iritzia
Plataformak I
Hedoi Etxarte
Eta XX. mendearen nostalgiatik ez dira sortzen Gipuzkoako erresidentzietako borrokak, Bizkaiko etxeko laguntza zerbitzuetakoak, Tabakalerakoak, Azkoiengo baratzetakoak, jaka horiak. Gaurko erronkak. Baina ez bakarrak.
Amazon Primen eskari bat egiten denero erosleak kostuen azpitik ordaintzen du. Galdera da: noren kontura da merkeagoa? Plataformak azpiegitura digitalak dira. Plataformak bitartekariak dira bezeroen, iragarleen, zerbitzu emaileen, ekoizleen, banatzaileen artean. Internet munduko elektroindarraren kontsumoaren %9,2ren erantzulea da*. Hodeiak planeta irensten du. Hodeiak gizateria irensten du. Krisia hasi zenetik langabezia bikoiztu da AEBetan, eta epe luzeko langabezia %17,4tik %45,5era pasatu da. Mendebaldetik kanpora atera dituzte plataformek sosak (Apple %92,8, Microsoft %93,9, Google %58,7, Amazon %36,9): paradisu fiskaletara.
Hodeia: kapitalismoaren aldaera basatia, distopia. Googlek 60.000 langile dauzka, WhatsAppek 55 langile zituen 19.000 milioi dolarrengatik erosi zuenean Facebookek. Instagramek 13 zeuzkan 1.000 milioirengatik erosi zutenean. Konparaziorako, 1962an General Motorsek 605.000 langile zeuzkan. Ekonomia digital honek aberastasuna sortzen du, baina ez du banatzen. Lanak aberastasuna nolabait banatzen zuen. Bukatu da lana.
Kirolari lotutako ludopatiaz ardura dago. Bestelako ludopatiez, plataformetako erosketez, gutxi. Desira bat: *Nick Srnicen Capitalismo de plataformas/ Capitalisme de plateforme irakurri eta sozializatuko dugula. Hodeiak geure buruaz beste esklabo bat egin aurretik.