kirola
Handiena joan da
Imanol Magro Eizmendi
Zinema izarrekin izandako pasadizo bakarra ez zen izan, Gallastegik berak baitzioen Charlton Heston Espainia aldera El Cid filma grabatzera joan zenean, 1961ean, harekin oilasko errea afaldu zuela Madrilgo pilotaleku batean. Ordurako 43 urteak beteak zituen Gallastegik, eta urtebete zen erretiroa hartu zuela, baina oso ezaguna zen, eta izarren tratua jaso zuen pilotalekuan. «Txapeldun handia izan zen zentzu guztietan, txapeldun pilotalekuan eta txapeldun bizitzan. Gizon lerdena, atsegina... Printze baten antzera bizi izan zen, pilotako printzea. Familian asko maite izan dugu», gogoratu du Isabel Bidarte kazetariak. Bidarte pilotari enpresen sendikoa da hura. Fernando Bidarte Aspeko egungo buruaren arreba.
Otsailean 101 urte beteko zituen Gallastegik, eta, askorentzat, inoizko pilotaririk handiena izan da. 1940ko eta 1950eko hamarkadetako, pilotaren garairik oparoeneko, txapeldunik handiena, buruz buruko txapela hirutan irabazitakoa (1948, 1950 eta 1951). Eibarko Asolaigartza baserrian jaio zen 1918an, egun existitzen ez den eraikinean, eta genetikak 1,86 metro eta gihardura ikusgarria oparitu zizkion. Astelenan egin zen pilotari, eta hantxe ezagutu zituen Espainiako Gerran ariko ziren gudariak. Amuategi batailoiarekin ibili zen maniobratan, eta etxean ezkutatu zen. Soldadu eraman zuten Gasteizera orduan, eta baimenak baliatzen zituen jokatzeko.
1936ko ekainean egin zuen debuta, Astelena maitean. «Pilotan jokatzeko dagoen munduko tokirik onenean». 2014az geroztik, haren argazki erraldoia dago han, frontisaren alboan. «Enrique nire aitonak eman zion aukera, hark bazekien Gallastegi pilotari ona baino gehiago izango zela, txapelduna. Tratu gehiago, dena den, Alberto nire aitarekin izan zuen. Hura izan zen Gallastegiren enpresaria. Izan zituzten euren tirabirak, baina lagun handiak izan ziren, eta bada zerbait, enpresari eta pilotari zirela kontuan hartuta», gogoratu du Bidartek.
Gallastegi, izan ere, odol berokoa zen. 1948an eta 1953an buruz burukoa jokatzeari uko egin zion enpresariekin izandako desadostasunengatik. «Merezi nuenik ez zidaten ordaindu nahi», esango zuen gero. 1953ko finalari uko egin zionean, Gipuzkoako gobernadore zibilak berak deitu zion, zurrumurrua zabaldu zelako Franco diktadorea finalera joatekoa zelako ez zuela jokatu nahi. Uko hark sei hilabeteko zigorra eragin zion, eta tarte hura baliatu zuen Ipar Euskal Herrian jokatu, eta, besteak beste, Jose Antonio Agirre lehendakaria ezagutzeko. Zigorrak, baina, ez zuen apaldu Gallastegik zaleak erakartzeko zuen ahalmena. Orduko kronikek diote 1953an 17.500 pezeta irabaztera iritsi zela partida bategatik. Garai haietan, irakasle baten hilabeteko soldata 1.200 pezeta inguru zen (7,2 euro).
Gallastegi, ordurako, hiru aldiz izana zen buruz buruko txapeldun. Historikoena 1944ko finala izan zen, Atano III.ari 22-6 irabazi zionekoa, Bergaran. Atanok 22 urte zeramatzan txapeldun, eta belaunaldi aldaketa izan zen. «Ondoren, elkarrekin bazkaltzera joan ziren, Gallastegik gonbidatuta. Atanotarrek jende asko mugitzen zuten, eta Gallastegik ere bai. Zaleen artean lehia zegoen, baina pilotarien artean harreman oso ona». Alberto Juaristi Atano X.a-k kontatu du hori. Albertok 17 urte zituela, 1967 edo 1968an, erakustaldi desafioa jokatu zuen Gallastegiren aurka Errioxan, eta harrituta gelditu zuen 50 urterekin txapeldun ohiak zuen indarrarekin. Berak behin, baina askotan jokatu zuena Jose Mari bere aita izan zen, Atano VII.a. «Gallastegik zioen nire aita zela estuen hartzen zuen aurkaria, hark ere indarra zuelako. 1942an, buruz buruko finalerdia irabazi zion. Lagun onak ziren, eta errespetu handia zioten elkarri. Nire aitak zioen Gallastegi pilotari beldurgarria zela: ezker, eskuin... eta beti ondo prestatuta». Izan ere, Gallastegi izan zen lan fisikoa serio hartu zuen lehen pilotaria, eta pilota, nolabait, modernizatu zuena. Bere prestaketan, besteak beste, egunero aizkorarekin egurra hogei minutuz mozten zuen, eskuak lazteko. Mendi buelta eta korrika saioak ere egiten zituen.
Atanori irabazi ondoren beste bitan izan zen buruz buruko txapeldun, bietan Jose Luis Akarregi lagun minaren aurka. 1950ean, 22-15 irabazi zion, eta 1951n, 22-14 —1948an, finalerdia jokatu zuten eta Gallastegik 22-20 irabazi zuen 97 minutuko partida batean, haren ustez bere ibilbideko partidarik gogorrena izandakoan—. 1951ko finala jokatzeagatik, 1.000 pezeta jaso zituen Gallastegik, eta ondoren Eibarko bandari kalejirarik ez egiteko eskatu zion. «Jose Luis lekeitiarra zen, baina Eibarren bizi zen, eta lagun onak ginen. Ez nuen nahi harentzat iraingarria izan zitekeen ezer gertatzerik».
Ongintza jaialdi asko
Baina nolakoa zen Gallastegi? Hainbestekoa al zen haren agintea? Gutxi dira harekin profesionaletan jokatu eta bizirik dirauten pilotariak, eta horietako bat da Jesus Garcia Ariño, 1957ko eta 1963ko buruz buruko txapelduna. «Bederatzi edo hamar partida jokatu nituen, eta haren aurkari izan nintzen agurrean. Lehen aldiz harekin jokatu nuenean, 18 urte nituen, eta zabalean jarri ninduen, pilotari eskasei egiten zaien bezala. Eskuan esparatrapu zinta bat jartzen zuen bakarrik, eta pilota zakarrarekin garaiezina zen. Gogoan ditu bere txapa gainekoak zabalera, bueltatu ezinak ziren». Luciano Juaristik du orain bizirik dagoen buruz buruko txapeldun ohi zaharrena izatearen ohorea.
Enpresariekin izandako tirabirek diruzale ospe pixka bat eman zioten, baina guztiz aurkakoa zen, makina bat ongintza pilota jaialdi jokatu baitzituen: 1955ean Ondarroan hondoratu zen Maitane Arriola itsasontziko marinelen alde, hainbatetan Eibarko ospitalearentzat... 1951eko buruz buruko finala dohainik jokatzeko prest agertu zen enpresariek sarrern dirua behartsuei ematen bazieten. Eta erretiroa hartuta, 1960an, besteak beste, hainbat antzokitako enpresari izan zen. Eibarren ezagunak dira Amaia antzokian antolatu zituen bertso jaialdiak. Gallastegi euskaltzalea baitzen, eta oso gustuko zituen bertsoak.
Txapeldun handia oso ohikoa izan da pilotalekuetan azken urtera arte, eta gustuko zuen pilotari gazteekin tratua izatea. Ez zuen barkatzen urteroko buruz buruko txapeldun ohien bazkaria. Osasun onekoa ia beti, 90 urterekin oraindik autoa betaurrekorik gabe gidatzeko gai izan zen. Donostian bizi zen, eta astelehenean izango dira haren omenezko hileta elizkizunak San Vicente parrokian. Kristau fededuna, Arrateko Ama zuen kuttun. Jaungoikoak, nonbaiten existizten bada, bere tamainako aurkari bat du aurrerantzean pilotan aritzeko.