astekaria 2019/01/11
arrowItzuli

gizartea

Norberak kontrolatzetik norbera kontrolatzera

Ibai Maruri Bilbao

Norberak kontrolatzetik norbera kontrolatzera

Apustua eta jokoa, berez, ez dira txarrak. «Badira frontoira joan eta noizean behin apustua egiten dutenak, uste dutelako horrek emozio handiagoa ematen diola partidari. Hor ez dago arazorik. Lehia gure gizartearen parte da», zehaztu du Ainhoa Otaola Agirre Etorkintza elkarteko teknikariak. Baina, batzuetan, oharkabean, kontrola galtzen du jokalariak, eta adikzio bihurtzen da orduan. «Substantzia baten edo portaera baten gaineko kontrol falta da adikzioa; jokoaren kasuan, portaera batena. Orduan, abstinentzia sindromea agertzen da, jokalariari ezinbesteko bihurtu zaiolako jokatzea. Jokatzen ez badu, ezinegon emozionala eta antsietatea sentitzen ditu. Ezin du utzi. Bizitzan erabat eragiten dio».

Parekoak dira jokorako adikzioa eta substantziena. Ekintza-Aluviz jokorako adikzioa dutenen Bizkaiko elkarteko psikologo Ilargi Zaratek azaldu du hiru osagai dituztela adikzioek: «Denbora igaro ahala, handitu egiten da kontsumo edo portaera horren maiztasuna, denbora eta kopurua. Abstinentzia sindromea dut portaera edo kontsumo hori eteten badut. Adikzioa lehenetsi dudalako, bizitzan garrantzitsuak ditudan beste gauza batzuk albo batera utzi ditut».

Otaolaren esanetan, badira adiktu bihurtzeko joera handiagoa izan dezaketen pertsonak: «Kalteberagoak dira autoestimu baxua dutenak, arazoei aurre egiteko zailtasunak dituztenak, inpultsibotasun handiagoa dutenak, frustrazioa eta estimulu negatiboak jasaten ez dakitenak». Haren ustetan, adimen emozionala «ezinbesteko tresna» da edozein motatako adikzioak prebenitzeko orduan. Zaratek gehitu du bizitzan garai txarra igarotzen ari direnentzat ere ihesbide izan daitekeela jokoa. Badira etxean edo inguruan jokalari bat izan dutelako apustuan hasi direnak: «Zer ikusi, hura ikasi». Dena den, argi utzi dute baldintza horiek betetzeak ez duela esan nahi apustuak egiterakoan ezinbestean adikzioa etorriko denik.

Garai batean, txanpon makinetan jokatzen zutenek izan ohi zuten adikzioa; 50 eta 65 urte arteko gizonezkoak ziren batez ere. Baina azken urteetan aldatu egin da soslaia: gero eta gazteagoak dira, 20 eta 30 urte artekoak, eta kirol apustuak egiten dituzte sarean. Orain ere gizonezkoak dira nagusi. Ohartarazi dute adingabeen artean ere badirela kasuak. «Hain zuzen ere, apustu egileen ezaugarri nagusietako izaten da inpultsibitatea, eta nerabeen ezaugarrietako bat ere horixe da. Ez dute arriskua ikusten», nabarmendu du Otaolak.

Joko adikzioa duten emakumeak ere badira, baina Zaratek azaldu du ezkutuan gordetzen dutela. «Etxean jokatzen dute, edo bingoan, euren antzeko jokalariak dauden lekuetan; inoiz ez leku publikoetan». Laguntza eskatzea askoz gehiago kostatzen zaie emakumeei; gehienetan ez dute eskatzen. Zaratek zehaztu du dagoeneko depresioak jota dauden emakumeak erortzen direla adikzioan; arazoetatik ihes egiteko bidea izaten da haientzat. Gizonezkoek, berriz, gero izan ohi dute depresioa, ingurukoek adikzioa deskubritu eta terapian hasten direnean.

Teknologia berrien erabilera hedatuen dagoen belaunaldietan igarri dute adikzio kasuen gorakada. Orain eskuragarriago dago apustua. Eta gizartean ere presentzia handiagoa du: edonon daude apustu etxeen lokalak, eta iragarkietan sarri ageri dira. Horrek apustu egile berriak erakartzen ditu, eta adikzioa gainditu nahian dabiltzanentzat ez da mesedegarria. «Guk, elkartean, badakigu jokoa nonahi dagoela eta gaitza dutenei lagundu behar diegula errealitate horri aurre egiteko mekanismoak garatzen. Baina apustu etxeek ez digute lana errazten. Amorrua ematen du urteetako lana alferrik galtzeak», kexatu da Maria Beloki Aralar Nafarroako ludopaten elkarteko psikologoa.

Kirol apustuek adikzioa azkarrago sortzea ere eragin dute. «Txanpon makinekin denbora gehiago behar izaten zen; batez beste, hamar urte. Orain, urtebetean edo bitan hortxe daukazu arazoa», zehaztu du Zaratek. «Txanpon makinak ez dira hain parte hartzaileak. Txanponak bota, eta botoiei eman, besterik ezin duzu egin. Apustuak zeuk sortu ditzakezu, kirol ekitaldi arrakastatsuei lotuta daude... Horrek erakargarriago egiten du». Berehalakotasuna ere azpimarratu du. «Apustua bera ere azkartu da. Kinielan, adibidez, egunak igarotzen dira betetzen denetik irabazi duzun jakin arte. Sarean egiten diren apustuetan, orain bertan gertatzen ari den zerbaiten inguruan jokatzen duzu. Horrek adrenalina gehiago sortzen du, eta arinago sortzen da adikzioa». Belokik salatu du apustu etxeek «jokalarien bizkar» jartzen dutela ardura: «Reta enpresako makinetan hauxe irakur daiteke: '18 urtetik beherakoa bazara, ez ezazu erronka onartu'. Erantzukizuna adingabeena balitz bezala!».

Laguntza, ezinbestekoa

Lehen apustuetan badute nolabaiteko kontrola. «Badakit zer dagoen jokoan, burua hotz dut, eta erabaki ona har dezaket. Posible da dirua irabaztea. Baina horrek eman didan plazera berriro sentitzeko, apustua handitu behar dut, eta sarriago egin». Orduan galtzen da kontrola, Zarateren esanetan. Hasieran, dirua irabaztea dute helburu, baina ohartarazi du une batetik aurrera horrek berdin diela. «Paradoxikoki, jokoak adikzio handiagoa eragiten du dirua galtzen hasten direnean. Uste dute gai direla jokoaren bitartez ordura arte galdutakoa berreskuratzeko, eta gero eta gehiago jokatzen dute. Eta gehiago galtzen dute». Funtsean, arazo bati aurre egiten saiatzen dira, arazoan bertan segituta. Laguntza behar izaten dute. Belokik ohartarazi du denbora behar dela adikzioa gainditzeko: «Mendekotasuna bizi osorako kontua da, eta horrekin bizitzen ikasi beharko dute».

BERRIAn argitaratua (2019/01/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA