kirola
ANE SANTESTEBAN
«Beste motibazio eta ilusio batzuk behar nituelako aldatu naiz taldez»
Ainara Arratibel Gascon
Zer moduz Gabonetako oporrak?
Orain Galizian bizi naiz, bikotekidea hangoa baitut. Gainera, Murtziako UCAM unibertsitatean ikasten dut. Hori dela eta, lehen baino gutxiago egoten naiz Errenterian. Beraz, familiarekin eta lagunekin egoteko aprobetxatu dut. Dena den, abendutik denboraldi-aurrean gaude sartuta bete-betean; beraz, entrenatzea ere egokitu zait. Ikasi ere egin behar izan dut, otsailean hiru azterketa baititut. Horrenbestez, ondo antolatu behar izan ditut egunak. Goiz jaiki, eta, bizpahiru ordu ikasi ostean, 11:30 aldera irten naiz entrenatzera, lauzpabost orduz. Arratsalde batzuetan gimnasiora ere joan naiz. Elikadura, bestalde, zaindu egin behar izan dut. Baina etxean emandako egun hauek asko eskertzen dira.
Nola doa prestakuntza?
Oso ondo. Orain arte kilometroak pilatzen aritu naiz, eta nahiko entrenamendu luzeak egin ditut. Hemendik aurrera, lan saioak motzagoak izango dira, baina intentsitate handiagokoak. Izan ere, hemendik hilabete eskasera hasiko naiz lehiatzen: otsailaren 11n, hain zuzen ere, Valentzian
Talde berrian asko aldatu duzu prestakuntza? Eta egutegia?
Ez, askorik ez. Prestatzaile propioa dut, eta harekin antolatu dut sasoi-aurrea. Hari bidaltzen dizkiot entrenamenduetako datu guztiak, eta horren arabera hartzen ditugu erabakiak. Askatasun eta konfiantza handia eman didate alde horretatik taldean, eta izugarri eskertzen dut. Egutegiari dagokionez, korrituko dituen lasterketen berri eman zidan taldeak, eta neuk lehen aukeraketa bat egin nuen. Abenduaren 5ean egin genuen lehen egonaldia, Austrian, eta han adostu genuen dena zuzendariekin, helburuen inguruan hitz egin ostean. Aurreko sasoikoarekin alderatuz, ez zait asko aldatuko egutegia. Hasiera honetan, Valentzia, Ardenetako klasikoak, Comune de Cittiglio, Plumelec eta Emakumeen Bira korrituko ditut.
Nola joan zen egonaldia? Zer moduz lehen hartu-emana talde berriarekin?
Primerakoa. Lauzpabost izan ezik, gainerako txirrindulariak berriak gara taldean, eta elkar ezagutzeko ere baliatu genuen egonaldia. Taldekide batzuk ezagutzen nituen, eta oso giro ona izan genuen. Zuzendari, mekanikari eta taldeko beste langileen artean ilusio handia antzeman nuen. Taldeak lauzpabost urte ditu, eta sasoi honetan aurrerapauso bat eman nahi du. Nigan asko sinesten dutela sumatu nuen, gainera, eta hori oso inportantea da niretzat. Aipatu zidaten begiz joa dutela Bira, eta nirekin aurrean ibili nahi dutela.
Zein itxura hartzen diozu taldeari?
Egokituz joan ahala, uste dut zeresana emango dugun taldea izango garela, ezusteko bat baino gehiago eman dezakegula. Izan ere, askotariko txirrindulariak ditugu, bai egun bateko lasterketetarako, bai proba luzeagokoetarako. Adibidez, Kristen Wild eta Lisa Brennauer oso ondo moldatzen dira klasikoetan, eta ziur aurrean ibiliko direla Ardenetan. Horrekin batera, beste taldetxo bat gaude lasterketa luzeagoetarako: Clara Koppenburg, Erika Magnaldi eta ni.
Zergatik erabaki zenuen Ale Cipollini utzi eta WNT taldearekin fitxatzea?
Ramiro Bengoetxearekin hitz egin nuen. Bera da WNT Espainiako zuzendari nagusia. Proiektua azaldu zidan, eta lehen unetik erakarri ninduen, ikusi nuelako benetako apustu bat egin nahi zutela emakumeen txirrindularitzaren alde. Eskaintzen zizkidaten baliabideak, gainera, oso onak ziren: adibidez, Orbea bizikletak erabiltzea. Nik neuk, bestalde, ilusio eta motibazio berriak behar nituen, aldaketa bat, hiru urte Italian eman eta gero .
Movistarren eskaintza ere jaso zenuela zabaldu zen. Etxera itzultzeak ez zintuen erakarri?
Nik beti esan dut etxean korritu nahiko nukeela. Baina Movistarrek nire tankerako txirrindulari asko ditu, eskalatzaileak: Eider Merino, Mavi Garcia, Lorena Llamas... 27 urterekin, nire lasterketak eduki nahi nituen, eta Movistarren ez nuen aukera hori ikusten. Beste mota bateko talde batera joan nahi nuen.
Zein balantze egiten duzu Italian emandako urteez?
Hunkitu egiten naiz horretaz hitz egitean. Izan ere, bai pertsona moduan eta bai txirrindulari moduan asko eman didan esperientzia izan da. Gainera, hasi eta buka oso eskertuta nago eman didaten tratuarekin. Ez dut sekula ahaztuko nola babestu eta lagundu ninduten istripua izan nuenean.
Saiatu ziren zuri kontratua luzatzen?
Alde horretatik ere, oso zintzoak izan ziren Ale Cipolliniko buruak. Lehen unetik ulertu zuten aldaketa bat behar nuela eta ekonomikoki WNTren eskaintza oso ona zela. Pena handia ematen bazien ere, nire bidea egiteko esan zidaten, ezingo zutelako eskaintza berdindu.
Noiztik izan zenuen buruan taldez aldatzea?
Pixkanaka iritsi zitzaidan sentsazio hori. Baina aurreko urteko Giroko bigarren etapa erabakigarria izan zen. Erori egin nintzen, eta ez nuen taldekiderik ondoan laguntzeko. Horren ondorioz, denbora galdu nuen, eta pena handia izan zen, hurrengo etapetan oso ondo aritu bainintzen. Baina hor jabetu nintzen Ale Cipollini egun bateko lasterketarako prestatutako talde bat zela, eta nik beste tankera bateko talde bat behar nuela, nire dohainak aproposagoak direlako lasterketa luzeagoetarako.
Helburua Emakumeen Biran aurrean egotea izango da?
Aurreko denboraldian bezala, nire helburu nagusiak Giroa eta Emakumeen Bira izango dira. Aurreko denboraldian zabaldu ziren albisteak kontuan hartuta, pozgarria da Birak segituko duela jakitea. Ardenetako klasikoetan aurrean egotea ere nahiko nuke. Zaila izango da aurreko denboraldikoa errepikatzea, bai Giroan eta bai Emakumeen Biran aurrean ibili bainintzen. Horrek balio izan dit proba horietan ondo ibiltzeko gai naizela ikusteko, eta konfiantza handia eman dit lanean segitzeko, oldarkorrago izateko eta neure buruarengan gehiago sinesteko. Hori guztia alde dut ibilbide berri honetan.
Zer espero duzu aro berri honetaz?
Brennauerren eta Wilden taldekide izanda, uste dut asko ikas dezakedala. Biak Munduko Txapeldun izandakoak dira, eskarmentu handia dute, eta sekulako profesionalak dira. Izugarria izan zen Austrian haiekin lan egitea. Gainera, nire ahulguneetako bat erlojupekoak dira, eta uste dut hor hobetu egin dezakedala. Taldeak propio bizikleta bat utziko dit horretarako, eta ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatuko naiz. Aurreko sasoian ere izan nuen, baina ekainera arte ez nintzen entrenatu harekin. Orain, otsailean hasteko asmoa dut.
Zer eskatu dizute haiek?
Ez didate helburu zehatzik jarri, ezta emaitzarik eskatu ere. Presio hori ez izatea eskertzen da, taldera egokituz joateko. Nahikoa estutzen dut nik neure burua. Hori bai, markari garrantzia handia ematen diote, eta hori muturreraino zaintzeko eskatu digute.
Zuen taldean gertatu bezala, tropeleko besteetan ere aldaketa asko izan dira. Nolako denboraldia espero duzu?
Mugimendu asko egon dira, eta uste dut hori ere ona dela emakumeen txirrindularitzarentzat. Bizirik dagoela erakusten du, eta badirela gure alde egiten duten babesleak. Trek edo halako babesleren bat emakumeen txirrindularitzan sartzea oso berri ona da. Uste dut Boels Dolmansi aurre egin diezaiokeela; betiere, Mitchelton Scott ahaztu gabe. Annemiek van Vleuten, Ashleigh Moolman-Pasio, Amanda Sprat, Anne van der Breggen... Aurrean ibiliko dira. Gainera, Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko borroka hasiko da, eta horrek beti dakartza ezustekoak. Horien artean, Letizia Paternoster italiar gaztea aipatuko nuke. Oso ondo ibiliko da.
Nola ikusten dituzu hemengo taldeak?
Muriasen babesa galdu du Bizkaia Durangok, eta horrek zaildu egiten du dena. Muriasekin ilusioa piztu zen, baina zapuztu egin da. Ez da apustu garbi bat egin, eta pena handia da. Movistar, berriz, oso ondo ikusten dut. Eider Merinok iaz erakutsi zituen bere gaitasuna eta indarra; Zoncolanen erakustaldia eman zuen.
2020ko Tokioko Olinpiar Jokoak buruan dituzu? Edo urruti ikusten dituzu?
Rioko Olinpiar jokoak oso gogorrak izan ziren niretzat. Oso nekatuta amaitu nuen. Baina bueltan neure buruari jarri nion helburuetako bat zen Tokion egotea,eta, horretarako, gogor lehiatuko naiz. Maiatzetik aurrera izango da sailkatzeko aukera, eta pixkanaka hasiko gara horretan pentsatzen.
Eta, gero, zer? Gertu ikusten duzu agurra?
Ziurra da bi denboraldi gehiagoz korrituko dudala, eta Tokio ostean ikusiko dugu zer gertatzen den. Mugarria hor jarri dut, eta gorputzaren eta buruaren arabera erabakiko dut zer egin. Ekonomikoki ere ikusi beharko da une horretan emakumeen txirrindularitza nola dagoen.
Non ikusten duzu gero zeure burua?
Enpresa ikasketak egiten ari naiz, eta ikusiko dugu behin horiek amaituta zein aukera ditudan. Argi dudana da urte hauetan denbora asko eman dudala etxetik urrun, eta lasaiago egotea nahiko nukeela. Neure burua ez dut ikusten, adibidez, txirrindularitza talde profesional bat zuzentzen.
UCIk gutxieneko soldata ezartzea proposatu du emakumeen taldeetan. Garrantzitsua litzateke hori onartzea, ezta?
Bai. Behar dugun zerbait da. Bestela, berdintasunaren bidean ez dugu aurrera egingo. Tentuz egin behar da. Izan ere, talde askorentzat ezinezkoa da soldata horiek ezartzea, eta desagertu egin daitezke.