mundua
Istorio desobedienteak
Cecilia Valdez
Diotenez, 2x1-aren manifestazioa egin zen hilabete berean antolatu zuten lehen bilera —hain justu ere, Auzitegi Gorenak bere epaiaren bitartez bide eman zuenean gizateriaren kontrako delituengatik kondenatutakoen zigorrak murrizteko—, eta sei pertsona elkartu ziren, baina, bigarren bilera egin zutenean, handik hilabetera, 30 bildu ziren, eta, paradoxikoki, Argentinan aitaren eguna ospatzen den egun bererako antolatu zuten. Hasieran, eztabaidan aritu ziren ea nola aurkeztu beren burua: errepresiogileen seme-alaba gisa edo genoziden seme-alaba gisa. Azkenean, Istorio Desobedienteak izena hautatu zuten, eta erabaki zuten genoziden seme-alabak kontzeptuak definitzen zituela ondoena, «errepresiogileak gaur egun ere» badaudelakoan, haien hitzetan. Hain zuzen, Facebookeko orrialde batetik hartu zuten izena; Analia Kalinecek kudeatzen zuen webgunea, eta material autobiografikoa biltzen hasia zen han, beste seme-alaba batzuei dei egiteko asmoz, haiek ere beren istorioak konta zitzaten.
'K doktorea'
Analiak Eduardo Emilio Kalinec du aita, K doktorea izenez ezagunagoa den polizia bat, diktaduran modu aktiboan parte hartu zuena ABO zentro klandestinoen zirkuituan (Atletico-Banco-Olimpo), eta gaur egun bizi guztiko kartzelaldian dagoena. Analia Kalinecek, ordea, unibertsitatean hasi eta zenbait gauza aditu zuenean izan zuen aitaren kontu horien berri, eta, hura kartzelan sartu zutenean, gehixeago ikertzen hasi zen bere istorioari buruz. «Erdiko klaseko familia tipiko batekoa naiz ni, eta beti bizi izan naiz gorabehera handirik gabe. 2005ean, jakin nuenean aita preso zegoela, horrek historia aldatu zidan betiko», dio Kalinecek. «Bisitan joaten nintzaion espetxera, baina uste nuen okerren bat zegoela. Nolanahi ere, unibertsitatean hasia nintzen, eta oskoletik irteten ari nintzen. Ikuspegi lausoa nuen diktaduraren inguruan, baina ulertzen nuen [Maiatzeko Plazako] Amen eta Amonen borroka. Hala ere, uste nuen ez zela nire kontua».
Kalinecek dio bere familian ez zela «txintik ere» esaten horretaz. «Aita kartzelan sartu zutenean, bisitan joaten gintzaizkion, baina ez ginen aritzen horri buruz. Hutsegite bat izan zela baino ez zigun esaten hark, eta gobernuko ezkertiar errebantxazaleak ari zirela eragiten hori guztia. Sinetsi egin nion nik, baina, urteek aurrera egin ahala, bertsio hura lausotuz joan zen», erantsi du Kalinecek.
2008an, epaiketa ahozko fasean sartu zenean, kasua oihartzuna izaten hasi zen gizartean, eta, harrezkeroztik, Kalinecek ezin izan zion bere bizimodu sozialari eutsi ordura arte bezala. «Behin, lankide bat etorri zitzaidan galdezka... bere aita desagertua baitzen nire aita aritua zen zentro klandestino batean; eta ez zen aspaldiko garaietako kontu bat: orduantxe ari zitzaidan gertatzen hori». Hala erabaki zuen jarrera jakin bat hartzea; auziaren nondik norakoak irakurri, eta ohartu zen aita gezurretan aritu zitzaiola.
Familiak ez zuen babestu, eta orain ere ez du babesten. Duela urte batzuk ama hil zitzaion, eta, harrezkeroztik, hiru ahizpekin ere galdu du harremana. «Gure amak ez zuen ezertxo ere esan sekula; baldintzarik gabe egon zen aitaren ondoan, eta gorrotoak jota gaixotu zen».
Aita espetxean bisitatu nuen azken aldian, auziaren inguruan irakurriak nituen zenbait konturi buruz galdetu nion, bai bainekien gezurra esana zidala horiei buruz. Egun hartan, azalpen batzuk eskatu nizkion, eta hark erantzun zidan gerra bat zela, bonbak jartzen ibiltzen ziren subertsibo batzuk zirela, eta abar eta abar. Huraxe zen lehen aldia horrela hizketan aditu niona, egindako guztia justifikatzen eta aldarrikatzen. Berretsi egin zidan dena, eta oraindik neure baitan neukan duda izpia uxatu. Harrezkeroztik, ez naiz berriro joan aita ikustera».
Hala, Dopazoren elkarrizketa elkartzeko bultzada bat izan zen bezala, K doktoreak alabari berretsitakoa bultzada bat izan zen lekukotasunak ematen has zedin. Orduan, Kalinecek erabaki zuen istorio hura behin eta berriz kontatzea zela hari aurre egiteko modurik onena, baita egoera berean zeuden beste pertsona batzuk beste hainbeste egitera animatzea ere.
Filiazio aldaketa
Kalinecek ez bezala, Etchecolatz genozidaren alaba Dopazok bai, tratu txar horiek ezagutu zituen etxean hein batean —halaxe kontatu zuen idazki batean, genoziden seme-alaben eta senideen arteko topaketek gehiago iraun zezaten akuilu izan zen testu hartan—. Dopazok eta Rita Vagliatik abizena aldatzea erabaki zuten. Dopazo, esan bezala, Etchecolatzen alaba da, terrorezko egitura hartako kiderik sadikoenetako eta ezagunenetako baten alaba, eta Vagliati, berriz, Valentin Milton Prettirena, Etchecolatzen gisan komisario jarduten zuen gizon batena.
Giza eskubideen urraketen biktimak artatzen espezializatuta dagoen psikoanalista batek, Fabiana Rousseauxek, honela dio: «Abizen aldaketaren bi kasu horiek eragin juridiko izugarria dute, pertsona horiek legera jo baitute beren guraso genoziden abizena kentzeko. Interesgarria da hori, zeren, horren ondorioz, bai estatua eta bai haren administrazio egiturak behartuta baitaude eskari horri erantzuteko sententziak ematera, eta hor epaileek arrazoitu egin behar baitute zergatik dauden prest halako eskaerei baiezkoa emateko. Eta alaba horiek, hain zuzen, arrazoi gisa jarri zuten beren aitak genozidak izan zirela». Hain zuzen, gaur egungo gobernua indarrean zela eman zuten sententzietako bat, eta, oraingo egoera negazionista honetan, are garrantzitsuagoa da hori; izan ere, prozesuan, «estatua agerian uzten ari da bere kontraesanak», Rousseauxek azaldu duenez.
Istorio Desobedienteak kolektiboa 2017an agertu zen lehen aldiz jendaurrean, Bat gutxiago ere ez mugimenduaren lehen manifestazioan. «Oihartzun handia izan zuen gizartean, eta, haren ondorioz, 90 pertsona inguru bilduak ziren kolektibora urtebeteren buruan», azaldu du Laura Delgadillok. Haren aita polizia zen, eta Laura Delgadillok bazekien hark nolabait parte hartu zuela diktaduran, adiskide batek kontatu baitzion bahiketa operazio batean ikusi zuela eta gizonak alde egiten utzi ziola. Orduan, hari muturrak lotzen hasi zen Laura, eta memoriaren hariei tiraka. Atentzioa eman zion aitak sekula uniformerik jantzi ez izanak, eta ahizpa zaharrak kontatu zion aita informazioa parekatzen aritzen zela zenbait lekutan indarrez sartuta eskuratzen zituzten agenden eta koadernoen artean.
Delgadillok, Dopazok ez bezala, ez zuen izan abizena aldatu beharrik, baina, Kalinec bezala, bera da bere familiatik gaiaz jendaurrean hitz egiten duen bakarra. Delgadillok, gainera, izeba bat desagertua du: aitaren arreba da, eta emagin aritzen zen. Istorioei eta erabaki pertsonalei dagokienez, Delgadillok bereizketa egin du: «Kolektiboko kide guztiek ez dute aldatzen abizena. Adibidez, nik ez, baditudalako abizen hori duten beste senide batzuk, zerikusirik ez dutenak aitak egin zuenarekin eta hari gertatu zitzaizkionekin. Neure egingo dut abizen hori, eta beste esanahi bat emango diot. Gainera, nire aita ez da pertsona ezagun bat, Etchecolatz eta beste zenbait genozida izan ziren bezala».
Senide askotarikoak
«Orain ez dugu esaten seme-alabak garela, taldean bai baitaude beste senide batzuk seme-alabez gainera: bilobak, anai-arrebak eta abar», esplikatu du Delgadillok. Kolektiboko kideen arabera, denbora joan ahala, genoziden askotariko senideak parte hartzen hasteaz gainera, kasu batzuetan seme-alaba zenbaitek aurre egin behar izan diote beren gurasoen genozidio istorioari bilobek estu hartu dituztelako.
Delgadilloren aita ez zen preso egon, inoiz ez baitzen ez lekukotzarik eta ez frogarik aurkeztu haren kontra. Genoziden senideek esku artean dituzten gaietako batek zerikusia du lege bat aldatzearekin: hain justu ere, zuzeneko senideak eta ondorengoak salatzea eta haien kontrako lekukotzaren bat ematea galarazten duen legea. «Diputatuak orain ari dira legea jorratzen batzordeetan, baina ez da atera oraindik. Berez, ez da lege bat, baizik eta Zigor Kode Prozesaleko bi artikuluren aldaketa bat. Espero dugu aurrera aterako dela gizateriaren kontrako delituen salbuespena, eta, gero, hurrengo helburu gisa, beste lege batzuk ere aldatzen saiatuko gara», azaldu du Delgadillok.
Hala Kalinecek nola Delgadillok diote oro har harrera ona egin zaiola kolektiboari. Giza eskubideen aldeko organismoekin harreman informalak izan dituzte, baina enpatia handikoak, adierazi dutenez. Kolektiboa handitzen ari da etengabe, eta kideek nork bere moduan parte hartzen dute, zenbait aldagairen arabera: batetik, bakoitzak bere erritmoan onartzen du bere istorioa, eta, bestetik, batzuk beste zenbait baino gogotsuago daude modu aktiboan jarduteko. Gogorik biziena dutenak astean behin biltzen dira, bai politika bateratuak pentsatzeko, bai kontu pertsonalagoez jarduteko. Joan den azaroaren bukaeran egin zuten Genoziden Senideak Memoriaren, Egiaren eta Justiziaren Alde izeneko lehenengo nazioarteko topaketa, Buenos Airesen.
Gainerakoan, denak daude arduratuta gaur egungo egoera politikoarekin, modua ematen baitu bi deabruen teoriaren diskurtsoa zabaltzeko —haren arabera, egiatan ez zen genozidiorik izan, baizik eta bi alderen arteko gerra bat—, bai eta zigortuak barkatzekoa eta haiei zigorra etxean betetzeko baimena ematekoa ere; hain zuzen, genozida dezentek baliatu dituzte aukera horiek: 600 inguruk, oraingo gobernua indarrean denetik.
Bestalde, Rousseaux bezala gai hau modu teorikoan analizatzeaz arduratzen direnek diotenez, Istorio Desobedienteak taldea sortu izanaren indargunea da desafio egiten diela gaur egungo estatuaren adiskidetze ahaleginei, Delgadillok azaldu duenez: «Kontu zaila da hau, eta ez da beste inon gertatu munduan. Alemanian ere, nazismoaren osteko berregite lanean, ez da talderik izan horrelako adierazpenak egin dituenik eta gurasoen ekintza genozidak hala arbuiatu dituenik».