gizartea
LAIA NARCISO PEDRO
«Seme-alaben heziketa oinarrizkoa da migratzaileentzat»
Jon Rejado
Migratzaile atzerritarren seme-alaben nortasuna baldintzatzen duen alor berezirik atzeman al duzu ikerlanean?
Beren adineko haurrekin partekatutako esparruak daude, baita espezifikoak diren beste batzuk ere. Adierazle zenbaiten ondorioz, ez dira beren inguruko partaide sentitzen: besteak direla sentitzen dute. Eraginik handiena izan duten ezberdintasun ardatzetako bat belztasuna da, beste hainbat aldagairekin nahastuta.
Adibidez?
Bestetasuna indartzen edo lausotzen duten hainbat aldagai atzeman nituen. Katalanez hitz egitean, adibidez, mugak lausotzen ziren; beren burua musulmantzat hartuz gero, berriz, bestetasunaren muga indartzen zen... Horrez gain, ikertu ditudan gazteek, neskek zein mutilek, esperientzia komunak dituzte, baina berezitasun kualitatiboak daude bien artean.
Zein da aldea?
Harrerako gizarteak gizon eta emakume beltzak irudikatzeko duen moduaren araberakoa da. Garai kolonialistatik oinordetutako ikuspuntuaren ondorioz, primitibotzat hartzen dituzte, tradizioari atxikitzat. Emakumeen aurrean jokabide paternalistak dira nagusi, haien kultura atzerakoiagatik kondenatuta daudelakoan. Gizonekin, aldiz, jarrera kriminalizatzaileagoa izan ohi da. Eta mutilek zein neskek aipatu zuten gorputz beltzen gainsexualizazioa.
Hori guztia inguruarekin duten harremanaren ondorioz gertatzen da?
Gazte horiek beren subjektibizazio prozesuak eraiki izan dituzte bai komunitatearekin harremanetan, baita gehiengoaren ispilu sozialean ere. Ispilu horrek eragin egiten die, estereotipo guztiak negatiboak direlako, eta erreferente guztiak ezkorrak direlako: familiako kultura, adibidez, kriminalitatearekin lotzen da... Horrek gaitasunen zentzuan eragiten du, eta horrek autoestimu ukitua sor dezake gazte horiengan, gehiengoaren espazioetan tokiz kanpo sentitzeagatik, baita instituzioetatik ere.
Nabarmendu izan duzu iruditeria hegemonikoek guraso migratzaileei egotzi ohi dieten rola ez datorrela bat errealitatearekin.
Aurreiritzi bat asumitzen da Afrikako mendebaldeko migratzaileen seme-alabei buruzko genero ideologien diskurtsoetan pentsatzean: familia atzerritarrek neskak babesten ez dituzten ideia, edota mugatzen dituzten pentsamendua. Ordea, datuek kontrakoa erakusten dute. Ikerlanean parte hartu duten gazteen esperientziek ere kontrakoa adierazten dute. Batetik, gurasoentzat ardatza da seme-alaben heziketa proiektua. Bestetik, seme-alabek «erabakigarritzat» jotzen zuten gurasoen laguntza ikasten jarraitzeko eta eskolako arazoei aurre egiteko.
Jardunaldietan aipatu zen migrazioa feminizatuta dagoela, eta behin-behinekotasun handiko lan eremuetan ari dela gehienetan. Familian dauden eredu horiek eragina dute alaben nortasunen eraikuntzan?
Ikertu ditudan herrialdeetako migratzaileak gizonezkoak izan dira nagusiki, baina datua orekatuz doa. Egia da dauden andreak, lan egiten dutenak, hoteletan aritzen direla usu goi denboraldian, edota adinekoak zaintzen. Horien alabak ikertu ditut, eta, ikasketetan arrakasta izan badute ere, beren amaren lan ibilbidea erreproduzitzen ari dira sarri. Ikusiko da hemendik hamar urtera zer gertatzen den, baina, oraingoz, adierazleen arabera, ez dira lortzen ari ikasketen bidez lan merkatuan eragitea. Horren ondorioz, hein batean, bestelako migrazio prozesuak hasten dituzte: Europako iparraldera, AEBetara...
Hezkuntza aipatu duzu. Migratzaileen seme-alaben bestetasuna lausotzen laguntzen du?
Curriculumean ez da hitz egiten Europako mendebaldekoa ez den historia bati buruz. Espainiaren eta Ginearen arteko historia kolonialista, adibidez, ez da inondik ageri, ezta egungo migrazioen inplikazioak ere. Familien ondarea ez da baliatzen, ezta ikasleek duten askotariko ezagutza ere: hizkuntzetan, adibidez. Sistemak positiboki baloratzen dituen eduki batzuk badira. Bada, ikasle horiek dituzten gaitasunak eta ezagutzak baloratuak izan beharko lirateke.
Hitzaldian aipatu duzu elkartzera jotzen dutela ezaugarri komunak dituzte migratzaileen seme-alabek eskolan.
Neskak elkartzen dira batez ere, entzuten dituzten komentarioez aspertuta. Estereotipo negatibo asko jasotzen dituzte: beltza izateagatik txiroak direla, hemen jaioak izan arren ez direla hemengoak, diskriminatzaileak diren ustezko komentario positiboak...
Adibidez?
«Ze nota onak ateratzen dituzun», «Ze ondo egiten duzun katalanez»... Ustez halakoak positiboak badira ere, bestetasunaren ideia berresten dute. Horrek guztiak eragina izaten du epe luzera, eta, azkenean, beste neska beltzekin bilatzen dituzte harremanak , babes gisa.