan dira geroztik.

Copernicus Lurraren behaketa egiteko Europako Batasunak daukan programa nagusia da. Informazio eta datu bildumak eskaintzen ditu ingurumen gaien inguruan. Copernicusen Klima Aldaketarako Zerbitzuak (C3S) Epe Ertaineko Aurreikuspen Meteorologikoetako Europako Zentroaren (ECMWF) datuekin osatzen ditu bere bildumak. ECMWF gobernu arteko erakunde independente bat da, eta datuak helarazten dizkie 34 estatu kideei. C3S sistema operatibo bat da, egunero lurreko, itsasoko, aireko eta sateliteko milioika behaketa prozesatzen dituena. Sistema matematiko bat erabiltzen du horiek denak biltzeko, eguraldi aurreikuspenak egiteko erabiltzen direnek bezala. Erabiltzaileek tokian tokiko eta unean uneko tenperaturari buruzko datuak aurki ditzakete, baita poloetako eskualdeetakoak ere. Haren datu bildumek osatzen dituzte epe ertain-luzerako erabiltzen diren beste batzuk. Datu horien konbinazioak irudi oso eta fidagarria eskaintzen du. Analisi horretatik ondorioztatu dute zientzialariek lurraren aire azalerako tenperatura 0,1 gradu berotu dela batez beste bosturteko bakoitzean 1970etik hona, eta lurraren tenperatura 1,1 gradu beroagoa dela industria aurreko garaian baino.

Munduko Meteorologia Erakundeak datu horiek erabiliko ditu 2018ko klimari buruzko txostena egiteko. Martxoan argitaratuko du, eta adituek espero dute C3Sk aurreratu dituen datuak berrestea.

CO2 pilaketa, handitzen

Bestalde, Copernicusek atzeman duenez, berriz ere handitu egin da atmosferako CO2 pilaketa. Aire zutabe baten CO2a neurtzen du, lurreko azaleratik estratosferaraino. Hain zuzen ere, lurretik gertuko CO2 metaketa handiagoa da goiko geruzetan baino, eta, horregatik, satelitez behatutako guneetakoak eta azalerakoak antzekoak izaten dira, baina ez guztiz berdinak. 2018ko hazkundea urteko 2,5+/-0,8 milioiko partekoa (ppm) izan da, C3Sren arabera. 2017koa baino handiagoa izan da hazkundea, beraz, 2,1 +/-0,5 partekoa izan baitzen orduan. Guztira, 406,7 partekoa da berotegi efektuko gasen kontzentrazioa atmosferan gaur egun.

Horren harira, herenegun AEBetako Rhodium Group ikerketa taldeak publikatu zuen azterlan baten arabera, herrialde horretako berotegi efektuko gas isurketen iazko hazkundea azken urteotako handiena izan da: %3,4koa, hain zuzen ere. Hala, herrialde horrek Parisko Akordioan hartutako konpromisoak nekez beteko dituela erakusten dute datuek, are eta gutxiago Donald Trump presidente berria akordio horretatik aldendu zenetik. Hain zuzen ere, AEBek Parisko Akordioan konpromisoa hartu zuten 2025erako berotegi efektuko gasen isurketa %26 gutxitzeko, 2005ekoaren aldean. Hala balitz, hurrengo zazpi urteetan, batez beste, %2,6 gutxitu beharko lituzkete isurketak.

Txostenaren arabera, bereziki jarduera ekonomikoaren ondorioz ugaritu dira isurketak AEBetan: salgaien garraioa modu nabarmenean handitu delako eta hegazkin bidezko bidaiak gehiago izan direlako. Hala, diesela %3 gehiago erabili zen aurreko urtean baino. Hain justu ere, garraioa izan da, hirugarren urtez jarraian, CO2 gehien isuri duen sektorea AEBetan.

Neguko hotzaldiek eta udako bero handiek ere energiaren eskaera handiarazi dute zenbait eskualdetan, eta horrek ere zerikusia izan du isurketen ugaritzearekin. Nolanahi ere, Donald Trumpek ikatzaren eskaria bizkortzeko egindako ahaleginek ez dute arrakastarik izan, oraingoz. Trumpek bertan behera utzi zuen Energia Garbiaren Plana. Txosten horrek karbono isurketak murriztera behartzen zituen estatuak, Parisko Akordioaren helburuak betetzeko.

Alabaina, AEBetako egoera ez da salbuespena. Izan ere, munduan ere %2,7 handitu zen berotegi efektuko gasen isurketa iaz, bigarren urtez jarraian: 37,1 gigatonako isurketa gertatu zen planeta osoan, sekula baino gehiago. 2014tik 2016ra eten egin zen hazkunde hori, eta adituek baikortzat jo zuten datu hori, baina azken bi urteotako datuek frogatu dute joera horrek ez duela jarraipenik, Parisen estatuek horretarako konpromisoa hartu bazuten ere.

Bestalde, AEBetako Zientzietako Akademia Nazionalak egindako ikerketa baten arabera, itsasoetako berotzea urteko energia kontsumoa baino mila aldiz handiagoa da. Zientzialarien arabera, 1871tik hona 436 x 1.021 jouleko berotzea izan dute ozeanoek. Hain zuzen ere, ikerketaren egileen arabera, lan horren bidez are gertuago daude itsasoen berotzea nola gertatzen ari den jakitetik. «Lehenengo urrats bat besterik ez da», adierazi du Laure Zanna ikerketa gidatu duen fisikariak.

BERRIAn argitaratua (2019/01/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA