astekaria 2019/01/11
arrowItzuli

gizartea

Jauregia feminismoz biziberritzera

Maite Asensio Lozano

Jauregia feminismoz biziberritzera

Hona zaldiekin sartzen ziren, zalgurdi eta guzti. Eta hemendik jauregira igotzen ziren; uste dugu jauntxoek eskuineko eskailerak erabiltzen zituztela, eta zerbitzuko langileek, ezkerrekoak». Talka izenarekin bataiatu duten eraikinera sartu eta berehala halako azalpenak jasota, errazagoa da aurreikustea zer agertuko den begien aurrean hurrengo minutuetan: XVII. mendeko jauregi bat, garai hartako dotorezia hauts azpian ezkutatu ezinda; eta dozenaka gela, tximiniekin, kasetoidun sabaiekin, oihalez estalitako hormekin, beiratez apaindutako ateekin... Begien aurrean agertuko dira, era berean, dozenaka emakume, ur ontziak gora eta behera garraiatzen, edo erremintak eskuetan, edo palei heltzen. Urteetan utzita egondako etxe bat bizitzaz eta feminismoz betetzeko asmoz.

Gasteizko Alde Zaharrean abandonatuta dauden eraikin historikoetako bat da Alaba-Belasko jauregia. Arriagako Atearen ondoan, hamahiru urte egin ditu hutsik. Hiriburuko ehun feminista inguruk okupatu egin zuten abenduaren 15ean, eta gune autogestionatu ez-misto bat eratzen hasi ziren. «Gasteizen oso harro gaude espazio okupatu eta autogestionatu asko daudelako. Baina, hasieratik, feminismoa eta antikapitalismoa oinarri gisa izango zituen espazio baten beharra genuen: emakume, bollera eta transentzako leku bat. Geuk kudeatu nahi dugu, geuk lan egin; geure beharrak, nahiak eta gorputzak erdigunean jarriz», azaldu dute Talkako kideek.

Eraikineko korridoreen labirintoan ibiliz ikus daiteke espazioak zer aukera ematen duen: sotoaz gain, aretoz eta gelaz betetako bi solairu ditu, ganbara bat —horren parte bat zen garai bateko langileen bizitokia—, eta lorategia. «Leku pila bat dago hemen; beraz, edozein proiektutarako tokia dago. Kolektiboentzako gune bat sortu nahi dugu, bilerak egiteko leku bat izan dezaten, eta auzoko emakumeak ere erakarri nahi ditugu». Hasiak dira ekitaldi batzuk antolatzen: joan den astean bertso afari bat egin zuten, eta software askeari buruzko lantegi bat ere eman zuten. Halere, aurrerago joango dira egitasmoari forma ematen. «Prozesu kolektibo baten bidez adostu beharko ditugu gainerako oinarriak. Lehen egunetan konponketa lanei eman diegu lehentasuna».

Ez dute lan makala: eraikinak urteak eman ditu itxita, zikinkeriak estalita dago, eta gela batzuetako sabaia ere erorita dago. «Jabeek ez zuten zaindu, baina eraikina ez dago erortzeko arriskuan; hala berretsi digute arkitekto batzuek. Erabiltzeko moduan jarri nahi dugu orain. Hauts ikaragarria zegoen hemen, leihoak hesituta daude, denbora pila batean ez da airerik sartu, hezetasun handia dago... Lurreko egurra ikusterako, gutxienez hiru aldiz garbitu behar da».

Ikasketa prozesu bat ere izaten ari da etxea berpizteko lana. Espazio okupatuetan gizonek beren gain hartu izan dituzten jarduerak andreak ari dira egiten Talkan. «Sekulako sarea sortzen ari gara lanerako: iturginak, argiketariak, arkitektoak... Balio izan du guregana erakartzeko emakume langile horiek, elkar ezagutzeko; eta elkarrekin ikasteko nola aldatu entxufeak, nola jarri ura...».

Beste puntu bat agendan

Ia hiru asteotan, Gasteizko talde feministen eta proiektu autogestionatuen babesa jaso du Talkak, baina etorkizuna zalantzan du. Izan ere, politika instituzionalari begira, ez da une erraza Gasteizen okupazio egitasmo bat abiatzeko. PPk hainbatetan egotzi dio Gorka Urtaran alkateari «hiri okupa» bati bide ematea, Errekaleor auzoa husteko eskatu dionean. Gaia hiriko agenda politikoan dago, eta beste puntu bat gehitu dio Talkak, baita gaztetxean Urteberri egunean izandako atxiloketek ere.

Hala, Urtaranek berak galdegin zien jauregiaren jabeei okupazioa salatzea —jabetza pribatua izaki, udalak ezin baitu esku hartu—, eta hala egin dute. Bitxia da, dena den, ez dela jakinarazi nortzuk diren jabeak. «Inbestitzaile talde batek erosi zuen eraikina 2006an, hotel bat egiteko, baina egitasmoa ez zen bideragarria, eta albo batera utzi zuten. Ez dute eraikina zaindu, eta 2016an udalak eskua sartu behar izan zuen, konpontzeko», azaldu dute Talkakoek.

Behin salaketa jarrita, epaile baten aginduz baino ezingo dute eraikina hustu. Halere, feministek salatu dute tarteka udaltzainak joaten zaizkiela, «zirikatzeko eta mehatxatzeko». Hala gertatu zen ostegunean: «Sartzen saiatu ziren, bi aldiz. Identifikazioen aitzakia erabili dute, baina okupazioaren egunetik badituzte pertsona batzuk identifikatuak. Ez dugu ulertzen zertara datorren».

BERRIAn argitaratua (2019/01/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA