iritzia
Mahaian
Ane Labaka Mayoz
Beste aulki huts bat haritzez egindako mahai borobil elegantean. Soinu-banda sarkor baten oihartzuna: Ikusten zaitudanean, ama, sukaldean egoten zara... Gaur ere halaxe dago, urteroko amantal koadroduna soinean, mahaian esertzeko tarterik hartu gabe, aurrera eta atzera. Inork ez dio nekeak zimurtutako begiradari erreparatu. Arratsalde osoa darama piper beteak pazientziaz prestatzen, legatzaren saltsa berdea kariño handiz loditzen. Gonbidatuek etxetik alde egiten dutenean ere bera izango da laberako azpilean itsatsitako arkume hondarrak espartzuz laztandu beharko dituena. Bera, Frantzian preso daukaten semeari aldiro bisiten zerrenda eta gainerakoak antolatzen dizkiona, izarak erosi eta neguari aurre egiteko artilezko galtzerdiak bere eskuz josten dizkiona. Bera, urteko azken manifestazioan ere «Zer moduz zaude?» galdetu beharrean «Zer moduz dago?» galdetu diotena. Bera, gudariaren antitesia, maiuskulazko gatazkaren atzeraguardia.
Puntutxo gorridun mantel zuriaz estalitako mahai moderno itxurakoa. Txiste sexista eta arrazisten jasak afariak aurrera egin eta kopak hustu ahala esponentzialki ozentzen diren ahots grabeenak ditu jatorri. Jakitun dago bestela hainbeste denbora konpartituko ez lukeen jendearekin bestela jango ez lituzkeen jakiak konpartitzen ari dela, hortzetako pasta iragarki baterako balioko lukeen irribarre faltsua ezpainetan zintzilikatuta. Disimulatu ezina disimulatu nahian. Egunerokotasuneko borroka esparruetan tresnatzat dituen garuneko iragazkiak banan-banan eraitsiz, gaurkoagatik bere marra gorriak etxean ahaztu balitu bezala jokatuz. Denaren gainetik, sesiorik ez. Neska lagunak bidalitako mezua irakurri du mahaipean. Umorea da bidea. Eta eskerrak. «Noiz aurkeztuko diguzu mutil laguna?». «Zure kuadrillako bi ama izan dira dagoeneko... Eta zu? Nik uste adin egokia dela...». Dardoak dianaren erdira. Mahai gainera igo eta senideei bollera izatea zer den oihuka azaltzeko gogoa dauka. Eztulka hasi da. Xanpaina joan zaio kontrako eztarritik behera.
Ikean erositako mahai estandar merkea. Amak aurtengoan behintzat Gabonetako otorduetara «behar den bezala jantzita» joateko eskatu dio hamabost urteko nerabeari, berarengatik eta aitarengatik, mesedez. Erraz deszifratu du «behar bezala jantzita» horren atzean ezkutatzen den guztia; umetan esleitu zioten generoari dagokion bezala janzteko, alegia. Berak bizi dituen disforiak aspaldi detektatu arren, lanketa luze baten ostean duela urtebete inguru bere izena konbentzimendu osoz aldatu arren. Ingurukoak jaio zenean ezarri zioten izen maskulinoa erabiltzen tematzen dira behin eta berriz. Horixe da familia. Goxotasuna. Maitasuna. Armonia. Errespetua. Zoriontasuna. Biolentzia. Biolentzia asko.
Egur trinkoz egindako mahai luzexka. Sorbetearen ondoren, mota guztietako turroiak, bonboiak eta mazapanak daude mahai gainean barreiatuta. Eternala egiten ari zaio gaurkoa ere. Normaltasuna performatzen ikasi du, ustez. Bi aldiz jaiki da komunera afariak iraun bitartean. Gurasoekin eta ahizparekin hala hitzartuta, izeba-osabei eta aitona-amonei ez die aipurik egingo komun-zulora itsatsi ohi duen gaixotasun mentalaz, ez die esango ezin duela gehiago, eta ikasketak utzi egin behar izan dituela. Ezin du ahoz gora onartu txikitatik beragan jarritako exijentziak bete ez izana. Dagokion papera jokatuko du antzerki honetan, nahiz eta badakien akaso familiakoei susmagarri suertatuko zaiela bere azalaren zurbila. Postrearekin batera, iritsi da lagun ezkutuko opariak banatzeko unea. Berak ere badauka zer ezkutatu.
Kristalezko mahai errektangularra. Bere erasotzailea eseri zaio parez pare. Duela urte batzuk, artean umea zela, gauez berarengana hurbildu eta pijamaren azpitik ukituak egiten zizkiona. Lehen aldia Eguberri gau batez izan zela gogoratzen du, ahapeka hitz egiten ziola, gertatzen ari zena beraien arteko sekretua izango zela behin eta berriro errepikatuz. Ordutik ez du ahotsa altxatzeko adorerik bildu. Eta aurrean dauka, patxadatsu, urdaiazpiko garestiena bere esku zikinekin irensten. Langostino usaina darien behatz puntak miazkatuko ditu gero, ezer gertatuko ez balitz bezala, beste urte batez. Mahai gainera botaka egiteko gogoa sentitu du. Erraietatik botaka.
Denbora gelditu da. Hamabi kanpaikada entzun dira elkarri segika.
Urte berri on denoi!
Niri seigarren mahatsa trabatu zait eztarrian.