gizartea
KIROLA AMUA DENEAN
Ion Orzaiz
Publizitatean egindako inbertsio horrek guztiak fruitua eman du azken urteetan: herritar bakoitzak zorizko jokoetan batez beste gastatutako diru kopuruak gora egin du, eta, arloz arlo, batez ere kirol apustuak hazi dira.
Kirol apustuen nahiz online jokoen sektorea hazten den neurri berean, haiei buruzko kezka ere handitu da. Joko mendekotasunak artatzeko zentroek salatu dute gero eta jende gehiagok jo behar izaten duela haiengana, eta jokalariaren soslaia inoiz baino gazteagoa dela. Gainera, hainbat herritan mobilizazioak antolatu dituzte apustu etxeen kontra; salatu dute bereziki langile auzoetako jendeari egiten diotela kalte.
Batzuek eta besteek neurriak eskatu dizkiete erakunde publikoei. Italia jarri dute adibide gisa: urtarrilaren 1etik debekatuta daude apustu etxeen iragarkiak, eta kirol taldeek ezin dute horrelako enpresekin sinatu publizitate eta babesletza hitzarmen berririk —orain arte sinatutakoak indarrean izanen dira iraungi arte—.
Legeen hutsuneak
Oso bestelakoak dira Euskal Herrian eragina duten Frantziako nahiz Espainiako legediak. Frantziakoa zorrotza da, baina lausotzeko bidean dago: 2010era arte debekatuta zeuden online bidezko apustuak eta bestelako jokoak, baina orduan arautu zituzten, Hegoafrikan futboleko Munduko Kopa hasi baino hiru hilabete lehenago. Loteria, zorizko jokoak eta apustuak kudeatzeaz arduratzen den FDJ enpresa publikoa, berriz, aurten pribatizatu dute.
Espainian, 2011tik dago indarrean jokoa arautzeko legea, baina zergei erreparatzen die batez ere, eta ez hainbeste jokotik eratorritako mendekotasunei. Hori dela eta, arau bat prestatzen ari da Madril, bereziki bi faktore mugatzeko: online apustuen publizitatea, eta jokoek gazteengan eta adingabeengan izan dezaketen eragina. Apustu etxe fisikoei dagokienez, autonomia erkidego bakoitzak ditu bere arauak. Hego Euskal Herriaren kasuan, egoitza fiskala Araban, Bizkaian, Gipuzkoan edo Nafarroan duten enpresen jarduera soilik arautu dezakete Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak.
Bi erakundeok urtero argitaratzen dute zorizko jokoen sektoreari buruzko txostena, eta azken datu ofizialei erreparatuta —2017. urtekoak—, agerikoa da jokoen pastelean gero eta handiagoa dela apustuei dagokien zatia. Oraindik ohiko txanpon makinak dira jokorik arrakastatsuena —Nafarroan, sektorean gastatutakoaren %37 dagokie—; horren atzetik dago Espainiako loteria. Eta hirugarren postuan, kirol apustuak.
Azken multzo hori gaur-gaurkoz ez da sektoreko handiena, baina bai hazkunde bizkorrena izan duena. Bi konpainiak dute egoitza Euskal Herrian: Reta eta Kirolbet enpresek. Horiez gainera, beste biren apustu makinak daude Hego Euskal Herriko aretoetan: Garaipen-Codere eta Sportium etxeenak. 2017. urtean, 411 milioi euro jokatu ziren lau enpresa horien makinetan eta webguneetan. Aurreko urtearen aldean, %10eko hazkundea. Bilakaera nabarmenago ikusten da 2017ko diru sarrerak 2012koekin alderatuta: %80ko igoera izan da.
Erkidegoen eskumenetik at daude, baina, online apustu gehienak. Egoitza fiskala Erresuma Batuan, Irlandan edo Maltan izan ohi duten multinazionalak dira sektorean nagusi. Opakutasun handia dago enpresa horien inguruan, eta ia ezinezkoa da sektore osoari buruzko datu zehatzak eta eguneratuak lortzea.
Kezka langile auzoetan
Apustu etxeen eta joko aretoen bilakaerak kezka eragin du Euskal Herriko hainbat lekutan. Areto horien kontrako mobilizazioan aitzindari izan dira Gasteizko Judimendi auzoko gazte asanblada, Azpeitiko Elkar-Ekin taldea (Gipuzkoa) eta Bilboko Eragin elkartea. Ohartarazi dute apustuek eta jokoek «ludopatia eta prekaritatea» sustatzen dutela, eta batez ere langile auzoei eta klase apaleko familiei eragiten diela horrek.
«Krisia hasi zenetik, asko hazi da apustuen eta jokoen fenomenoa, eta datuek erakusten dute gazteei bete-betean eragiten diela. Langile klaseko gazteei, batez ere», azaldu du Eragin taldeko kide Gaizka Suarezek. Haren ustez, arazoa «oso larria» da, jokoa «alienazio tresna bat» izan daitekeen heinean: «Gazte askorentzat, egunero sufritzen duten miseriatik ihes egiteko era bat da jokoa, baina are gehiago hondoratzen ditu». Suarezen esanetan, hain justu ere, krisi garaian «jendearen etsipena» baliatu dute jokoaren sektoreko enpresek: «Desafekzio eta desesperazio egoera sakon bat aurkitu dute langile auzoetan, eta hori aprobetxatu dute negozioa egiteko. Ez da kasu bakan bat, fenomeno sozial orokortua baizik».
Iritzi horrekin ez dator bat Nafarroako Gobernuko Joko eta Ikuskizun Publikoetako atalburua, Miguel Angel Marzabal. Haren irudiko, «gehiegikeria eta gezur ugari» esan dira jokoaren inguruan: «Azken urteetan, elur bola baten antzera hazi da kontua, eta jendea arrazoi objektiborik gabe asaldatu da». Apustuen sektorearen hazkunde bizkorrari buruz, Marzabalek uste du «merkatuaren gorabehera bat» besterik ez dela: «Azken urteetan, joko mota batzuk hazi egin dira, eta beste batzuk, murriztu. Baina kopuru orokorrei erreparatuta, ez dirudi apokalipsi baten aurrean gaudenik, inondik inora ere».
Gobernuko kideak onartu du apustuek «oso bizkor» egin dutela gora, baina jokoaren beraren ezaugarriekin lotu du: «Apustuak erakargarriagoak dira egungo jokalarientzat, futbolari eta kirolen zirrarari lotuak daudelako; bingoa eta txanpon makina klasikoak, berriz, zaharkituak gelditu dira, eta ez dute gazteen arreta erakartzeko gaitasunik».
Marzabalen iritzi berekoa da Kirolbet enpresako Pertsona eta Antolakuntza zuzendari Manu Egaña. Haren irudiko, egungo polemikaren atzean bi arazo nagusi daude: «Alde batetik, online apustu etxe batzuk hasi dira oso estrategia erasokorra aplikatzen, guk sekula erabili ez ditugun iragarki bortitzekin, eta horrek kontrako erreakzioa piztu du; bestetik, kanpoan ikusten ditugun polemikek gehiegizko oihartzuna izan dute Euskal Herrian, eta argi utzi behar dugu Madrilgo errealitatea, araudia eta arazoak ez direla hemengo berberak». Egañaren esanetan, apustu etxeei buruzko araudia «oso malgua» da Madrilen: «Han, apustu etxeek ez dute mugarik ia edonon irekitzeko; EAEn eta Nafarroan, betekizunak zorrotzagoak dira».
Egañak bezala, Marzabalek ere ez du hemengo herrietako apustu etxeetan «larritzeko motiborik» ikusten. Bai, ordea, Internet bidezko jokoetan: «Oso fenomeno ezberdinak dira. Joko aretoek kontrol zorrotzak gainditu behar dituzte, betebehar asko konplitu, eta, adibidez, adingabe bati sartzen utziz gero, jaso dezaketen isuna izugarria da: 30.000 eurotik gorakoa. Online jokoetan, iragazkiak eta kontrolak ezarrita dauden arren, errazagoa da izkin egitea».
Gazteak jomugan
Mendekotasunak artatzeko zentroetan oso bestelako ikuspegia dute egoeraren larritasunari buruz. «Politikoki zuzenak diren adierazpen horiek oso ohikoak dira administrazioan, tamalez», laburbildu du Aralar Nafarroako Ludopaten Elkarteko psikologo Vanessa Gargallok. «Badirudi agintariek ez dutela kalea zapaltzen. Adingabeak ezin direla apustu etxeetan sartu? Badakigu! Baina sartzen dira. Eta jokatu egiten dute. Alkohola eta tabakoa ere debekatuak dituzte, baina ez zaigu burutik pasatuko esatea 15 edo 16 urteko neska-mutilek ez dutela edaten edo erretzen, ezta?».
Administrazioen jardunarekin kritiko azaldu da Bilboko Eragin taldeko ordezkaria ere: «Ez ikusiarena egiten dute askotan. Legez, 18 urtetik gorakoek bakarrik joka dezakete, baina kontrolik eza gailentzen da», esan du Suarezek. «Online jokoetan, oso erraza da beste norbaiten nortasun agiriaren zenbakia sartzea eta jokatzea, baina joko areto fisikoetan ere ez dute behar bezalako kontrolik ezartzen. Utzikeria izugarriz ari dira, eta guk geuk frogatu ahal izan dugu hori».
Iruñeko Aralar elkarteak harreman zuzena dauka gazteekin, eta zenbait mintegi eta hitzaldi antolatu dituzte Nafarroako ikastetxeetan. Gargallo: «13 urteko gaztetxoek eurek kontatzen digute joko aretora sartu eta erruletan edo apustuetan aritzen direla, inolako lotsarik gabe. Batek behin esan zidan institututik gertu 'nerabeentzako joko areto bat' zutela. Esan nion halakorik ez dela existitzen, eta erantzun zidan: 'Benetan? Bada, gure adineko jendez beteta egoten da egunero'».
Aralar elkarteko kidearen esanetan, arazoak «gainezka» egin die azken hiru urteetan: «Aurten, lehen aldiz, itxaron zerrenda jarri behar izan dugu elkartean. 80 bat paziente berri etortzen zaizkigu urtero, eta ezin ditugu denak hartu. Halakorik ez dugu inoiz ikusi. Gehienak apustuekin eta enparauekin arazoren bat garatu duten gazteak dira». Nafarroakoa ez da kasu bakarra: beste elkarte batzuetan ere paziente gehiago dituzte.
Apustu etxeekin eta joko aretoekin lotutako arazo larrienetako bat jokoaren «normalizazioa» da, Gargallok eta Suarezek diotenez. Bien esanetan, zorizko jokoetan aritzea «boladan» jarri da, eta horretan berebiziko garrantzia izan dute hedabideek eta publizitateak. Eragin taldeko ordezkariaren irudiko, hori da iraganeko apustu ereduen eta gaur egungoen arteko alde handiena: «Publizitatean eta marketinean inbertitutako milioiei esker, onarpen sozialez jantzi da apustuen eta jokoen sektorea. Garai batean, erruletan jokatzen zuen bizilaguna gaizki ikusia zegoen; orain, berriz, trendy bihurtu dute jokoa, eta kirolari, aktore edota aurkezle famatuek iragartzen dute».
Euskal Herrian, kirol taldeek apustu enpresekin sinatutako publizitate kontratuek piztu dute polemika biziena. Futbolean, Athletic, Alaves, Eibar eta Osasuna; saskibaloian, Baskonia eta Bilbao Basket... Realak ez beste guztiek daramate apustu etxe baten ikurra elastikoan. Hain zuzen, Realak abenduaren 21ean egin zuen apustu etxeen babesletza hartzeari buruzko galdeketa, eta ezetz erabaki zuten bazkideek, alde handiz: 6.638k eman zuten iritzia —bazkideek laurdenek baino gehixeagok—, eta 5.715 agertu ziren aurka.
Auzi horren inguruan «informazioa» falta dela uste du Kirolbeteko ordezkari Manu Egañak. «Gu beti egongo gara ados bazkideek hartzen dituzten erabakiekin, baina, informazio gehiago emanez gero, agian jendearen pertzepzioa beste bat izan zitekeen, edo agian beste baldintza batzuk plantea daitezke: jokalariekin publizitaterik ez egitea, adibidez; iragarkiek gazteengan izan dezaketen eragina murrizteko».
Apustu etxeen publizitatearen auziari heltzeko prest azaldu da Egaña, enpresa batzuk «kalte handia» egiten ari direla iritzita: «Jendeak zaku berean sartzen gaitu, baina sektorea ez da batere homogeneoa. Guk hamar urte daramatzagu EAEn lanean, eta zortzi Nafarroan, eta orain arte ez dugu inoiz arazorik izan; beti egon gara kanpaina bortitzen kontra, eta joko arduratsuaren alde». Zehazki, Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin, kirol taldeekin eta ludopatia elkarteekin elkarlaneko egitasmo ugari sustatu dituztela gogorarazi du Kirolbeteko arduradunak, batez ere gazteen mendekotasunen prebentzioan eta kontzientziazioan aritu direla.
Jokoaren aurkako taldeek, ordea, ez dute joko arduratsua kontzeptuan sinesten, eta bestelako irtenbideak planteatzen dituzte. Suarez: «Gure helburu nagusia da apustu etxeak errotik erauztea, baina badakigu hori oso zaila dela. Horregatik, tarteko neurriak planteatu ditugu. Besteak beste, hauek: jokoaren publizitatea debekatzea; adingabeei sarbidea ixtea; apustu makinetan kontrol neurriak zorroztea; eta ludopatia eritasun gisa onartzea, apustuek gaur egun duten prestigio soziala erauzte aldera».