astekaria 2019/01/11
arrowItzuli

gizartea

Hazkundearen arrazoien bila

Jon Rejado

Hazkundearen arrazoien bila

Liztor asiarrek(vespa velutina nigrithorax) egindako 2.740 habia inguru kendu zituzten Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan 2018. urtean. Behin-behineko kopurua da hori; Bizkaiko Foru Aldundiak ez du daturik ezagutarazi oraindik. Dena den, mahai gainean dauden datuek islatzen dute 2018an inoiz baino habia gehiago suntsitu zirela, 2007. urtearen bueltan espezie inbaditzaile horren lehen aleak Lapurdin antzeman zirenetik. Datu horrek hainbat galdera eragin ditu ikerlarien artean. Uste zen iazkoaren moduko udaberri hotz eta euritsuek liztor asiarren hedapena zailtzen zutela. Iaz, baina, ez zen halakorik gertatu habien kopuruari dagokionez.

Neiker-Tecnalia Nekazaritza, Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak gogorarazi du liztor asiarra espezie inbaditzaile berria dela Europan; 2004. urtean agertu zen. Hori dela eta, ez dira oraindik ezagutzen animalia horren biologiari eta ohiturei buruzko alor asko. Neikerrek azaldu du, aurreko urteetako datuetan oinarrituta, uste zela eguraldiak liztor asiarren bilakaeran eragiten zuela. Hau da, udaberri «luze, hotz eta euritsu» batek habien garapena baldintza zezakeela pentsatzen zuten. Hori dela eta, 2018an gertatutakoa «sakon» aztertu beharko dute administrazioek behin betiko datuak ematen dituztenean.

Eduardo Perez de Obanos Nafarroako Erlezainen Elkarteko albaitariak uste du 2018an eguraldiak liztor asiarraren bilakaeran eragina izan zuela. Ekainaren erdialdean euria egiteari utzi zion, eta hortik aurrera areagotu zen liztorraren presentzia. «Atzeratu egin zen haien bizi zikloa, eta, agian, horren ondorioz, aurten egin dituzten habiak ez dira izan aurreko urteetakoak bezain handiak». Edonola ere, Nafarroako erlauntzetan eragindako kalteak «handiak» izan direla aurreratu du, hori zehaztea falta den arren.

Erlauntzak udaberrira so

Behin betiko kalteak neurtzeko denbora beharko dela gaineratu du; negua pasatu arte itxarongo dute. Perez de Obanosek azaldu du liztor asiarrek erlauntzei kalte egin diezaieketela zuzenean, erleak hartuta, baina baita zeharka ere, erlauntzak ahulduz. «Erleak ez badira ateratzen, ez dituzte behar beste erreserba negua igarotzeko, eta hil egiten dira populazio eta erreserba faltagatik». Behin betiko daturik ez duen arren, albaitariak esan du iaz aurreko bi urteetan baino kalte handiagoa gertatu zela. «2016an eta 2017an liztorra bazegoen, baina kaltea ez zen oso handia izan; iaz,berriz, erasoek gora egin zuten».

Gipuzkoan ere erlauntzetan egindako kaltearen gorakadaz mintzatu da Ainhoa Tolosa, Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko kide eta langilea. «Eguraldiaren ondorioz erleentzako urte txarra baldin bada, liztorrarentzat ere txarra dela esan izan da; baina 2018an ez da hori gertatu». Erleak udaberri hotz eta euritsutik suspertzen hasterako liztor asiarren kolpea jasan zutela azaldu du Tolosak, eta horrek kaltea handitu zuela. «Ez dakigu nola azaldu 2018an gertatutakoa».

Nafarroako eta Gipuzkoako erlezainen elkarteek ikerketaren garrantzia goratu dute. Batetik, uste dute liztor erreginak hiltzeko modu berriak aurkitu behar direla eta oraingo moduak hobetu beharko liratekeela. Bestetik, Perez de Obanosek gaineratu du liztor asiarren ohiturak eta biologia ezagutzeko ere gehiago ikertu behar dela.

Horrez gain, Nafarroako Erlezainen Elkarteko albaitariak «konpromisoa» eskatu die administrazioei. Nafarroako kasuan, indarrean dagoen protokoloa egokia dela azaldu du, baina gaineratu du habiak kentzeko ardura udalen esku utzita «trabak» sor daitezkeela: «Dirurik ez dutelako, baliabiderik ez dutelako, ez dakitelako nola egin...».

Kontrako neurriak

Neikerrek azaldu du habiak kentzea dela kontrolerako neurri eraginkorrenetako bat. Gaineratu du liztorren erasoen intentsitatea jaisten dela horri esker, dela habiak dauden lekuen inguruan, dela erlauntzetan. Hain zuzen, Ainhoa Tolosak erantsi du habiak kentzeak ematen diela lasaitasun handiena erlauntzei, erleek ohi bezala lan egin dezaketelako. Administrazio publikoak arduratzen dira habiak kentzeaz, hiru foru aldundiek eta Nafarroako Gobernuak, bakoitza dagokion probintzian prestatutako protokoloen bitartez. Tolosak herritarren parte hartzearen garrantzia ere nabarmendu du: «Habia bat ikusten dutenean horren berri ematea oso garrantzitsua da».

Horrez gain, administrazio bakoitzak bestelako neurriak abiarazi ditu tokian tokiko erlezain elkarteekin batera. Neurri horietako bat da tranpak jartzea. Perez de Obanosek azaldu du tranpa horietan saiatzen direla liztor asiarrari buruz eskuragai dagoen informazioa baliatzen. Tranpak bi sasoitan jartzen dituzte: udaberrian eta udazkenean. Garai bakoitzean amu ezberdina baliatzen dute, liztorraren beharren arabera. Udaberrian, amu azukredunak baliatzen dira, eta, abuztuan, amu proteinadunen alde egiten dute. «Gauza berriekin saiatzen gara, baina gure eraginkortasuna ez da handia».

Neikerrek berretsi du tranpa horiek, orain arte, askotariko emaitzak izan dituztela: toki batzuetako erlauntzen inguruan oso emaitza onak izan dituzten amuek ez dute eragin handirik izan beste leku batzuetan. «Ez dakigu zergatik gertatzen den hori». Saiakerak egin dituzte elikagai eta pozoi ezberdinekin. Haien helburua da liztor asiarrentzat erakargarria den amu eta pozoi bat baliatzea eta, aldi berean, tokiko bioaniztasunean kalterik ez eragitea. Baina Neikerrek azaldu du udaberrian baliatzen diren amuetan dipteroak ere erori ohi direla: euliak, eltxoak... Horren harira, Neikerrek jakinarazi du liztorrak erakartzeko beste osagai batzuen inguruan ikertzen ari direla Europan. «Esaten dute etorkizun gertuan Frantzian prest izan dezaketela liztor asiarra erakartzeko feromona eraginkor bat».

Bestelako neurriak abiarazi izan dira liztor asiarren hedapena kontrolatzeko, eta horietako batzuk Hego Euskal Herrian ere erabiltzen hasi dira. Horien artean dago elikagai pozoituak habietan bertan sartzea. Horretarako, munizio pozoitua duten armak baliatzen dituzte, besteak beste. Hernaniko Udalak (Gipuzkoa) 2017an paintball-ean erabiltzen direnen antzeko arma bat eskuratu zuen, baita pozoitutako gelatinazko amuak ere, habietara tiro egiteko. Baina, proiektu hori probatzen ari dira oraindik. Perez de Obanosek esplikatu du pozoi hori habietan sartzeko beste modu batzuk ere badaudela; horretarako balio dute, esaterako, pertikek. Halaber, oso leku altuetan edo iristea zailak diren eremuetan droneak ere erabiltzen hasi dira.

Bestelako teknikak ere badaudela zehaztu du Ainhoa Tolosak: erlauntzen sarreretan gailu elektrikoak jartzea, sartzen saiatzen diren liztorrak hiltzeko; espezie inbaditzailea eskuz hiltzea erraketekin... Era berean, Ainhoa Tolosak azaldu du Gipuzkoako erlezain batzuk erlauntzak mugitzen hasi direla, inguru altuagoetara eramaten: «Udaberrian liztorrek erleak dauden lekuetatik gertu egiten dute habia, elikagaia gertu izango dutelako; erlerik ez badago, horretaz konturatzen dira, eta ez dute habiarik egiten».

Igoera orokortua

Habien kopuruak gora egin du datuak ezagutarazi dituzten probintzia guztietan, behin-behineko informazioaren arabera. 2017. urtean beherakada orokortu bat gertatu zen, ustez eguraldiak eraginda. Dena den, 2018ko kopurua duela bi urtekoa baino handiagoa da oro har. Gipuzkoan, 1.768 habia kendu zituzten iaz, 1.101 duela bi urte, eta 1.412 habia 2016an. Araban, 734 habia antzeman zituzten iaz, 268 aurreko urtean, eta 2016an, berriz, 426. Nafarroan 400 inguru kendu zituzten iaz, eta 2017an, 366. Bizkaiko datuak falta dira, eta ikusteko dago han ere igoera gertatu den. 2017an 2.231 habia kendu zituzten, eta 2016an, 2.556.

Jokin Larunbe Arrizibita Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko teknikariak nabarmendu du orain arteko datuak behin-behinekoak direla, eta hazkundea egon arren ez dela «garrantzitsua» izan. Ordea, zehaztu du adierazgarria izan dela Iruñean nola handitu den habia kopurua. «Hiri animalia bihurtzen ari da liztorra, eta logikoa da; bertan baliabide guztiak ditu: janaria, hezetasuna, negua igarotzeko mikroklima onenak...». Nafarroako hegoaldean aurreko urteetan habiak agertu izan direla aipatu du, baina gerora ez dutela jarraipenik izan.

Araban, aldundiak bi enpresa kontratatu zituen 102 habia kentzeko. Ordea, aurreikusi baino habia gehiago kendu behar izan zuten: 170 orotara. EH Bilduk aldundiari leporatu zion sistema horrek beste 120 kentzea galarazi zuela, baina Amaia Barredo Ingurumen zuzendariak azaldu zuen guztiak kendu zituztela, Arabako suhiltzaileen laguntzarekin.

BERRIAn argitaratua (2019/01/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA