astekaria 2019/01/11
arrowItzuli

iritzia

Tabuaz beste

Anjel Lertxundi

Tabuaz beste Anjel Lertxundi

Festa inpostatuak, festa inposatuak.

Egutegiaren konbentzio bat da urte berria. Marra imajinario bat atzokoaren eta biharkoaren artean. Hemen bukatu da 2018; hemen hasten da 2019. Inauguratu berria dugu beste urte bat, Xarrak pantanoak inauguratzen zituen errutina berarekin gutxi-asko.

Marra konbentzional bat, beraz, nahiz jatorria neguko solstizioa duen. Aitzakia bat baino ez parrandarako eta burmuinak enegarren entenga sekulakoarekin zulatzeko.

Urte berriaren zorion inpostatuak —kontsumoaren liturgiak inposatuak— urte zaharra nahi du gainetik kendu, oroitzapen txarrak borratu, gure ahuleziak bentzutu.

Urtats goizez etxez etxe abesten ziren eske-kanta tradizionalek osasuna opatzen zieten urtatsa (urte berriko oparia) ematen zuten etxekoei. Gaur ere, gorputzak toki berezia du bizitza aldatzeko hartzen ditugun gure erabakietan. Gimnasioan hasiko naiz, ogia utziko dut, gutxiago edango dut, eta bli-bla-blu. Horrek guztiak, noski, mesede egiten dio osasunari; sarri, ordea, erabaki horien helburua ez da osasuna bera, itxura fisikoa baizik. Laster etortzen da, ordea, porrota: gorputza flako da; giza kondizioaren ahulezia, gizen.

Urte berriko poz puztuan dena ez da, ordea, kapritxoa, itxura eta arinkeria: txar guztiak abolitzeko bulkada psikologiko bat dakar urte hasierak. Bi urteen arteko marrak magia du, sinboloa du gizarteak memoria duenetik: gure baitako frustrazio ilun itsusiak baztertu eta urte-marrak gure ametsekin jartzen gaitu dantza lotuan. Halatan, kontabilitatea zeroan jarri eta iraganik ez balego bezala hasten dugu urtea. Horren ispilu, hedabideek praktikatzen dutena: ordularia zeroan jarri, eta kontabilitate berria inauguratzen dute auto-istripu bateko lehen hildakoarekin, genero indarkeriaren estreinako krimenarekin, aurtengo lehen etxegabetzearekin...

Lehendabizikoa? Azkenean irentsi egingo dugu iragana abolitzen dugula.

Buruaz beste.

Jende askok uste du jai giroko egun seinalatu hauen eraman ezinak depresioa duela bazkatzen eta suizidio-tasa nabarmen igotzen. Baina uste askok bezala, horrek asko du gezurretik ere: adituek eta inkestek diotenez Eguberri sasoian gertatzen da urte guztiko suizidio gutxien. Ondoren gertatzen omen dira; festa giroko euforiaren biharamunetan; bizitzak berriro gris iluna duenean kolore...

Nola ere den: suizidioa omen da gurean heriotza-kausa lehena, kausa naturalek eragindakoen ondoren. Errepidean hildakoen gainetik. Hala ere, hedabideek urtero zeroan jartzen duten kontabilitatean ez da suizidioa sartzen, nahiz Europa osoko bazterretan trafikoko istripuek baino biktima gehiago eragiten duen. Nago datu-falta ez dela isiltasunaren arrazoi nagusia.

Ematen du hemen inork ez duela bere buruaz beste egiten, emakume bat hil ondoren suizidatzen diren kriminal matxistak salbu. Tabuak ez du zirrikiturik, xehetasunik, errukirik, eta kriminal matxistei bezalako deskalifikazioa egiten zaie gainerako suizidei ere: suizida bat koldar hutsa da, arduragabea, egoista, kriminala bere buruaren. «Errazena egin du!» formula gupidagabearekin ixten da deskalifikazioen kapitulua.

«Ez dut [aukera] horren izena esango, pentsatzen du medikuak, ez dudalako gaixoa markatu nahi [...], ez dut izen hori esango, esaten du gaixoak, bestela abandonatu egingo naute [...], ez dut izen hori esango, esaten du aitak, esaten du amak, ez delako posible, ez da posible, ez da posible!». Piedad Bonnett idazle kolonbiarrak horrela trazatzen du tabuaren zirkulua bere semearen suizidioan oinarritutako Lo que no tiene nombre nobelan.

Tabuak, suizidioa ez izendatzeko setak, eufemismoak baliatzen ditu. Gure tradizioko eufemismoek bi makulu dituzte nagusi: buruaren kontrola galdu izana da bat (buruaz beste egin du!), Jainkoaren kontrako bekatua du oinarri bigarrenak (Jainkoari aurrea / eskua hartu dio!).

Bada, ordea, suizidioaren hautua libreki egiten duenik ere. Arrazoituta. Bere buruaren guztiz jabe izanda: «Nork bere bizitzari amaiera ematea luze edo lasaitasunez hausnartutako erabakia ere bada inoiz [...] eta ez beti depresio edo oinaze jasanezin baten ondorioz», dio Zigor Oleaga kazetariak orain bizpahiru aste Argia astekarian argitaratu zuen Bizitzaren aldeko kantua? erreportajean.

Camusentzat, kontu jakina da, arazo filosofiko bakarra dago benetan serioa: suizidioa. Bizitzaren zentzua da arazo filosofiko bakarraren muina. Eta bizitzak zentzua galtzen badu edo zentzurik ikusten ez bazaio, batek baino gehiagok ez dio logikarik ikusten bizitzen segitzeari ere. Eta bere buruaz beste egitea erabakitzen du. Libreki. Arduraz.

Munilla gotzainaren ustez, posizio hori aipatze hutsak «mendebaldearen gainbehera morala» ilustratzen du. Baina mendebaldean —eta munduan!— beti existitu den posizio bat da. Gizakia gizaki denetik. Sokratesek zikuta hartuta egin zuen bere buruaz beste orain ia hogeita bost mende. Mendebalaren eta munduaren erreferente morala izaten segitzen du.

Suizidioaren aurkako dogmatismoak ez daki zein beste den Gurutz Sarasola Lotsati poeta gazteak hil bezperan idatzi zuen agur-poemako sentimendua: «Ez dakizu zein beste den / barrenean sentitzen dudana».

Suizida batek dakiena daki. Eta dakiena da justu dogmatismoak ez duela bere erabakia eragotziko.

Munduaz beste.

Iritzi publikoak ez dio arreta handitik jarri, baina izutzekoa da: Putinek gerra nuklear baten arriskuaren albistearekin eman zion bukaera urteari. Abisu bat zen, Trumpentzat bereziki. Putinentzat, ordea, bere herritarrek ez daukate zertan beldurtu gerra nuklear bat gertatuz gero: «errusiarrok paradisura joango gara» esan zuen.

Putin, Trump, Bolsonaro... Torizue nire botoa, egizue nahi duzuena! Horra gerra nuklearra suizidio kolektibo baten moduan kontsideratua. Liderrek eskura dituzte munduaz beste egiteko aukerak, eskura dituzte beren ipurdiak salbatzeko bunkerrak ere.

Tren galdu bat, tren zoro bat, tren suizida bat tunel ilun batean aurrera abiada bizi-bizian. Eta bertan, gu. Tunelaren bukaeran argia ikusten badugu ez da esperantzarena izango, gure gainera datorren beste tren galdu, tren zoro, tren suizida batena baino.

BERRIAn argitaratua (2019/01/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA