ekonomia
Euskal esparrua, horra hor auzia
Xabier Martin
2010eko eta 2012ko lan erreformak beharginen lan baldintzen aurkako tresnatzat hartu zituzten euskal sindikatuek, eta urteek erakutsi dute baietz, tresna eraginkorrak izan direla soldatak debaluatzeko. Baina langile pobreak egiteko makinak izateaz gain, egoera hori betikotzeko mekanismo ere bilakatu dira erreformak, hainbat edukiren negoziazioen erabakiguneak lekuz aldatuta. Estatalizazioaren belak hauspo baitira, haizeak puztuta dena emanda joateko. Eta horrek ezintasun ikaragarria dakar lan harremanen euskal esparrua elikatu eta eraiki nahi dutenen eragileentzat, ELA eta LABentzat batik bat.
SantimamiƱek maizterrak zituen garaitik autogobernu handiagoa eskatzen dutenek ez ote dezakete gehiago egin euskal langileen baldintzak ez daitezen parekatu Albacete, Lugo eta Jaengo langileenekin? Ez haiek ez dituztelako euskal beharginenak merezi, baizik euskal langileek ez dituztelako haienak merezi; euskal ekonomiarentzat distortsio bat delako, oztopo larri bat zerga sistema oinarri duen gizarte sozialarentzat. Edo soil-soil esanda: Teruelen ez direlako etxeak saltzen Gipuzkoaren batez besteko salneurrietan, edota Mercadonak ez dituelako prezio bertsuak ezartzen Badajozen eta Gasteizen.
LABen proposamena legebiltzarrari
LABek baiez uste du, Jaurlaritzak gehiago egin dezakeela estatalizazioari mugak jarri eta, burujabeago jokatuz, lan harremanak hemengo errealitate sozioekonomikora egokitzeko. Horregatik egin du asteon proposamen zehatz bat Eusko Legebiltzarrean, alderdi politikoek argazkiaren zer aldetan jartzen diren erakuts dezaten —berriro—. Ez laguntza publikorik, ez izaera publikorik ez duen kontraturik; Espainiako lan hitzarmenak aplikatzen dituzten enpresak administrazioen kontratuetatik kanpo geratzeko eskatu du sindikatu abertzaleak. Ganberari beste eskaera zehatz bat egin dio, gainera: esan diezaiela 2010eko eta 2012ko lan erreformak beren osotasunean baliogabetzeko Espainiako Kongresuari, CEOE eta Cepyme patronalei, eta CCOO eta UGT sindikatuei. Estatalizazioaren eragileei, alegia.
Nostradamus izan gabe aurreikus daiteke idatzi hori, den bezala, ez dela onartuko legebiltzarrean. ELAk ere eramana du, orain baino lehen, kontratazio publikoan eragiteko proposamenik: esaterako, euskal lan hitzarmenak bete daitezen. Herri ekinbide legegile sonatu bat edukiz hustu zuten EAJk eta PSEk, 2016an. Eta ez da asko arriskatu behar aurreratzeko LABen idatziak patu bera izango duela. Baina hor dago auzi honen muina.
Autogobernu handiagoaren nahia aldarrikatzen duen gobernuaren kontraesana ez baita txikia lan harremanen euskal esparruari dagokion haren politika aztertzen denean. Auzi honetan, euskal patronala koherenteagoa dela esan daiteke, zeren Confebaskek, CEOEko kide gisa, onartzen baitu Espainiako itunak gero eta euskal langile gehiagoren arau izatea. Onartuko ez du, ba, kontuan izanda soldatak eta, beraz, lan kostuak merkatzeko sistema dela ? EAJk, ordea, ezin dio bakarrik erreparatu patronalarekin duen harreman estu horri; ezin du soilik elikatu CCOO eta UGTrekin duen quid pro quo hori. Ezin du, nahi ez baldin badu gizarteratu mezu nahasgarri bat: nahi duguna izango gara, salbu eta lan harremanetan.