astekaria 2019/01/11
arrowItzuli

politika

Ezker abertzaleko familia baten baserriari tiro egin diote Amurrion

Gotzon Hermosilla

Ezker abertzaleko familia baten baserriari tiro egin diote Amurrion

Joan den igandean, baserri bati tiro egin zioten Lezama herribatzarrean, Amurrion (Araba). Baserriak euskal presoak Euskal Herrira ekartzearen aldeko ikurra zuen leiho batetik zintzilik, eta Amurrion oso ezaguna den eta ezker abertzaletik gertu dagoen familia bat bizi da han. Bala batek sukaldeko leihoa zeharkatu zuen, kristala hautsiz, eta horma jo zuen, baina ez zen zauriturik egon, erasoa gertatu zenean familiako zenbait kide baserrian zeuden arren.

Familiak ohartarazita, Ertzaintza bertaratu zen, eta bederatzi milimetroko bala bat aurkitu zuen han. Ikerketaren ondorioz, pertsona bat identifikatu dute, erasoarekin zerikusia izan dezakeelakoan, baina ez dute atxilotu. Naiz.eus atari digitalaren arabera, Espainiako Poliziako kide ohi bat da identifikatua.

Familiako kide batek BERRIAri azaldu dionez, baserrian jende gehiago bizi da, baina familiak bizitoki duen alderdian hiru lagun zeuden erasoa gertatu zenean —11:15 aldera—: aita, ama eta seme gaztea. «Gurasoak sukaldean zeuden, eta tiro baten hotsa entzun zuten. Hasieran pentsatu zuten ehiztariak izan zitezkeela, eta kanpora atera ziren, oihuka, baina ikusi zuten han ez zegoela ehiztaririk. Barrura berriro sartu zirenean, bala ikusi zuten».

Ertzaintzako agenteak iritsi zirenean, berretsi egin zuten erasoa bederatzi milimetroko bala batekin egindakoa zela. Inguruak miatu zituzten, tiroa nondik etorri zen zehaztu zuten, eta han bizi den pertsona bat identifikatu zuten, susmagarri gisa. Auzoan ezaguna da identifikatutako pertsona hori Espainiako Poliziako kide izan zela.

Familiak azaldu duenez, orain arte ez dute mehatxurik jaso, eta identifikatutako pertsona horrekin ez dute inoiz inolako traturik eduki: «Ez da izan auzokideen arteko liskar bat», argitu dute.

Familiak salaketa jarri du, eta gaur bilera izango dute abokatuekin; han aztertuko dute salaketa eguneratu edo zabaltzeko aukera, eta hurrengo urratsak zeintzuk izango diren erabakiko dute. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, berriz, BERRIAri esan dio hipotesi guztiak «zabalik» daudela.

«Estatuaren inboluzioa»

Sortuk gertatutakoa salatu du —alderdi horretako kidea da senitartekoetako bat, eta Ernaikoa beste bat—, eta«elkartasuna eta babesa» helarazi die erasoa pairatu duen familiari. «Espainiako Estatuaren inboluzioa» aipatu dute erasoaren testuingurua azaltzeko. Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek esan duenez, «independentismoa, emakumeak eta migratzaileak» hartu dituzte etsaitzat, eta «indarkeriara» jotzen ari dira inboluzio horren ondorioz.

Hedabide nagusien eta alderdi politikoen «isiltasuna eta epelkeria» ere salatu ditu Rodriguezek «larritasun handiko» gertaera horien aurrean: «Ezin dugu ahaztu duela hilabete batzuk albistegiak zabaltzen zituztela zenbait batzokitan egindako pintaketa batzuekin».

Ertzaintza eta botere judiziala «pasibotasunez» jokatzen ari direla erantsi du Sortukoak. «Ez da zilegi ostrukarena egitea edo erlatibizatzea», esan du Rodriguezek. «Oasi edo mikroklima honetan honelakoak gertatzen dira», esan du, Iñigo Urkulluren hitzak gogora ekarrita.

Amurrion izandako beste gertaera batzuekin alderatu du Rodriguezek joan den igandeko erasoa, erabiltzen den «neurri bikoitza»salatzeko, eta gogorarazi du Julen Ibarrola gazte amurrioarra urtebeteko kartzela zigorra betetzen ari dela errotuladore batekin pintaketa bat egitea egotzita. Alfredo Remirez ere Amurriokoa da: duela gutxi kaleratu dute, sare sozialetan presoen aldeko mezuak txiokatzeagatik urtebete espetxean egon eta gero.

Sortuk manifestazioa egingo du gaur Amurrion, 19:00etan, Ez dira pasako! Euskal Herria aurrera lelopean.

BERRIAn argitaratua (2019/01/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA