astekaria 2019/01/11
arrowItzuli

gizartea

'Hormatu' dute Maravillas

Ion Orzaiz

'Hormatu' dute Maravillas

Tankan itxi dute. Ateak horma bihurtuta. Txosten tekniko bat oinarri hartuta, Nafarroako Gobernuak zigilatu egin du Rozalejoko markesaren jauregia, sarbideak adreiluz eta hormigoiz estalita. Barrenak ere hustu dizkiote: gaztetxeko material guztia ateratzeaz gain, zorua altxatu, sabaiak kendu, eta ur eta elektrizitate hornidura sistemak moztu. Maravillas proiektua egoitzarik gabe geratu da, eta Rozalejoko jauregia, hutsik, horma berriek hormatuta.

Erabakiari buruzko azalpena eman zuen atzo Nafarroako Gobernuak. Maria Solana bozeramailea, Manu Aierdi lehendakariordea eta Maria Jose Beaumont Barne kontseilaria agertu ziren hedabideen aurrera, eta ideia bat azpimarratu zuten hirurek: segurtasuna. Hori izan da, kontseilarien esanetan, gobernuaren jarduna gidatu duen irizpide bakarra. «Segurtasuna bermatzea da gure lehentasuna, eta hori lortzen ez den bitartean, gainerako eztabaidek ez dute tokirik», ohartarazi zuen Aierdik. Lehendakariordearen esanetan, Ondare Zerbitzuko teknikariek eraikinaren egoeraz eginiko txostena hartu dute oinarri: «Oso txosten gogorra da, egiaztatzen duelako oso arriskutsua dela Rozalejoko markesaren jauregia erabiltzea, bai bertan dauden pertsonentzat, bai inguruko eraikinentzat».

Aierdik azaldu zuen bi motatako arriskua atzeman dutela teknikariek: eraikinaren egiturari buruzkoa eta elektrizitatearena. «Eraikinaren egiturak ez du bermerik ematen, eta ezin da jakin gainkargen aurrean zer egin dezakeen; bestalde, teknikariek egiaztatu dutenez, elektrizitate lotura legez kanpo egina dago, instalazio elektrikoak ez du betetzen araudiaren inongo betekizunik, konexioak agerian daude...».

Lehendakariordeak gaineratu zuen Maravillas gaztetxeko kideek «hainbat obra» egin dituztela eraikinean: «Besteak beste, paretak eraitsi, zulatze lanak egin eta sabai faltsuak eraiki; gainera, taberna jarri eta zinema ekitaldiak egin izan dituzte, gutxieneko segurtasun baldintzak bete gabe».

Gobernuak «txosten tekniko horren argitara» hartu ditu neurriak, Aierdiren esanetan. Hala, argindar eta ur instalazio osoa desmuntatu dute gobernuko beharginek, material sukoiak kendu, lurra eta zoladura altxatu, zuloak estali, eta arriskuen seinaleak jarri. Horren ostean, eraikina zigilatu zuten atzo, eta inor eraikin barrura ez sartzeko zein beste neurri har ditzakeen aztertzen ari da gobernua orain.

Hain justu, iluntzean, eraikina zigilatu izanaren aurka protestan ari ziren gazte batzuek hautsi egin zuten sarreran altxatutako hormaren zati bat. Protesta zaratatsua egin zuten, gobernuaren erabakia salatzeko, eta aurreko egunetan Poliziak zauritutakoen argazkiak erakutsi zituzten. Rozalejoko jauregiaren ingurura iristean, istiluak sortu ziren hirugarren egunez; besteak beste, zaborrontziak irauli zituzten. Polizia oldartu egin zen Alde Zaharreko hainbat kaletan.

Pilotak ez, 'foam' jaurtigaiak

Alde zaharrean azken egunetan jasaten ari diren egoeraz hitz egin zuen, hain justu, Beaumontek atzoko agerraldian. «Atsekabea» agertu zuen, gaztetxea husteko polizia operazioak «alde zaharreko bizilagunei eta ostalariei eragin dizkien eragozpenengatik», eta gaineratu zuen atzo berean auzotik erretiratzeko agindua emana zietela foruzainei.

BERRIAren galderei erantzunez, Beaumontek ukatu egin zuen Foruzaingoak gomazko pilotak jaurti dituela oldarraldietan: «Hori faltsua da erabat». Azaldu zuenez, Nafarroan gomazko pilotak debekatu zirenean, horiek ordezkatzeko eskuratu ziren foam jaurtigaiak erabili dituzte. Halaber, foruzainek bizilagunen leihoen kontra tiro egin izana ere ukatu zuen kontseilariak: «Airera tiro egin zuten, aurrez aurreko konfrontazioa saiheste aldera».
 

BERRIAn argitaratua (2019/01/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA